Gabriel Arestik euskaratutako Internazionala osorik
2023ko urriaren 14an 90 urte beteko dira Gabriel Aresti Segurola jaio zela. Efemeridea ospatzeko asmoz, Gabriel Arestik itzuli baina azken lau hamarkadetan itzalean geratu diren Internazionalaren bertso batzuk ekarri ditugu.
1971n, bi arrazoirengatik, birritan itzuli zuen Arestik Eugène Pottierrek idatzi zuen Internazionala. Lehenengo aldiz, Natxo de Felipe musikariak eskatuta, Jesus Mari Begoña militante politikoaren kontrako epaiketan abesteko itzuli zuen. Itzulpen hura, Literatura lanak bildumaren 8. liburuan argitaratu zuen Susak 1986an.
Bigarrenez, handik gutxira, Natxo de Felipek berak berriro eskatuta itzuli zuen. Hain justu, 1971. urtean Parisko Komunaren mendeurrena zen eta baita L’internationale abestiaren sorreraren mendeurrena ere. Garai hartako EMK-k (Euskadiko Mugimendu Komunista) bazuen kantu iraultzailearen bertsioa ezagutzera emateko asmoa. Natxo de Felipek 1971ko martxoko China Reconstruye aldizkari txinatarrak eta beste hainbat informazio bidali zizkion Gabriel Arestiri. Itzulpen hura, handik sei urtera, birritan ekarri zen paperera: 1977ko ekainaren 12an paskin gisa Bilbon Euskadiko Ezkerra hautes-koalizioaren ekitaldi batean (EMK, EIA eta Euskal Komunistak elkartu ziren) eta urriaren 1eko Anaitasuna aldizkarian.