Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza
1. ERABERRITZE PROBLEMATSU
1.1. LETURIA-REN EGUNKARI EZKUTUA
1.1.1. «Leturiaren egunkari ezkutua», Txillardegiren lehen nobela, 1957an Euskaltzaindiaren ardurapean, «Len eta orain» sortan argitara zenean, etapa berri bat hasi zen euskal-nobelagintzan. Urte hartan bertan agertu ziren Txillardegiren obraren lehen oihartzunak, euskal-literaturak ezagutzen ez zuen era batetan: Gandiagaren lehenetako poema bat, ia lehena, «Zurekin noa» izen burutzat duena, «Txillardegi jaunari» eskainia dago eta gaitzat hartzen duen gizona,
«Gizon-begi-goritu, gizon-jagi-zale, gizon-griñen-katigu, gizon-miñez bete...» Gizon:
Leturia da dudarik gabe. Halaber, Aurraitzen «! ...?» poema «Txillardegiri tamaltasunez» eskainia eta existentzialismo ongi ulertu gabe bat mostratzen duena, nobela honek idazleen artean izan zuen eragin ez-ohizkoaren lekuko da. Hildo berean, «Euzko-Gogoa» aldizkarian «Leturia-ren egunkari ezkutua» ri buruz agertu zen aipua ez zen izan beste nobelei egin zitzaienaren antzekoa: ohi zenetik zeharo kanpo, aldizkariaren orrialdeetan, 1956.go Uztaila-Daguenila (sic) alean, nobelaren «Negu» zatiko azken pasarteak argitara ziren. Bestalde, aldizkari berberean, 1957.go Orrila-Garagarrilla alean, bi kritika azaldu ziren, bat Ibinagabeitia'tar Andimarena eta bestea Etxaniz'tar Nemesirena. Bi kritikok nobelaren mamiaz ari dira, ez azalaz, euskal-kritikak garai hartan ohi zuen bezala. Azalari buruzko axolagabetasun hau Andimaren kritikaren perpausa honetan nahiko argi ikusten da: «Nobela au irakurtzean ez zait bururatu gramatika danik ere».
1.1.2. Obraren mamia. Zeren Txillardegiren lehen nobela, zerbait bada, mamitsua baita, hitzaren zentzurik hertsienean. Hain zuzen, hau dateke «Leturia-ren egunkari ezkutua»k euskal-nobelagintzara eta are euskal-literaturara ekarri zuen gauzarik garrantzitsuena. Kasu gehienetan ez azalaz eta ez mamiaz, eta bakan, batzuetan azalaz ia bakarrik arduratzen zen literatura batetan, Txillardegiren obraz eraberritze izugarri bat gertatu zen, aurrerago, 1964ean gauzatuko zen iraulketaren elementu inportanteenetako baten hasiera. Mamitasun hau nonnahi nabari da nobelan. Are gehiago, esan daiteke nobela intelektual baten aurrean gaudela. Horrela erreferentzi literario eta artistikoen numeroa izugarria da eta aurreko euskal-nobelagintzari buruz guztiz ohituraz kanpokoa: Gauguinen kuadroak (27. o.); Debussyren «Les jardins sous la pluie» (31. o.); «Marty» filma (52. o.); Gerard Bahr (65. o.); Shakespeare (66.o.); Kafka eta Amiel (74. o.); Budha (75. o.); Shakespeare (80. o.); Ortegaren «Don Juan» (86. o.); Freud (87.o.); Banquo eta Macbeth (88. o.); Gideren problema (89. o.); Homero (93. o.); Buda (103. o.); Paul Valéry (115. o.); Shakespeare (122. o.); Agustin Deuna (l23. o.); Euclides (l26. o.); Muntheren «San Mitxele'ko Istori»a (128. o.); Unamuno (131. o.); Lizardi (132.o.). Intelektualismo honen adierazlerik zuzenena, Leturiaren gogamenak hartzen duten parte ikaragarria da. Nobelaren lehen zatiak eta Pariseko pasartearen hasiera alde batetara uzten badira, gainerako ia guztia Leturiaren barne-problema azaltzera eta desarroilatzera dedikatzen da. Problema hau, L. Mitxelenak sarrera-hitzetan eta A.k «Peru Leartza'ko» ren hitzaurrean adierazten duten bezala, aukeratu beharrak sortzen duen larritasuna da, Alde honetatik, obraren argumentoa ez da Leturiaren ideak eta gogamenak adierazteko bide edo hildo ia soil eta huts bat besterik. Nobela «udalenean» hasten da. Miren-ganako maitasunak ateratzen du Leturia bere gogo-baretasunetik. Baina maitasun hark ezin du hase haren zorion-nahi metafisikoa. Parisera alde eginik, bere planteamoldeen hutsez ohartzen da azkenean. Argumentoak eta nobelak berak duen kutsu existenzialista nabaria da: egileak berak onartu du eta kritika aho batez mintzatu da honi buruz. Baina «Leturia-ren egunkari ezkutua» bere ereduak (Sartre, Camus eta beste zenbaiten nobelak) baino intelektualagoa da. Ez dugu Txillardegiren lehen obran haren «maisu»enetan bezanbat pasarte eta alde «ez-funtzionalik» aurkitzen: «Leturia-ren egunkari ezkutua»n ia guztia (ez dena baina bai ia guztia) funtzionala da, dena dago zuzenki obraren tesiaren (edo, hobeki, «mezu»aren) zerbitzu pean. Nobela funtzionalegia da, funtzionalegia nobela bat izateko. Horrela, obran agertzen diren bigarren mailako pertsonaiek, Sabinek, Kepak, Yonek, Mikelek, ez dute gauzatasunik berez, ez dakigu ezer haiez esaten dutena baizik. Eta esaten dutena, «esan behar dutena» da, noski. Bada, dena dela hemen atenuante bat, gogoan hartu behar dena, nobelaren alde: egunkari baten aurrean gaudela eta era honetako nobeletan zilegiztatzenago direla pertsonaien erabiltze hauk; «egunkari ezkutu» batetan ez du zentzu handirik pertsonaien deskribizioa egitea, zeren egileak bai baitaki nolakoak diren eta, «ezkutua» denez ez zaio beste inori axola. Beraz, deskribizio horiek ez dira kontagarri. Intelektualismo honek paisajearen ikusmoldea ere kutsatu egiten du. Paisajeak, adibidez, Gauguinen kuadroak eta Debussyren musika gogoratzen dizkio Leturiari, hots, erreferentzia kulturalak, ez bibentziak. Edo bestela, era honetako pentsamenduak:
«Zerubide» au txit da polita, parke guziak bezela. Ez dakit «Zerubide» ote den polita, ala «Zerubide» bera ez dena, ots, bere parketasuna.» (22. o.)
Noski ez dela guztia honela, baina joera hor dago eta, joera bezala, adierazgarria deritzaigu euskal-nobelagintzaren texto-inguruan.
