Su txiki bat, Lisiperen 19.a
Zer kontatu digute ETAko militante izan diren emakumeen inguruan? Errelato ofizialek, mitoek eta fikzio jakinek erabat desitxuratu dute haien inguruko iruditeria kolektiboa: neskalagun txolinak, altzairu herdoilgaitzezko orkideak, eroak, suizidak; inozoak, besterik gabe. Eta horretan literaturak badu bere erantzukizuna: urtez urte imajinario hori elikatu eta finkatu du, emakume horiei ahotsa, agentzia politikoa eta oroimen historikoa ebatsiz. Euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala da. Eta horren azterketa egin du Lorea Azpeitia Antak Su txiki bat liburuan. Azpizenburua bera aski adierazgarria da: “ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at”. Bere doktore-tesirako landu eta ikertutako materialak hartu eta edukiz ongi hornitua den baina estiloan akademikotik gutxi duen kontakizunean aletu ditu Azpeitia Antak. 10 urte bete dituen Lisipe bildumaren 19.a duzu.

