Hezur hiztunak, aktualitateko gaiek hauspoturiko antzerkia
Antzerki idazle gisa eskarmentu handikoak dira Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs. Ohikoa duten bezala, antzerki taldeen abaroan eta laguntzaz umotutako liburua da Hezur hiztunak, Hondamendia eta Nor naizen baneki antzezlanek osatua. Artedrama eta Axut! konpainiek elkarlanean ekoitziriko lanak dira biak, eta, beraien estiloari fidel, aktualitateko gaiek osatzen dute muina. Hondamendia, 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian izandako luizian, eta aste batzuk geroago mundua geldiarazi zuen pandemian oinarritzen da. Nor naizen baneki, aldiz, 2022ko azaroan Irulegiko aztarnategian jasotako aurkikuntzatik abiatzen da, antzoki baten indusketa arkeologikoaren bidez, erromatarren garaitik gaur egunera arteko gure historian arakatzeko. Osorik irakurtzen ahal duzu Ganbila bildumako azken liburuaren edukia.