1.1.3. Baina, nahiz gerora begira inportanteena izan, Txillardegiren obrak dakarren eraberritzea ez datza soilik mamiari ematen dion lehentasunean. Hain zuzen, «Leturia-ren egunkari ezkutua»ren aurretik argitara ziren nobela guztiak giro arrantzale edo nekazari baten, hots, zientzia ekonomikoak «lehen sektore» izendatzen duen produkzio moldea hezurmamitzen duen giro batetan desarroilatzen dira, Daskonagerreren «Atheka-gaitzeko oihartzunak»etik hasita, Etxaideren «Joanak-joan» arte. Are gehiago, I. Sarasolak adierazi duen bezala, aurreko euskal-nobelagileek sensibilitate-gabezia nabarmen bat mostratu dute giro urbanoa endelegatzeko. Hau argi ikusteko, aski da D.Agirreren «Garoa»n Nerbion inguruari buruz edo T.Agirreren «Uztaro»n Donostiako eta Zarautzko dantza- eta joko-etxeei buruz esaten dena kontuan hartzea. Txillardegiren lehen nobela honetan, berriz, lehen zatian bertan, giro urbano, batez inguraturik aurkitzen gara: parke batez, urmael bat duen parke batez, dantza-orkesta baten oihartzunak entzuten diren parke batez, hain zuzen. Leturia bera ere gizaki urbano bat da: irakurtzen dituen liburuak, ezagutzen dituen pintoreak eta musikalariak ez dira aurreko euskal-nobelagintzako pertsonaiek ezagutzen zituztenak; orduko 140 kilometro egiten duen tren batetan doa Parisa; bere leihoaren azpitik «automobilak eta motoak, «scooterrak» batez ere» pasatzen dira. Eta guzti hau ez da eraskin edo adabu bat nobelaren estrukturan. Aitzitik, Leturia bezalako pertsonaia batek eta bere barnean, bizi duen problematikak nahi-ta-ez eskatzen du horrelako ingurune bat, ez litzake hortik kanpo (nork imajina dezake Leturia giro baserritar batetan) justifikatuko. Argi dago, gainera, autorea giro urbano hau nabarmentzen ahalegindu dela, haren jokabidea ez dela oharkabea izan. Obran agertzen diren zenbait motibok (formalistek hitz honi ematen dioten zentzuan) giro urbanoa azpimarkatzeko funtzioa dute soilik, ezin daitezke beste ikuspegi batetatik esplika. Adibidez, «Cannes Club» delakoa (43. o.), «Marty» filma (52. o.), irratian entzuten den «Three Coins» kanta (47. o.) Nobelaren harirako beste edozein kantak berdin balio zukeen. Modan zegoen ingeles kanta hau aukeratzean datza, hain zuzen, kantaren funtzio urbanoa. Hildo berean, eztai batetan jotzen duen dantza-orkesta baten motiboak (27. o.) funtzio bikoitz bat du: alde batetik giro urbanoaren nabarmentze hau eta bestetik Leturiak ezkontzari buruz izango dituen burutazioei bide ematea. Baina argi dago burutazio hauk beste era batez, beste edozein aitzakiren bitartez eman zezazkeela autoreak: baina giro urbano bat adieraztea permititzen dion molde bat aukeratu du. Joera hau exhibizionismoaren antzeko zerbaitera heltzen da zenbait mementotan, (adibidez, honenbeste izen arrotz eta frantzesezko aipuak (93. eta 95. o.). Baina gertakari hau bere neurri zuzenean juzgatzeko, ezin da atera bere testo-ingurutik, hau da, 1955 inguruan euskal-literatura eta bereziki nobelagintza aurkitzen zen egoeratik. Txillardegiren obra egoera honen aurkako erreakzio bat (baina batera, halabeharrez egoerak berak markatzen zuen erreakzio bat) izan zen. Eta alde honetatik, aurrerago ikusiko den bezala, «huts» batez baino areago, alde positibo batez mintza gaitezke. «Udaberri» partean, 15.zatian, egiten den giro nekazari baten deskribizioa ere pentsamolde urbano batek taxutua da: hirigizon guztiek (eta, gauzak desitxuratuz, «600»arekin igandea pasatzera «mendira» joaten direnek) bezala, bakea eta irriberatasuna ikusten du Leturiak han, hots, baserritar batek sentitzen ez dituen (ezin sentitu dituen) gauzak.
1.1.4. Taxuketaren aldetik, nobelak zati ongi borobilduak ditu. Adibidez, Leturia Mirenez maitemintzen den prozesoan, ekilibrio ondo lortu bat nabari daiteke: «Udalen» parteko bigarren zatian neskatx bat azaltzen da:
«Ori idazten ari nintzala, aurreko iturrira alderatu da neskatx bat. Uraren ispillu igikorrera begira egondu da lipar batez; eta bere burua, ala urmaeleko ondo arritsua ikusten ote zuen, ezin esan dezaket nik, ametsetan bezelakoa bai-zuen begirada... Orretan zegoela, zakur aundi sendorra ondoratu zaio zaunkaka, bere zakurra nunbait, arri koskor bat botatzeko eskean. Ametsai bet-betan utzi neskak, lilluragunetik asmamena kendu, ta zakur ederrarekin joan da. Neri ez galerazteko egin dio kiñua, ta iturritik joaterakoan barkatzeko eskatu dit begiradaz. Ez da arritzekoa: gazte bat parkean idazten ez da askotan ikusi oi; ta berak ere alatsu uste zuen noski. Eta bakarrik utzi nau berriz, leen bezela, atzo bezela, zugaitzak eta txoriak nere lagun bakarrak ditudala. Itzali egin da eguzkia odei-tartean...» (29-30. o.).
Neskatxaren deskribizioa nahiko «normala» da, ez da nabarmentzen narrazioaren harian, neskatxa Leturiaren sentimenduetan nabarmentzen ez den bezala: neskatxa hori «neskatxa bat» da, ez besterik, oraindik, protagonistarentzat. Horrela, Leturia ez da Mirenez gehiago arduratzen hurrengo egunean berriro parkean azaltzen den arte:
«Onelako gogoetan ari nintzalarik, zakur aundi bat igaro zait ondotik. Lengo egunekoa ez ote? Alde guztietara begiratu dut, eta... berbera. Neskatxa Zerubide'tik nolatan zebillen ez nekien, eta orain ere ezin igarri. Alako eguraldi txarra izanagatik, andik zijoan ura, or zintzoa lagun, bidexka bustietan barrena; eguraldiaren txarraz kasorik batere egin gabe. Aren ondotik igarotzerakoan kezkatan ibilli naiz, kezka farregarrian alegia: agurtu bear nuen? Edo-ta, ez dut pentsatzeko beta luzerik izan, eta «agur» esan diot ia oartu gabe. Lotsatua gelditu da nunbait neska, urratsak arindu dituela bistan bai-zegoen. Zer egiten ote zuen berak? Piska bat kezkatu nau, egia esan. Polita iduritu zait oso polita. Ez dakit nola den ere; baña giro busti ta illun artan margo-lore bizia zen bera, ta gorri-zuri gozoa iñoiz ez dut sentittu gaur bezin garbi ta kilikagarri. Bildurtuta zebillelako bearbada, xamurra izan zait txoil aren begirada, ta guztiz berria. Nik bezelako kezkabide ta katramillak al darabilzki ausaz Zerubide'ko neska orrek? Zertarako aratzen da bestela orrenbestetan eta bakarrik? Trixterik eta uts-miñez al dabil ura ere? Neska andik lekuturik, joaten ikusi baidut, itsaso aldera abiatu naiz, talai aldera, ta orduntsu atertu du.» (33. o.)
