Emakumezkoen literatura Eako poesia egunetan
Eako “Herrijari emon arnasa” kultur elkarteak antolatzen dituen Poesia Egunek emakumezkoen literatura izango dute ardatz, uztailaren 21 eta 22an (larunbata eta igandea).
Poesia egun hauen laugarren edizioa Edorta Jimenezen hitzaldi batekin zabalduko da (uztailaren 21ean, 11:30etan, Eako udal aretoan), eta arratsaldeko 16:30etan “Emakumearen irudia euskal literaturan” berbaldia izango da idazle hauekin: Katixa Agirre, Uxue Apaolaza, Irati Jimenez, Iratxe Retolaza eta Eider Rodriguez. Ondoren, 20:30etan, Arestiren oroitarriaren ondoan, Itxaro Borda txanda: “Milia Lasturkoa on the road”. Gaueko 22:30etan, moilan, poesia irakurraldia: Leire Bilbao, Maria do Cebreiro, Miren Ibarluzea, Miren Agur Meabe, Xabier Mendiguren, Laia Noguera, Daniel Salgado…
Uztailaren 22an, 11:30etan, udal aretoan, mahai-ingurua: Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Laura Mintegi eta Ana Urkiza. Arratsaldeko 16:30etan poesia emanaldiak: galegoz Maria do Cebreiro eta Daniel Salgado, katalanez Laia Noguera, eta euskaraz Angel Erro, Sonia Gonzalez, Oier Guillan, Goizalde Landabaso, Txili Lauzirika…