Martin Ugarte eta Jose Mari Satrustegi: eleberri tradizionala 70eko hamarkadan
Literatur aldizkarietan hainbat olerki argitaratua —osorik irakur daitekeen Jatorriaren errotik (1986) liburuan bilduak asko—, eleberri bat ere ondu zuen Martin Ugarte Saletxe legazpiarrak, aste honetan Klasikoen Gordailuak dakartzana: On egiñaren obariak (Kuliska Sorta, 1972). Narrazio kostunbrista, Arraintxo sasi-medikuaren bizitza du kontagai, autoreak dioskunez herri pertsonaia xeheetara joanda handikiak utzita. Euskara oso bizian idatzia, ikuspegi moralista ere ez du ments. 1973an saritu eta Jakin Liburu Sortak argitaratua da, berriz, Ekaitza, Jose Maria Satrustegiren eleberria. Udargi herrian girotutako istorio baten bitartez garaiko parabola osatu zuen Satrustegik, urtaroei dagozkien lau ataletan banatuz nobela, iruzkingile batek ederki zehaztu zuenez: “Udaberria, nekazarien giroko azken hamabost urteotako aldaketa. Uda, industriak erakarri duen aldakuntza, Udazkena, erlijioaren krisia, eta Negua, ideologiarena”. Osorik eskaintzen dizkizugu biak.