Hain da triste la vie de l’artiste
Pott aldizkariaren azken alea Pott Tropikala izan zen, duela 30 urte 1980ko ekainean plazaratua. Editorea Jose Irazu eta biltegi arduraduna Joxemari Iturralde zirela, 88 orrialdeko aldizkari handi eta eder haren bi mila ale inprimatu zituzten, izenburu bereko bi hitzaurrerekin: Hain da triste la vie de l’artiste. Lehen hitzaurrea asmo berriez ari zen: “Beti egongo da, orrialde hauetan zehar, lan monografiko bat, gutxienez bat, eta gaur Praga eta Pragako idazle eta giroari buruz bezala, bigarrenean pinturaz luzatuko gara”. Baina ez zen aldizkari gehiago izan. Segidako hitzaurreak bazuen abisu moduko bat azken lerroetan: “Pott Tropikala honetan, ikusten duzuenez, material pilo bat sartu dugu, apika gehiegi. Baina horrek arrazoi bat du: inork ez daki hemen bihar edo etzi bizirik segituko duen, eta jakina, testamendua utzi nahi dugu. Daukagun guztia ahalik eta lasterren bota, zizareak jan gaitzaten baino lehenago”. Pott Bandak sei aldizkari eta Bernardo Atxagaren Etiopia poema liburua argitaratu zituen 1978-1980 urteetan.