Aurrerabidea nabaria da maila guztietan. Lehen pasarteak hemeretzi errenkada betetzen ditu nobelan, bigarrenak hogeitamar. Bestalde, bigarren pasarte honetan Leturia ez da deskribiziora mugatzen, ardura bat mostratzen duen neskatxarengana: polita dela ohartzen da eta zer egiten ote duen parkean galdetzen dio bere buruari. Zatia ez da «prefabrikatua»: zakurrak ateratzen du Leturia bere gogoetatik eta zakurraren bidez heltzen gara neskatxarengana. Pasarteko gainerako elementuak ere, hala nola agurrarena, ongi egokitzen dira egoerari, multzo harmoniko bat lortuz. Aurrerabideari jarraikiz, laugarren zatia osorik Mirenez ari da. Orain, Leturia «ez daki zenbat orduz» egon da parkean, «bera» ikusteko gogoa zuelako hain zuzen. Lagun batez baliatzen da neska ezagutzeko. Hemendik aurrera, nobela guztian Miren ez da Leturiaren gogotik urrunduko. Hizkuntzaren mailan, inolako iraultzarik egin gabe, (alde honetatik Txillardegiren eta Arestiren traiektoriak oso desberdinak izan dira), postura berri bat mostratzen zaigu. Txillardegik gauzak esan nahi zituen eta hori ezin egin zezakeen garai hartan nobelan erabiltzen zen euskara ofizialarekin. «Inpresio», «espasmoak», «sentsazio», «autentiko», «inautentiko» eta horrelako hitzak ez ziren euskal-nobelak erabiltzen zituenak.
1.1.5. Hauk izan ziren Txillardegiren lehen nobelak ekarri zuen eraberritzearen elementurik inportanteenak. Egia da lortu dituen frutuak ez direla denak maila gorenekoak izan, mamiaren mailan ez direla falta topikoak eta pentsamendu merkeak, eta espresioarenean ere, huts formal nabariak aurki daitezkeela. Baina orotara hartuta, Txillardegiren entsegua guztiz positiboa eta interesgarria izan zen, eta egin zen urtea gogoan hartzen badugu, dezisiboa euskal-nobelagintzaren gerorako. Zeren literatur-obra baten kritikan gauza bat dago ezin ahaz daitekeena: denbora. Literatur-lan oro denbora batetan ematen da, denborak markatzen du eta era berean denbora markatzen du. Ezin da denbora horretatik at aztertu. Behar bada, bere garaiari, bere garaiko beharkizunei erantzun bat ematea da literatur-obra baten betekizunik nagusiena. Hau izan zen, beharbada, «Leturia-ren egunkari eskutua»ren baliorik handiena: 1957an agertu zela. Baina Txillardegiren lehen nobela honek ez zuen izan espero zitekeen arrakasta. Esan daiteke lehenago aipatu dugun idazleen maila alde batetara utzirik, ez zela ia irakurri. Hau esplikatzeko azaleko arrazoi bat eman daiteke: argitaratu zenean, inork ez daki zergatik, 300en bat ale besterik ez ziren zabaldu. Gainerakoak etxe inprimatzailearen ganbaran geratu ziren, 1969an, ezorduan, zabaldu ziren arte. Baina, agian, bada arrazoi sakonagorik: ohizko euskal-irakurlegoa ez zegoen, beharbada, bakan batzuek ezik, holako obra batetarako prest, eta irakurlego berria ez zen tenore hartan oraindik osatu. Autoreak (hobeki, Leturiaren paperen «biltzaileak») berak esaten digu zein irakurle-motari zuzentzen den, «uda» zatian dioenean:
«Amaika dira au probatzeko [barne-egunkarien moda] aipa genitzazkenak; eta, agiritzat, irakurleak ezagutzen dituen (10) bi gogoraziko dizkiogu: Kafka ta Amiel.» (74. o.)
Hau izan zen bere «errua», edo, hobeki, garaiko euskal irakurlegoaren hutsa, zeren garai hartan Kafka edo Amiel ezagutzen zituztenak ez baitziren, ez, gure artean holako nobela baten arrakasta seguratzeko nahikoak.
1.2. PERU LEARTZA'KO
1.2.1. «Peru Leartza'ko», Txillardegiren bigarren nobela, 1960.ean argitara zen, lehena baino hiru urte geroago. «Domingo Agirre» sarira presentatua izan zen 1958.ean. Saria Erkiagaren «Araibar Zalduna»k irabazi zuen, «Peru Leartza'ko»ari aipu bat ematen zitzaiola. Txillardegiren bigarren nobela hau lehena baino erdi bat luzeagoa bada ere, bi nobelok gauza asko dituzte amankomunean. Biak lehen pertsonan idatziak daude: hauk dira, hain zuzen, gaur arte lehen pertsonan idatzi diren euskal nobela bakarrak. Bestalde, «Leturia-ren egunkari ezkutua»k euskal-nobelagintzara ekarri zituen elementuak «Peru Leartza'ko»n aurki daitezke berriro. Horrela, erreferentzi literario eta artistikoak hartan bezain ugariak eta gehiegizkoak dira honetan: Bergson (24.o.);Unamuno (26. o.); Gide, Hamlet (27. o.); «Thérèse Desqueyroux» (46. o.); Camusen «Atzerritarra», Gideren «Janari Berriak», «Thérèse Desqueyroux»i buruz gomentario bat (47. o.); Nagasaren «Milinda-panha», Gide, Camus (48. o.); Graham Greene (57. o.); «Figaro Littéraire» (60.o.); Teilhard de Chardin (70. o.); «Platero y yo» (78. o.); Gide (94. o); Gide berriro (97. o.); Sisleyren kuadroak (112. o.); Sisley berriro (139. o.); Nietzsche (139. o.); «Samyutta-Nikâya», «Milinda Pânha», «Visuddi Magga», «Dhammapada», «Upanishads» eta beste holako asko, Gide, Camus, Huxley, Malraux, Moravia «eta abar» (145.o.). Giro urbano baten adierazgarri formalak, «Leturia-ren egunkari ezkutua» koak baino nabarmenagoak dira: ofizina, «guatekeak»: «fox» eta «samba» rekin, «Cabiriaren gauak» pelikula, kabaretak («Baiao-Dancing», «Hollywood», «Soloarte», «Maitetxe» eta abar), Rosa Duclair eta Rita Smith delako kantariak, sasi-manpiresak (sic), whisky eta koktelak. «Peru Leartza'ko» ere nobela «mamitsu» bat da. Baina «Leturiaren egunkari ezkutua»ri aurkitzen genizkion akatsak hontan zeharo areagotuta aurkitzen dira. Nobelaren bitzaurrean A.k dioenez:
«... igarokortasunaren oiñazeak erdibitzen du Leartzaren biotza. Lanegin bearra sasi-kezka bat da: bereala ikasten du Leartza'k. Dana dijoa, dana iraungintzen da, dana ahaztutzen da; dana, ahatik, alperrik da. Danak dakarki gerora tristura eta dolorea. Orra or Leartza'ren irteera eta benetako kezka. Orra or liburuaren kakoa. Sustraiezko sentimentu orri, beste batzuk erasten zaizkio gero; eta au batez ere: gure nortasuna, gure «nitasuna», gure «ni» au, egiazkoa al da? Ez ote gera amets bildurgarri baten jopu?»
