Urr 12 18

Ineko Sataren Galtza pare bat

Aitak hemezortzi urte zituen, amak hamabost, Ineko Sata jaio zenean. Nagasakitik Tokiora egin zuten, eta han, gurasoak bezain goiztiar, neskatoa zelarik hasi behar izan zuen jatetxeetan zerbitzari. Horrela ezagutu zituen idazleak eta unibertsitateko irakasleak. Haietako bat, Nakano Shigeharu, gidari literarioa izan zuen luzaz. Hemezortzi urte zituela hasi zen Roba (Astoa) aldizkari aurrerazalean kolaboratzen. Handik harat, Ineko Sataren lanek —nobelek eta ipuinek batez ere— pausoz pauso jarraitu zuten Japoniaren historia eta, bereziki, langile klasearen historia: autobiografia fikzionatu bat, askotan. Alderdi Komunistako kidea eta kanporatua, berriro kide eta berriro kanporatua, bizi osoan damutu zen II. Mundu Gerran azaldu zuen jaidura nazionalistaz. Gerraostean, Emakume Demokraten Klubaren sorreran egon zen. Nortasuna zeukan Ineko Satak. Emakume, langile, dibortziatu, militante, guraso… koktel sozial eta humanista ederra da bere obra luzea, errealismo sozialista aberastu bat modernismoz eta feminismoz. Urriaren 12an 20 urte beteko dira idazle handi eta ezezagun handiago hau hil zela, eta mendebaldeko hizkuntzetan atzeman ahal izan dugun ipuin bakanetako bat eskaintzen dizuegu frantsesetik ekarria, 1951n argitaratutako Zubon o kai ni (Galtza pare bat erosten), aipatu ditugun ezaugarrien eredu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak