Geure gelatik liburu azoka Azkoitian
Maxixatzen Euskara Elkarteak Geure gelatik izeneko liburu azoka antolatu du Azkoitian apirilaren 1etik (ostirala) 3ra (igandea) bitartean, emakumeek literaturan, kulturan eta bereziki liburugintzan egiten duten ekarpena balioan jarri eta bistaratzeko asmoz. Lehenengo egunean Arantxa Urretabizkaia idazleari Ibilbidearen aitortza egingo diote Juan Luis Zabala idazlea izango da aurkezlea. Larunbatean -apirilak 2, 12:00etan- Irati Jimenez idazleak Begiak zabalduko zaizkizue saiakera aurkeztuko du lehenbizi eta arratsaldean berriz Eider Rodriguez Eraikuntzarako materiala nobelari buruz arituko da solasean Iñigo Aranbarrirekin. Larunbat arratsaldean Goiatz Labandibar idazleak Amez liburua aurkeztuko du. Igandean -apirilak 3- azkenik, Gema Lopez itzultzaileak Edna O’Brien idazlearen Landa aldeko neskak aurkeztuko du eta eguerdiko 12:00etan. Azkoitiko Geure gelatik azoka amaitzeko emakumeek idatzitako liburuetatik aukeratutako testuen irakurketa. 25 lagunek irakurriko dute. Susa argitaletxea liburuekin, eta idazleak ondoan direla, bertan egongo da asteburu osoan.