Pott aldizkaria duela 25 urte
Orain dela 25 urte, 1978ko martxoan, ezagutu genuen euskal literaturako banda ezagunenetako bat: Pott aldizkariaren lehen zenbakia, Pott Bandaren Berriemailea, argitaratu zuten Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Manu Ertzila, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikak. “Bi hitzetan adieraziko dizuegu zertan den geure konplotta. Editoriale bat egiteko bildu gara Bilbaon (…) Bitartean, hau bezalako panfletoen bitartez jakinen duzue gutaz“. Editoriala ere iragarri zuten, Gabriel Arestik itzulitako T.S. Elioten “Lau Cuartetto” liburuarekin abiatzekoa zena, baina Atxagaren “Etiopia” izan zen plazaratutako bakarra. Aldizkariak beste bost zenbaki izan zituen, eta hainbat idazleren abiapuntu izan zen. Fidel Azkoaga, Mariano Arsuaga, Jose Luis Longaron, Gonzalo Etxebarria eta Kapo izan ziren aldizkarietako marrazkilariak, eta Remigio Mendiburuk sortu zuen logotipoa. Lehen zenbaki haren faksimilea ikus eta irakur dezakezue Interneten, eta aldizkari guztiak Literatur Aldizkarien Gordailuan.