Ez dakigu nor ezkutatzen den «A.» horren atzean (ez ginake harrituko Txillardegi bera, zuzenki ala zeharka, balitz), baina uste dugunez, nobelan gauzak konplikatuagoak dira. Eta hauzi hau erabakitzeko obra da aztertu behar dena. Zeren literatur-kritika ezin da arduratu egileak egin nahi zuenaz, baizik egiatan egin duenaz, obran lortu duenaz. Autoreak edo bestek eman dezakeen pistek eta argitasunek azterbide-balio bat dute soilik, ez dute besterik obran egiaztatzen ez diren bitartean, Orobat esan daiteke hitzaurre bertan ematen zaizkigun justifikazioez:
«Aieru eta uste auek txit zabaldurik daude (...) Leartza-ren tentazioa guztiz egiazkoa da, gaiñerakoan. «Aita Taysmann jesuitak, etsistentzialismoaren eta budismoaren arteko gora-beherak xehetasunez aztertu ondoren, au dio: Joera bizia dago Europa'n budismoaren alde. Eta "ziorik sakonena auxe da: antz arrigarria dutela Buda'ren pentsakeraren joerak eta gaur gure erresumak astintzen dituzten pentsakera batzuk. Etsistentzialismo batzuk eta budismoak dituzten antzak ain dira aundiak, ezen batarekiko sentitzen dan atseginak bestera eramaten baitu".»
Guzti hau egia dateke, baina era honetako arrazoiek eta argudioek ez dute zer-ikusirik nobelarekin, eta, noski, ezin dute nobela bat justifikatu. Nobela baten justifikazioa, nobela bezala, obran bertan egon daiteke soilik.
1.2.2. «Peru Leartza'ko»k, estrukturaren aldetik, ez du taxuketa ongi finkatu bat. Egilearen hirugarren nobelan gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da ere honetan. Nobela Gandhiren aipu sintomatiko batez hasten da:
«Ezin diteke esan makiñak egiten ez genekienik; baiña gure asabak bazekiten arreta orrelako eginkizunetan jarri ezkero, jopu biurtuko giñala, eta Moralaren sena arras galduko genuela. Orrengatik, eta luzaroan gogoeta eginda gero, geure eskuen eta geure oiñen bidez egin ditezkean gauzak egitea erabaki zuten. Eta ez besterik.» (V o.)
Hau irakurri ondoren, badirudi makinismoaren aurkako obra baten aurrean gaudela. Hitzaurrearen zati batek ere horrelako zerbait adierazi nahi digu:
«Makinismoaren atsekabea eta iguiña, berriz, oso edatua dago gure artean. Gandhi, orregatik, beste bidearen aintzindari agertzen da; eta aintzindari aparta eta paregabea dan ezkero, askok senti dute sorkalderako deia.» (X o.)
Baina nobelaren lehen kapituloan beste problematika bat (azalean antzekoa baina sakonean oso desberdina) aurkitzen dugu: bere lana gustatzen ez zaion ofizinista batena. Ordea, arrazoiek maila honetakoak dira: Olejuaz (nagusi-ordezko topiko batez) sentitzen duen iguina, dirurik-eza... Horrela, ofizinatik ateratzean, hau da bururatzen zaiona:
«... Kontua eska (nolako atsegiña, Jainkoa) eta ara sekulan ez itzul; Zuntzarri'tik Ameriketa'ra joan; lan berri bat Zuntzarri'n bertan arki, eta Olejuari utz...» (4-5. o.)
Dirudienez, ez du lanaren kontra ezer. Ondoan datorren «guateke»an, «nolabait jolastutze arren, gauza arrigarriak» (6. o.) kontatzen hasten da, itxurei buruz batez ere. Ondorengo afarian Jainkoari eta fedeari buruz. Berriro, Monique dela eta, Olejuari buruz maila pertsonalean ari da. Gero, bizi zen tokiaz «Naiago nuen edozein gauza, zulo illun artan sartu baño» (17.o.). Lanari buruz ondoren:
«... Badator berriz ere eguneroko zurrunbilloa: jaiki, lanera, bazkaldu, lanera, gaua eta berriz ere dana. Beti bat. Goizean esnatu, eta arratsaldeko zazpietan gogoa; egun guzian bizi ezbaña iraun eta itxoegin. Eta zazpietan, berriz, bereala aspertu, zer egin jakin gabe askotan. Eta bereala gaua; eta afaldu bearra, eta abar. Eta berdin ere biaramunean. Bein eta berriz eta milla bider berdin. Astean bein atsedenalditxo bat igandekoa. Segundu motz bat; eta mende bat gero Olejua eramaten, paperak kopiatzen, txatxukeriak entzuten...» (21. o.)
Aurrera jarraituz, Xabierrekin hizketaldia, beste zenbait gauzaren artean, bizitzaren zentzuaz. Marinelaren pasartea, klaustrofobiaz eta haren ondorioaz. Hemen ere lanaren gaia azaltzen da, baina alde patolojiko batetatik ikusita, erotasunaren problema jeneralarekin bukatzeko. Berriro Olejuarekin istiluak, maila pertsonalean orain ere, sakonago jo gabe. Lanetik botatzen dutenean «libre negok» (42. o.) esaten dio Xabierri. Beste lan batetan hasten da «Beste erremediorik ez zegoen» (52. o.), lan hau ere ofizina batetan. Tenore honetan, sortaldeko erlijioek ezagutzen ditu. Lanaren problematika bizitze-mailan planteatzen jarraitzen da:
«... Lanetik oera, eta oetik lanera; besterik deus ez. Bizirik iraun arren, ni enintzan bizi. Illik nintzan eta neronek enekien.» (56. o.)
Ondoren datorren hizketaldia Xabierrekin, heriotzari eta heriotz-ondoari buruz da. Bat-batean eta besterik gabe loteria tokatzen zaio. Lana uzten du. Negozio batetan sartzen da, ia lanik egin gabe bizitzera uzten diona. Indiako erlijioez irakurtzen du eta «oreopitheko»az arduratzen da. Xabier hiltzen da: «Bapatean utsa iruditu zitzaidan nere sasi-pake erosoa; Allande Luzarraga ero bat, eta ni neu ere, zer? Utsa.» (81. o.). Lanean diru asko irabazten du, baina «zertarako dirua?» (88. o.). Allande bere sozioaren kritika:
«... Zertarako bizi zan? Erantzun errexa: dirua irabazteko. Eta dirua, zertarako? Ori bai txatxukeria: dirua dagoen gauzarik ajolatsuena dalako. Dirua da absolutoa, ots dirua da guzien kakoa, asiera eta amaia.» (91. o.)
Allanderekin haustea erabakitzen du: «Gure ondasunen jopu egiazkoak giñan.» (92. o.). Hauste hau nobelaren bi herenak pasa ondoren gertatzen da, Allandarekin duen elkarrizketa luze baten ondoren (pasarte honetan galaxien fotoez ere hitzegiten da). Gehiago lanik ez egitea erabakitzen du. Orduan (eta ez «bereala» A.-k dioen bezala) ematen zaigu aditzera hitzaurregilearen iritziz nobelaren giltza:
«...Orduan ikusi nuen garbi lehenengoz: etorkizunaz ez dakigu tutik, eta unea ustiatu bear da goitik behera: «aldi joana ezta itzultzen», eta galdutako era ere ez. Lanegin-bearra, berriz, ez da sasi-eginkizun bat besterik: Allande topatu arte enekien au. Eta, dirua? Dirua bear da ta... Lanegin bearra zigor bat da; baña ez lanagatik beragatik, geure burua eta geure egiazko prolema izkutatzen digulako baizik. Eta, zein da au ba? Onatx emen: denboraren igesa. Eta enuen geiago pentsatu: denbora arin dijoa, eta etorkizuna gaitza da berez. Erabakitzeko etzan besterik bear. Eta orrela bukatu zan nere lan-aldia.» (98. o.)
