Ots 07 12

Charles Dickensek 200 urte

Gaurko egunez, duela 200 urte jaio zen Charles Dickens idazle ingelesa, 1812ko otsailaren 7an. Esan ohi dugu literaturak ez dezakeela errealitatea aldatu, baina Dickensen kontakizunek injustizia sozialak salatu zituzten, arrakastatsuak izan ziren haren liburu, hitzaldi eta irakurketa publikoak, eta eragin handia izan zuten Ingalaterra industrializatu berriaren erreformetan. Bleak House (1852), Hard Times (1854), Little Dorrit (1855) eta beste eleberri andana baten egilearen liburuetatik batzuk baditugu euskaraz. Garai latzak nobela, Javi Cillerok itzulia, 1994an agertu zen Literatura Unibertsala bilduman, xehetasun ugariko hitzaurre batekin. Edo Opor eleberria, Elkar etxearentzat 1998an Xabier Mendigurenek egina. Alabaina, Dickensen obretatik euskaratutako lehena Luzearri zor diogu: Eguarri abestia, 1931ko martxo-apirilean 25 emanalditan El Dia egunkarian plazaratua (2003an Inazio Mujikak apailaturik EIZIEk berrargitaratua). Kontakizun hori, A Christmas Carol, birritan itzuli izan da gero: Gabon kanta bat Xabier Mendigurenenek (1990); Eguberri kanta Nerea Mujikak (2003); eta Iñaki Mendigurenek ere egin zuen bertsio labur bat 1993an. Moldatu edo laburtuak dituzu, bestalde: David Copperfield, Oskillasok egina; Oliver Twist, Iñaki Zubirik. Eta Juan Garziak Seinalaezina narrazioa euskaratu zuen Ipuin gogoangarriak bildumarako (Erein, 1997).

Agenda

Efemerideak

Kritikak