Txillardegik lehen nobela argitaratu zuen 1957. urtean: Leturiaren egunkari ezkutua

Leturiaren egunkari ezkutua, Txillardegiren lehen nobela, 1957an Euskaltzaindiaren ardurapean, «Len eta orain» sortan argitaratu zenean, etapa berri bat hasi zen euskal-nobelagintzan. Horrela abiatzen du Leturiaren egunkari ezkutua aztertuz, Ibon Sarasolak 1975. urtean Kriselu argitaletxean plazaratutako Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza saiakera liburuko lehen kapituluko atala, Leturiaren egunkari ezkutuari eskainia.
Txillardegi eta Saizarbitoriaren lanei buruz idatzi zuen Sarasolak, “bi autoreok hautatu ditut nere ustez ziklo bat hersten eta beste bat irekitzen duten bi pauso dezisiboak direlako gerraondoko euskal nobelagintzan“.

Garaiko literatur kritikak
Idazlearen arnasa dariten liburu gutxi izan dugu orain arte gure artean: geienetan idazlea kanpoaldetik baizik ez zaigu agertzen, barnetik ez ordea. Txillardegiren liburu ontan aldiz, idazlea bera agiri zaigu oso-osorik bere esankizun, auzi ta gogoeta sakonetan, eta liburu au idazlea bera dala esan bear, ez estiloz bakarrik baita mamiz ta giarrez ere. Andima Ibiñagabeitiaren kritika Euzko Gogoa aldizkarian, 1957ko maiatzean bertan. Garai hartako hainbat kritika irakurriko dituzu Kritiken hemerotekan bertan.
Luis Mitxelenak berriz, honako berbok eskaini zizkion Txillardegiren lanari: “Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit. Ez dut uste oker nagoenik eta ez nuke inolaz ere oker egon nahi. Ate-joka dauzkagu dagoeneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak…“.
Esistentzialismoa ezbaian
Honela idatzi zuen Baztarrika’tar Iñakik 1957ko Jakin aldizkarian: “Entzuna nikan aspalditxotik idazle gazte batek “esistenzialista kutsuzko” eleberri bat argitara emanik zedukala. Irakurmin nengokan. Artu ta irakurri nikan. Iritzia eskatu zidatekan amaitu orduko. Zer eritzi jakin ez-ta geratu nindukan. Beste oei alako goraipamenak entzunda oker nengokelakoan geratu nindukan. Dana dala egiari zor gatzaizkiok eta itz-bitan adieraziko dikat nere irizpidea. Egia esan, naste-borraste bat-edo otu zitzaidakekan. Aria ondo eramana. Baiño arrunta xamarra… nere gardiz. Astuntxoegi ere ez oteduk? Maiz orrialdeak saillean pasatzeko gogoak ere ematen zidakekan. Irakurtzale porrokatu nauk izatez, batez ere elerti-filosofi gaietan. Ez dikat, bada, uste oitura-ezatik ditekeanik…”.
Txillardegik hurrengo aldizkarian erantzuteko parada hartu zuen, nola ez ba: “Esistentzalisten zerbait irakurria dudala ez dizut ukatuko. Lotsagarria al da bada? Bañan onek ez du ezer adierazten. Gaur Sartre, Unamuno edo Heidegger beñere ezagutu ez dituzten gazteak ere, gertuago daude alaz ere berengandik edozeñengandik baiño. Mendearen guraso dira esistentzalistak, bai; baña seme ere ez gutxiago. Txillardegiren erantzuna Jakin aldizkarian.