Orduan, «kasualitatez», Monique aurkitzen du, denboraren igarokortasunaren lekuko. Ondoren, burusoilaren pasartea, gizonaren animaliatasunaz. Amets bat, gazteriako oroitzapenak, mozkor-aldiak, etsipena, marinelaren heriotzea, gaxotasun bat... 125. orrian sonanbuloa dela konturatzen da eta, ondorioz, bere nortasunanen bitasunaz. Erotzen hasten da, amets bitxiak ugaritzen zaizkio, bere «oreopithekoaz» baizik ez du pentsatzen. Zituen liburuak erre ondoren, suizidio-ahalegin alfer batez bukatzen da nobela: «Burutik egiña dago. Eraman zazute emendik» (152. o.). Nobelaren gai-azterketan hainbat hedatu bagara, bidenabar obrak agertzen duen gai-ugaritasuna nolabait ikus-arazteko izan da. Alde honetatik, <<Peru Leartza'ko» «guztiaren summa» baten antzeko zerbait gertatzen da: ez da ia gairik nobela labur honetan ikuitzen edo aipatzen ez denik. Eta kondizio hauetan zaila da, oso zaila, nobela bat taxuz burutzea. Eta zailtasun hau areagotu egiten da autorea Txillardegi denean. Zeren «Peru Leartza'ko»n jabetzen baikara, hain zuzen, Txillardegik nobelista bezala nabaritzen dituen mugez eta limitazioez.
1.2.3. «Peru Leartza'ko»ko pertsonaiak topikoak dira, ia batere matizaziorik gabekoak. Olejuari, haserretzen denean, «sua dario begietatik» (2. o.); halaber, Barrota «su eta gar» (67. o.) jartzen da. Allandek, nagusi diru-zale batek esan behar dituen topikoak esaten ditu: ez bat gehiago eta ezta bat gutiago ere. Berdin esan daiteke beste pertsonaiez. Txillardegiren pertsonaiak, bigarren nobela honetan ikusten dugu klarki, ez dira egiazko gizakiak, baizik autoreak, nahi duen erara, nobelari sor zaion begirunea errespetatu gabe erabiltzen dituen gauzatasunik gabeko marionetak. Tesis aurreburutu bat desarroilatzeko bide artistiko bezala ikusten du Txillardegik nobela. Ikusmolde oker honen ondorioz, Xabier, Monique, Olejua, Barrota, Allande eta Peru bera ez dira tesis hori, gauzatzeko behar den argumentuaren eta egoeren sostenguak besterik. Hau da, aurrena, ez egilearen buruan bakarrik, baizik nobelan bertan ere, tesisa da: Pertsonaiak autonomiarik gabeko, «gorputz»ik gabeko iratxoak dira, autorearen borondatearen mendean nabarmenki daudenak. Pertsonaien pertsonatasuna ez da nobelagintzaren ondorioa, baizik aurretik erabakita dagoen zerbait. Ez gaituzte pertsonaiak tematikara zuzentzen, alderantziz baizik. Honekin, irakurle ohartu tesis batzuek «inposatzen» ari zaizkiola ohartzen da. Autoreak ez du hogeigarren mendeko nobela on batek eskatzen duen «objetibotasuna» lortzen. Hitz batez, esandezakegu hemeretzigarren mendean erabiltzen zen nobelatze-era baten aurrean gaudela, gaur egun guztiz desegoki eta desbidetuki gertatzen den era baten aurrean. Objetibotasun faltak dakarren astuntasuna nolabait gainditzeko, hots, irakurlearengan interesa sortzeko, espresionista deituko dugun desitxuratze batez baliatzen da autorea. Horrela esplika daiteke, adibidez, admirazio-zeinu hirukoitzen ugaritasun ikaragarria (narrazioaren mailako huts bat ortografiaren mailan konpondu nahi balitz bezala). Teknika hau, askotan, mamiaren aldetik oso ahulak eta azalezkoak diren hizketaldiak «salbatzeko» erabiltzen da:
«—Zergatik ez dute illak piztutzean ezer esaten beste mundukoaz? —Baña au ez duk il. Ortaz, etzegok zer miretsirik. —Noiz asten da, ahatik, eriotza? Noiz il da gizona? —Etzekiat. Baña miriku ori, segur egon adi, ez duk il. Etzekiagu nola egon dan, baña bere arimak ez dik gorputza utzi. —Baliteke —nik, eztenka gaiztoan. —Eskierki —berak—. Biotza gelditzea ez duk aski, nik uste. —Ilda gero utsera ba ginjoaz, ez genikek itzegingo. Ez al duk uste? —galdetu nion kezkatu naiean. —Ala duk —berak. —Eta biotza gelditu zaienak ez ditek itzegiten... Kezkatu egin zan. Bistan zan. Eta nik, biotza arintzen zitzaidala, eta amorruz beterik bezela orduan: —Eta Lazaro'k ere ez!!! Izutu egin zan Xabier.» (60-61. o.)
Helburu bera dukete nobelan agertzen diren era guztietako gehiegikeriek eta nabarmenkeriek, adibidez:
«—Nola zer? —ekiten zion Olejua'k nik baño ere goragotik —Nola zer? —lepoko zañak lehertzeko zorian aundituta—. Norentzat naukak, txoro orrek? Gaur bereon jakingo duk dana, alajainkoa! Baña bitarte ontan, nik agintzen diat emen. Etxe ontatik atera artean neu nauk burua, neu!!!... Eta "neu" esaten zuala, sekulako ukaldia eman nere maiaren gaiñean, eta autsi egin zuen. Zulo bat agertu zan...» (3. o.)
«—Adi zak —nik berari—, emendik aurrera egin zak ire ama eure oakide, baña nitzaz ez duk parrerik egingo!!! Eta, esate berean, sekulako ukaldia eman nion sudurrean, atzeraka lurrera botiaz. Eldu egin ninduten. Odoletan zan Olejua. Odola ikusita gehiago sutu nintzan, eta kolpe batez elduta ninduten bi lagunak jaurtiki nituen atzera, eta alki bat artu nuen bi besoez. Jotzera ninjoalarik berriz lotu ninduten lau edo bosten artean.» (36. o.)
Autorearen beste mugatasun bat, pasarte askok nobelan hartzen duten funtzio adierazlean datza. Txillardegik, pertsonaiez gainera, pasarte asko zuzenki tesisaren haria frogatzeko ezartzen ditu, hots, tesisaren boterea gertaeretara ere hedatzen da. Horrela, nobelaren hariari atxikiz, ez dakigu ongi nola ikusten duen Leartzak egiazko problema denboraren ihesa (98. o.) dela. Honen ondoren datorren zatian, «kasualitatez» (Frantzian bizi da eta gutienez duela bost urte ez dute elkar ikusi) Monique aurkitzen du Peruk Aduaga-Parkean. Halabeharrez, topaketa honetatik Peruk ateratzen duen ondorioa denboraren ihesaren froga bat da:
«... baña... etzan ura, etzan "nere" Monique. Au beste bat zan, denborak bilakatu zuena ain zuzen. Barne-zirrara sentittu nuen. Zenbat urte pasa zan alkarrekin ibilli giñanetik? Bost? Zortzi? Enekien. Enuen jakin nai. Etzidan berak ezer aipatu gure bolada artaz; baña atsegiña biok artzen genuela uste dut. Atsekabe atsegiña zan, gozo mingotsa; denbora pasea zalako tristura unkigarria. Ni enintzan "bere" Peru, ezta bera ere "nere" Monique; aiek biak illik ziran. Eta gure miña uraxe zan: betirako il giñalako segurantziari zegokiona.» (99. o.)
Zenbaitetan, nobelaren azken-aldean batez ere, pasarte osoa zatiaren amaieran ateratzen den ondorio ideolojikoak (hitzaren zentzurik zabalenean) justifikatzen du soilik. Bestela ez luke sentidurik izango. Hau nabarmenenik eta argienik buru-soilaren pasartean (103-104. o.) ikus daiteke. Aurreko zatian denboratasunaz mintzatu ondoren, honela hasten da: «Burusoil batekin itz egin nuen» eta buru-soilaren deskribizioa egin ondoren horrela bukatzen da lehen parrafoa: «... kiñu bat atera zitzaidan ziplo: alimalia soil baten burua nekusen». Zenbait gogoeta (bere bizitzeko oroitzapenez: buru-soila ez da ezertarako azaltzen) aditzera eman ondoren, horrela amaitzen du:
«—Eta alako zerbait zen ura ere: etzan illea, ille asko baizik, eta kontagarri; etzegoen alegia, adatsik edo mototsik: ille edo billo aleak ziran. Alimalia soilla zan gizona, ortaz, ille asko ez baña gutxi duena. Eta bere ataletan arpegia eta kaskoa ditu iguingarrienak. Zergatik ez dugu beraz bizarra aunditzera uzten? Obe genuke, gure alimali-larrutasuna pittin bat bederen estal zedin.» (103-104. o.)
Beste kasutan bezala, ondorioaren pobrezia intelektualak areagotu egiten du pasartearen efekto okerra.
1.2.4. Limitazio hauekin eta «Elsa Scheelen» aztertzean (han nabarmenago agertzen baitira) ikusiko ditugun beste zenbaitekin, oso zaila zen Txillardegirentzat «Peru Leartza'ko» ren tankerako nobela bat taxuz burutzea. Horrela, ezin esan daiteke donostiar nobelariaren bigarren obra hau nobela lortu bat denik. «Leturiaren egunkari ezkutua»rekin konparatzen badugu, diferentzia nabaria da. Lehen nobela hobeki egokitzen zen autoreak nobelari bezala erakusten zituen dohain eta limitazioei. Haiek hobeki probetxatzen zituen eta hauek (problematika homojeneoago batez baliaturik eta egunkari forma erabiliaz) ez ziren hain nabariki mostratzen. Bigarren nobelan alderantziz gertatzen da. Txillardegik ez du asmatu bere bertute nobelistikoak zentzuz ager-arazten eta probetxatzen, eta bestalde mamiaren ugaritasun itxuragabeak eta egoeren eta gai erabilien bateratasun faltak gainezka egin dio egileari, gainditu egin du momento askotan, gehiegitan gauza onerako. Honen ondorioz, irakurle ohartuak ez du, batez ere azken partean, nobelaren haria atxikitzen, ez du Peruren problematika seriotan hartzen, ia farregarri iruditzen zaio. Desitxuratuegia, arrotzegia, hitz batez, faltsoa gertatzen zaiolako. Zentzu hau dute gure ustez J. S. Martinek «Nobelarientzako oinarri batzuek» lanean dioena: «bera bizi ezten prolemak artu izan ditu, ta ori oso gaitza da ongi erabiltzeko». Hots, S. Martinen hitzok horrela hartu nahi ditugu (eta uste dugu interpretazio hau zilegizkoa dela): «Peru Leartza'ko» obra nobela-mailan ikusten badugu, badirudi egileak ez duela lortu nobela batek eskatzen duen egiantzekotasuna, eta bizi ez dituen problemez ari dela ematen du. Guzti honek ez du esan nahi Txillardegiren bigarren nobela honek ez duela ezer onik. Baina alde posotiboak, han-hemen aurki daitezkeen zenbait xehetasun eta diztira laburretara mugatzen dira batez ere. Bestalde, «Leturia-ren egunkari ezkutua» legetzen zuten elementuetatik bat (beharbada garrantzitsuena) falta da hemen: berritasuna. «Peru Leartza'ko» argitaratu zenean, asimilatuak zituen eta bereganatuak euskal-nobelagintzak «Leturia-ren egunkari ezkutua»k ekarri zizkion molde eta giro berriak. Beste pauso bat eman behar zen aurrera (kalitate-maila igoko ez bazen). Baina ez zen, ikusten dugunez, horrelakorik gertatu.
1.3. ELSA SCHEELEN
1.3.1. «Elsa Scheelen», 1968. urteko «Domingo Agirre» saria, Txillardegik orain arte nobela-arloan egin duen azken saioa, aurrekoak baino, askozaz anbiziosoagoa da. 1969an argitaratua, hots, «Peru Leartza'ko» baino bederatzi urte geroago, ez da, aurreko biak bezala, nobela labur bat. Nobela luze bat izan gabe, euskal-nobela luzeenetakoa da hirugarren hau, bigarrena baino bi aldiz eta lehena baino hiru aldiz zabalagoa. Bestalde, agiri dago autoreak «beste zerbait» egin nahi zuela, zerbait serioagoa, landuagoa, «egiaz-ko nobela» bat hain zuzen. Obra honetan eman nahi zuela nobelagile bezala orduan eman zezakeen guztia. Lortu duena hor dago, letra txikiko 248 orrialde horietan. Aurrerapena nabaria da, zenbait alderi dagokionez batez ere. Lehenik, kritikak aho batez aitortu duenez, hizkuntza-mailan. Eta hizkuntzaren aurrerabidea, haren alderik garrantzitsuenean gertatzen da: <Elsa Scheelem>en, euskara ahaltsu eta errekurtsoz bete bat aurki daiteke, bizitze modernoa adierazten aise dabilena, bortxa eta behaztoparen ia seinalerik gabe, naturaltasun nabari batez. Ez dugu hemen Erkiagagan aurkitzen dugun hizkuntza-problema, ezta ere «Peru Leartza'ko»n bertan ikus daitezkeen era honetako ezintasun-aitorketak:
«... Bazirudien, alde batetik, pelikula nagitan ikusten nuela Xabier, "Kamara lentan" alegia.» (83. o.)
Pausoa handia da, alde honetatik azken euskal-nobelagintzak eman duen handienetakoa. Hor dago, adibidez, lekuko, XII kapituluaren erdialdean ematen den entseiua, burgesia dekadentearen hizketa-moldeaz, euskaraz egiten den lehena.
1.3.2. Beste mailatan frutuak ez dira hain argiak. Formari dagokionez «Elsa Scheelen» nobela tradizional bat da. Hau ikusteko aski da narradoreak hartzen duen joera aztertzea. Nobela honetako narradorea (hirugarren pertsonan ari dena eta ez lehenengoan, aurreko bietan gertatzen den bezala) narradore orojakile deitzen dena da. Narradore orojakile honek, jainko batek bezala, xehetasun guztiak ezagutzen ditu, ezkutu guztiak agertzen ditu, pertsonaien baitara sartzen da, badaki zer egiten eta zer pentsatzen duten. Era honetako nobelatan (XX. mendea arte egin diren guztiak) irakurlea espektadore pasibo bat da, ez du bere aldetik ezer egiterik, esanik eta adierazirik ematen baitzaio guztia. «Elsa Scheelen»go narradorea, jeneralean, era honetakoa da. Pertsonaiek ez dute sekreturik berarentzat. Are gehiago, pertsonaiak baino gehiago daki memento askotan:
«... Baiña funtsean, eta Elsa ez zan huntaz ohartzen, ez zuen bere burua sendatu nahi, ez hau denen gaiñetik behintzat: Elsa'k zigortu egin nahi zuen Luc; ez ikusiaz eta ez kasorik egiteaz, Luc'engan pentsatzen zuen, zauritzeko itxaropen izpi bat irazeki nahi zuen.» (38. o.)
«... Baiñan ez zan hau lana uztera bultzatzen zuen inportanteena: bihotzean min haundia harturik ere, bestek hartaratu xuen. Zergatik? Bere igaroari buruz guztiz, arras, osotara, nahi zuen ebaki, errotik hautsi eta erauzi.» (71. o.)
«... Elsa ohartzen ez bazan ere, Vanden Broeck'en hitz legunak eta zurikeriak behar zituen: jostaketan ibilli uste zuen, baiña beharra sakonagoa zan: Vanden Broeck'ek fidantza berpiztu zuen Elsa'rengan, eta hunek bihotzez eskertzen zion; eri egon danak ikustera heldu zaizkionak eskertzen dituen gisa.» (73-74. o.)
«... Ematean zetzan Elsa'ren sendimendua, ez jasotzean. Hoztu egin zala iruditu zitzaion; baiñan ez zan hoztu, egia esateko, emalle biburtu baizik.» (128. o.)
«... Ba zegoen halere zerbait. Eta Pierre'k ez zekien, ez zuen uste, hobe.» (143. o.)
«Funtsean, egiazki, Elsa Pierre'ren arreba bizkia zan: biak hutsik, biak bidez nahasiak, biak hotzak dardar. Baiñan ez zekiten.» (195. o.)
Narradorearen botere hau zenbaitetan imajinagaitza gertatzen da:
Oihenart naparrarekin gogoz esango zukean Meunier flamendarrak kinka hartan: «Hiltzea gaitz da; gaitzago bana maite uken, eta ez maite izana...» (211. o.)
Bestalde, «Elsa Scheelen»go narradoreak nahi duena eta nahi duen eran kontatzen digu:
«Hortik aurrera bero jarri zen alkarrizketa. Gutxi gora-behera danak bat zetozten puntu batean: Brusela hondatzen ari zan; eta kakoa hortantxe zegoen: alegia, flandetarrak barne, atzerritar gehiegi.» (98. o.)
«—Bederatziak hamar gutxi besterik ez.! Eta ixiltasun bitxi hau halere... Igandea da, bai, baiñan... Eta hitz zantar bat erantsi zuen.» (114.o.)
Beste zenbaitetan, irakurleak berez ikusi behar lukeena adierazten dio narradoreak:
—Zer berri? —galdetu zion Vanden Broeck'ek «International School»etik irtetzerakoan. —Gaur ez nago presaturik. —Hara. Lanak amaitu? —Dana azalduko dizut. Nahi duzu berriz Ixelles'ko aintziren ondoko «Les Etangs»enera joatea? Vanden Broeck ez zan makala bere ehize-lanean, eta emakume eder haren begietan diztira berri bat antzeman zuen (77. o.)
«—Gabon Suzanne. —Gabon. Nork esan dizu nere izena? Ez dut uste gaur baiña lehenago hemen ikusi zaitudanik. —Kanpoko zuen aingeru zaindariak salatu dit. —«Aingeru zaindaria» esan duzu? Hemen ez dago gutzaz kanpoko zaindaririk; eta aingerurik... Emakumeen mordora begiratu zuen Suzanne'k, eta hau erantsi: —Horra hor hemengo «aingeruak». Ez dut ezer ez asmatzen eta hanpatzen: «Tu es un ange» hitzak maiz entzun dituzte pareta hauek... Hitz desegokiak esan zituela iruditu zitzaion Pierre'ri: zalantzarik gabe ez zan giro haietan «usatua», eta ezagun zan.» (219. o.)
«—Hemen nauzu, ba —erantzun zuen Pierre'k, oso herabe— lanera etorria hobe. Piperrik gabeko esaera hau, motela, geza, ttattala, hutsa, eta nahi dan guzia iruditu zitzaion Pierre'ri.» (169. o.)
Pasarte hauetan narradoreak «ez zan makal bere ehize-lanean», «ezagun zan» edo «piperrik gabeko esaera hau» esaten digunean, badirudi irakurlea tontotzat hartzen duela, ez baita bere ustetan elkarrizketan ematen denaz ohartzeko gauza. Noizean behin narradoreak bere iritzi pertsonalak ematen dizkigu, narradore baino zerbait gehiago bihurtzen delarik. Horrela, Elsak Vietnamez ari den irratia itzaltzen duenean:
«... Ez, iñolaz ere, berri horiek mendrenik ere nazkatzen zutelako; edo gezurrezkoak iruditzen zitzaizkiolako. Ez. Horrelakorik ez zitzaion burutik pasa ere. Ez zuen pentsatu, era berean, Viet Nam dala azken urteetako lotsa nagusia eta hilketarik ahalkegarriena.» (10. o.)
Argi dagoen bezala, Vietnameko gerraz ematen zaigun iritzia narradorearena da, ez Elsarena. Zenbaitetan narradoreak bere jokaera orojakile hau baztertu egiten duela dirudi, batez ere galderen teknikaren bitartez. Adibidez:
«Zer zan hura? Eta, pakea zertarako? Eguraldi bikain hura zertarako? Igandeetako astia zertarako? Itsu-une labur hura gaindituta, hodei zabal, goibel eta bakar bat ikusi zuen [Elsak] berriz, zeru goia ia guztiz estaltzen zuelarik, bere zabalera nasaiean barrena beti bat: txuriska, kolore-litsik gabea.» (113. o.)
Baina argi dago galderak ez direla narradorearenak, Elsarenak baizik: erantzuna ematen ez bazaigu ez da narradoreak ez dakielako, baizik nobelaren hariari ez dagokiolako.
1.3.3. Nobelatzeko era tradizionalaren beste bereizgarri bat <<pentsamendu lojiko» deritzana da. Molde honetan, pertsonaien pentsamenduak lojikoki, lojikaren hariak gidaturik desarroilatzen dira, kontzientziaren kontrol oso baten pean. Horrela:
«Jendea aspertu egiten da —zion Elsa'k berekiko—. Ni neu ere aspertu egiten naiz; baiña Pâquerettes'era etorri arte ez nekien. Orduan Luc falta zitzaidan, haurrak falta zitzaizkidan, gauza askoren gabea nabaitzen nuen. Gaur, aldiz, dana sobera zait, mundu osoa zait gehiegizko eta larregi».
Eta aurrera ekin zion gogoetari:
«Nere bakardadea, eta beste horien jokoak, Coca-Colak eta ekintzak; sasi ezkertarren erreboluzio-nahia eta kabaretak, mistika eta ordikeria, funtsean orobat, katramilla izkutu berberaren ondorio dira: denboraren igaroaren ito behar ixilla eta aitortu-eziña uko egiteko moduaz. Ez du gizadia denboraren ixuri etengabeak izutzen. Areago lazten gaitu denbora huts aspergarri hau bete behar hertsiak. Denbora polikiegi igarotzen da: horra kakoa. Nere bakardadea nabarmena da; besteena itxuretan diximulatua. Funtsean biak gauza bera.» (118. o.)
