Castelao omenduko dute Bilbon
Alfonso Daniel Rodriguez Castelao literatura galegoko maisua omenduko dute otsailaren 15ean (larunbata) 12:00etan Bilboko Txurdinagako parkean. Hil zela 53 urte bete dira (1950eko urtarrilaren 7ko iluntzeko hamaikak bost gutxitan) eta urtero omentzen dute Euskal Herrian bizi diren galiziarrek. Euskal Herriko Galiziar Etxeen hermandadeak antolatutako ekitaldi honetan Xose Estevez pasaitar galiziarrak Cantiga galeuscana do chapapote irakurriko du jendaurrean. Lore eskaintza egingo diote ostean, bere omenez eraikita dagoen oroitarriaren parean.
Castelao museoak eta bere biografia eta bibliografiak idazle galiziarra ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an: Zirtzilak – Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailatua.