Antzerti aldizkaria Armiarman
Xabier Lizardik jarri zion izena: Antzerti. Ixaka Lopez Mendizabalek moldiztegia eta babesa. Eta gogoa eta gidaritza Antonio Maria Labaienek. Eta halaxe, 1932ko urtarrilean hasita, 1936ra bitartean, 54 zenbaki (hainbat bikoitzak) plazaratu zituen Antzerti aldizkariak, euskal antzerkigintzaren erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. 46 obra bildu zituen, antzerki lanak, bakarrizketak, hizketaldiak. Euskarazko jatorrizkoak gehienak, baina baita euskaratuak ere. Eta garai hartako izen ezagunak: Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Andoni Arozena, Antonio M. Labaien, Tene Mujika, Joseba Zubimendi, Jose Markiegi…
Artean Antonio M. Labaien bera aurkezpena egitera animatu zela, 1982an berpiztu zen Antzerti aldizkaria, Eusko Jaurlaritzako Antzerti Eskolaren babespean oraingoan. Eta 1985 bitartean beste 29 zenbaki kaleratu, 30 antzerki lan zekartzala, euskal autore klasiko eta berriez gain, euskarara ekarriz literatura unibertsaleko hainbat egile: Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, William Shakespeare, Dario Fo, August Strindberg. Armiarmara ekarri dugu Antzerti aldizkaria, eta osorik eskaintzen dizkizugu zenbaki guztiak, beren obra, albiste, iragarki eta komentarioekin, eta baita kaleratutako ale guztien irudi faksimile banarekin.