«—Ederra litzake, bai —zion Pierre Meunier'ek berekiko—; ederra izan zan benetan neretzat sinistu nuen artean... Baiña gaur fedea galdu dut... A. Martin'ek arrazoin guzia luke, egia balu! Federik ez dugu: xuxen ikusten du gure akatsen erroa. Ex dut nik federik, noski; baiña nere hamar lagun hauek ere ez. ia iñork ez: horra hor egia... Zergatik ez, ordea? Kristau belburuak ez ote dira amets eder huts bat? Pablo'k garbi ikusi zuen hau orain dala hemeretzi mende: "iñoiz piztuko ez bagera, alperrikakoa da gure fedea". Piztuko ote gera, beraz? Nork siñisten du hortan egiazki? Ipuiñak! Gauza ageria da, nere ustez, heriotzarekin batera bukatzen dala gure bidaia egitekotsu hau. Buruz ikasi ditudan hitzak zaizkit egia...» (192. o.)
Ikus daitekeenez, kausa-ondorioz moldatutako pentsamendu-hari hau areago egokitzen zaio saiaera bati giza-pentsamendu espontaneoaren gauzatzeari baino.
1.3.4. Baina «Elsa Scheelen»en hutsik larrienak, beharbada, estruktura-mailan aurkitzen dira. Badirudi egilearen asmoa emakume baten gora-beherez eta pertsonalitateaz aritzea zela. Hori ematen digute aditzera, besteak beste, obraren izenburuak berak eta eskaintzak. Baina nobelan ez daude gauzak hain argi, zeren, Jose Azurmendik ikusi zuen bezala, «Elsa Scheelen»en bi «nobelaren» aurrean gaude. Lehendabizikoak Elsa du protagonistatzat. Bigarrenak, hemezortzigarren kapituluaren inguruan hasten dena, Pierre Meunier apaiza. Nobelaren lehen partea Elsaz ari da eta mundu narratua Elsaren bitartez ematen du narradoreak aditzera. Jokaera hau oso gutitan baztertzen du: 21. orrialdearen bukaeran narradorea Lucen baitan sartzen da honen gogoetak zuzenki aditzera emateko. Orobat gertatzen da 72.ean De Rijke medikuarekin. Baina horrelakoak salbuespenak dira: beste pertsonaiak gehienetan Elsaren bitartez ikusten dira. Horrela, adibidez, Elsaren ama:
«... Bañan amak ezer esan ez bazion ere, zerbait somatu zuela gauza ageria zitzaion. Elsa' ri; eta geroztik bildur zan Mons'a agertzeko, eta ez zuen bihurtzeko kemenik.» (40. o.)
Nobela, Elsa eta haren senar Lucen arteko harremanak Elsaren aldetik adieraziz hasten da. Elsa, bere senarrak enganatu egiten duela jabetzen da. Bi eta hiru kapituluetan «flash back» batez bien harremanen historia esplikatzen zaigu. Hurrengo kapituluetan matrimonioaren krisisa, haustearekin bukatzen dena, kontatzen da. Elsaren familia ezagutzen dugu ondoren. X eta XI kapituluak Jean Van den Broeck-ekin duen abentura batez ari dira. XII.a, Antoine Vanhammerekin duenaz. Ondoren, nobelaren ritmoa ahulduz doa eta narrazioa astunki aintzinatzen da. Elsa pertsonaia ez da aurreratzen, ez dugu progresorik, gertaera, egoera eta pentsamenduen akumulazio bat baizik. Ondorioz, irakurle ohartua Elsaz aspertzen hasten da. Baina Elsaz ez da irakurlea bakarrik aspertzen: Autorea bera ere aspertu egiten da, ez daki zer egin Elsaz. Horregatik, XVIII. kapitulutik aurrera estruktura-aldaketa funtsezko bat gertatzen da: mundu narratua Pierreren bitartez ematen da eta, Elsa gabe, Pierre da aurrerantzian nobelaren egiazko protagonista. Ondorengo kapituluak Pierreren pertsonalitatearen desarroiloa gauzatzera dedikatzen dira, adiskide Jeanekin dituen elkarrizketen, apezgoaz dituen kezken, Elsarekin dituen gora-beheren, bere aitaren heriotzaren eta ondoren egiten duen erretiroaren adierazpenaren bitartez. Parte honetan narrazioa Elsaren bitartez ematen denean ere, Pierreren funtzioan egiten da, Pierre da, nobelaren amaiera arte, obraren sostengatzailea. Bestalde, autoreak hobeki taxutu eta itxuratu du bigarren pertsonaia hau, borobilduagoa eta lortuagoa aurkitzen dugu. Autorea erosoago moldatu du apezgoa uztea erabakitzen duen gizon intelektualki eta bibentzialki hain deserrotu honen irudia gauzatzen, problema azken finean sentimentalak dituen emakume hari gorputz ematen baino. Hau ongi nabarmentzen da nobelaren bukaeran: Pierreren «amaiera» askozaz ere hunkigarriagoa gertatzen zaigu Elsaren heriotzea baino.
1.3.5. Gainerakoan, bi aurrekoetan aurkitzen genituen akatsak hirugarren honetan ere aurki dezazkegu. Hemen ere erreferentzi literario eta artistikoen numeroak betiko Txillardegiren nobela baten aurrean gaudela gogoratzen digu. Horrela, besteak beste, Baudelaireganik hartutako hemezortzi lerrotako aipua eta batez ere Pierrek, sintaxis-duda bat ere gabe, aburuz ikasi dituen hitzak», 24 lerro betetzen dituztenak. Dialogoari dagokionez, aurrerabidea nabaria da zenbait mementotan. Bestalde, «Peru Leartza'ko»n hain bitxi gertatzen ziren admirazio-zeinu hirukoitzak, nobelaren azken orrialdeetan ezik, ia desagertu egiten dira. Baina, jeneralean, ez da doinu deklamatorioa eta desarroilo diskurtsiboa gainditzen. Horrela, solasaldi askok teatrozkoak dirudite:
«—Gabon, denoi —Elsa'k, mokanesa beti musuan. —Gabon —bi aldiz entzun. Azalpen bat emateko beharra nabaitu zuen Elsa'k: —Barka zazute nere itxura hau. Ez pentsa, batez ere, agiri diran betazpi heze hauek tristurazko negarren seme diranik. Amorruak eragin dizkit malkoak, benetan. Ni baino azkarragoa izan da bihotzaren ukoa; eta burubideari nagusitu zaizkio.» (131. o.)
Obraren estiloa, bestalde, nahiko anarkikoa da. Adibidez, narradorea baztertuz narrazioa Elsaren egunkiaren bitartez aintzinatzen denean, nobelaren ritmoaren ahulezia nabariagoa egiten da, estilo-aldaketa ez-justifikatu honen ondorioz.
Txillardegiren hirugarren nobelaren balantzea egitea ez da gauza erraza eta, beharbada, oraingoz, taxuz egitekotan, ezina. Beste ingurune batetan (nobelagintza desarroilatu bat duen literatura batetan) erraza izango litzake era tradizionaleko obren zenbait bertute eta akats gehienak dituen nobela bat juzgatzea. Ez, ordea, gure artean. Dena dela, handik bi hilabetetara argitara zen beste nobela baten azterketak argi eman dezaiguke, besteak beste, puntu hau ere zuzenkiago ikusten.
Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza |