Umezaroko tratu txarren oihartzuna: Non dira haurrak?
Ganbila bildumako liburu berriak Jokin Oregiren bi lan plazaratu ditu, Non dira haurrak? izenburupean. Liburuko bi testuak ez daude kasualitatez elkarrekin: tonu eta paisaia tematiko ezberdinekoak badira ere, topa litezke loturak bien artean. Non dira haurrak? lanean (liburuari izenburua ematen dion horretan) tratu txarrak jasotako haurren ingurumaria, gurasoen presentzia sarri nahasgarria eta haurren barne mundu konplexua islatu ditu egileak. Eldarnio lanean mendia da protagonista, baina oinarrian gurasoen eta seme-alaben arteko loturaren tentsioa eta, sarritan, zama ere atzeman daitezke. Testuotan dramak eta gaiek eskatzen duten trinkotasunak protagonismoa hartu badu ere, gogora ekartzekoa da Oregik umorerako duen gaitasuna.


