Lau milioiren ebasleak
Krimenen ikerketa kontakizunak gure literaturan Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen eleberriko Martin Garaidi detektibearekin abiatu ziren (1955, Itxaropena). Bigarren polizia-nobela Mariano Izetari zor diogu: Dirua galgarri (1962an, Auspoa), orain dela 50 urte plazaratua. Leblanc enpresako burdinkutxan lau milioi gordeta daude, biharamunean langileei soldatak ordaintzeko. Diruok ebasteko asmoa dute Beltzak, Piztik eta Mainkerrak: “uste dut hamaikak aldera izanen dela ordurik hoberena. (…) Aise sartuko gara leiho ttipi batetik eta behar den bezala eginen dugu gure lana”. Lapurreta ikertzera Claudet komisarioa etorriko da, baina lapurretaz gainera hilketaz ere arduratu beharko du. Klasikoen Gordailuan jasoa duzun nobela hau ebook moldean ere irakur dezakezu, eta faksimilea Euskaltzaindiak emana du sarean. Genero honetako hirugarren eta laugarren nobelak 1964an idatzi eta 1967an argitaratu ziren: Txomin Peillenen Gauez ibiltzen dena eta Oskillasoren Akatsbako gizonaren heriotza.