Eka
02
05
Poeta eta kantugile bikaina, erbestearen ahotsa da, Pedro Mari Otañorenarekin batera, Jose Mendiage hazpandarrarena. Bere lanen biltzaile Piarres Xarritonek ikertu duenez, orain 160 urte, 1845eko apirilaren 27an jaio zen, Aldudeko herrian. 1863an Montevideora joana, Ameriketako aldizkarietan eta kultur mugimenduetan parte hartu zuen. Aldizkarietan plazaratutako bertso eta poemak, hala-nola Zazpiak bat Eskualdun kantuak liburu kolektiboan argitaratutakoak bildu zituen Piarres Xarritonek Jose Mendiague (1845-1937). Haren bizi eta haren kantuak liburuan, eta plazaratu 1992an. Mendiageren lanez gain, eta haren gaineko hitzaurre eta oharrekin, berari bidali eta berataz idatzitako beste zenbait bertso eta kantu ere jaso zituen Xarritonek. Osorik eskaintzen dizugu orain liburua.
maiatza
26
05
Itzultzaile eta literatur eragile bizkorra —Euzko Gogoa aldizkaria Iokin Zaitegiren auspoaz atera zen, Andima Ibinagabeitiaren laguntzarekin—, bi poema liburu plazaratu zituen Iokin Zaitegik: Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962). Bi liburuotan eta literatur aldizkarietan plazaratutako lanetan erbesteko poeta ageri da. Forma eta arnasaren aldetik landuegia ez bada ere bere poemagintza, deserriratzea sufrimendu izan zenen ahotsa da berea, 36ko gerra ondorengo urte horietan ezinbesteko erreferentzia. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman eman zuen argitara Susa argitaletxeak Iokin Zaitegiren poemen antologia, osorik eskaintzen dizuguna.
maiatza
19
05
Orain 50 urte, 1955eko martxo-apirileko eta maiatz-ekaineko Euzko Gogoa aldizkariko zenbakietan kaleratu zituen Salbatoren Mitxelenak Abendats eta Bizi nai poemak, bere poesi bidean esanguratsu eta inportanteenetakoa. Gerra osteko poesigintzan ere mugarri bilakatu ziren, isilarazitako ahots baten plazaratze gordina ekarri baitzuten, urte batzuk lehenago argitaratutako Arantzazu poemaren ildotik. Erreferentzia ezinbestekola gure literaturan, Susa literatur argitaletxeak 2000. urtean kaleratu zuen Salbatore Mitxelenaren poemen antologia bat, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Orain osorik daukazu.
maiatza
12
05
II. Mundu Gerra ez ezik, hamaika gai landu ditu bere poemetan Jean Diharce Xabier Iratzederrek: antzerki-lan eta kronika-lanez gain, 15 poema liburu ditu kaleratuak 1940an Zakalar izeneko poemarioa kaleratu zuenetik. Horietarik Fededunen arbasoa, adibidez, osorik eman genuen 128. zenbakiko Literatur Emailuan. Susak egindako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zen Iratzederrena, 2000. urtean. Osorik eskaintzen dizugu orain.
maiatza
05
05
1970eko apirilaren 20an bota zuen bere burua Seine ibaira Paul Celan poetak. Errumanian jaioa, judua, frantses pasaporteduna, idazle alemana, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da Paul Celanena. Kontzentrazio-eremu batean gatibu izandakoa, Tximeleta eta memoria poema liburuak (1952) eman zuen ezagutzera, eta bere hurrengo liburuek bere irudien indar eta sakona berretsi. Euskaraz ez zaio deus argitaratu, baina hemen dakartzagu bi poema, Heriofuga eta Hendaia, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik, hurrenez hurren, euskaratuak.
maiatza
05
05
Urte batzuk narratiban murgilduta eman eta gero, 2003. urtean poesiara itzuli zen Pako Aristi. Oparitu zioten libreta hori batean poemak idazten jardun zuen hainbat denboraz, eta argitara eman Susa argitaletxearekin. Poema soilak, alderdi formalari baino edukiari emanagoak, Aristiren munduaren eta gogoeten erretratu eta kritika zorrotza —batzuetan biluzia— eskaintzen digute. Osorik eskaintzen dizugu.
Api
28
05
Imentzioaren pergamuak poema liburuarekin ezagutu genuen Juan Ramon Madariaga, 1989an Bizkaiko Foru Aldundiaren Olerki saria irabazi zuenean, eta hasiera indartsu hark izan du segidarik, izan duenez. Gure azken urteetako poesiaren zutabe sendoetako bat dugu, 2003an Susarekin plazaratu zuen Izozmendiak liburarekin zazpi poemario kalean dauzkala. Horiez gain, 1993an kaleratu zuen Neguko antzarrak narrazio liburua. Bere azken lana, Izozmendiak eskaintzen dizugu osorik, eta 8 poema idazlearen ahotsetik entzuteko moduan.
Api
21
05
Interneten dauzkagun Andima Ibinagabeitiaren izendapenak berritu ditugu, ezingo dugu egin paperean daudenetan. Hain zuzen ere, 2000n plazaratu zuen Susa argitaletxeak Andima Ibinagabeitiaren gutun bilduma, Patri Urkizuk bildu eta prestatua. Erbestetik barne-minez (Gutunak 1935-1967) gutun-bildumak euskal munduko eragile oso inportante bat aurkezten digu, gerraosteko giroan hizkuntza eta kulturari bultzada ematen kemen handia izan zuena, maiz bide ofizialekin bat egin gabe. Osorik eskaintzen dizugu liburua.
Api
14
05
Joxerra Agirre, Endika Lakart, Debra Woolf eta abarren mundua, Bizi puskak (Susa, 1996) poemarioan aurkeztu zigun unibertsoak segida izan zuen Puskak biziz poema-liburuan, 2000an Susa argitaletxeak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua. Pertsonaiek bizia emandako territorio oso bat erakutsi zigun Juanjo Olasagarrek. Osorik irakur dezakezu orain Puskak biziz, eta halaxe dago Ezinezko maletak ere, 2004an Susarekin kaleratu eta Espainiako Kritika Saria jaso berri duen eleberria. Beste jenero eta pertsonaiak izan arren, neurri batean unibertso bera konpartitzen duen liburua. Puskak biziz poema liburua irakurriz gainera, idazleak errezitatutako zenbait poema entzungo dituzu gainera.
Api
07
05
Karol Wojtilaren oso bestelakoa da Jon Miranderen idazkietan irakurtzen dena. Antitesia, esan genezake. Paristar zuberotarraren poemek idazleak bizi eta sortu zuen munduaren ikuspegia ematen digute, haren kezka eta jarduerena, haren irakurketa eta sentipenena. 2002an plazaratu zuen Susa argitaletxeak Jon Miranderen poemen antologia, XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman.
Mar
31
05
Ez zen urtarrilaren lehenarekin, Iraultzaren efemeridearekin batera joan Kubara, martxoan baizik. Koldo Izagirre idazlea. Eta Kuban bidaiatu zen, Kuba geografikoan, historikoan eta literarioan, eta bere iragazi propiotik pasatuta, haren kronika ekarri zigun 1995ean, Susa argitaletxearen eskutik: Ez duk erraza, konpai!
Mar
24
05
Bihar helduko natzaizu / goiza urratzera / gaua orraztera ene eskuekin / Bihar helduko natzaizu / pena ehizatzetik / laztan ikastetik zure behakora. Bihar gabe, aspaldi iritsia da Jose Luis Otamendi irakurleengana. Zainetan murrailak bere hirugarren poema liburua izan zen, Susa argitaletxearekin 1987an argitaratua. Orain osorik eskaintzen dizugun liburu honetako poema batzuk gainera, entzun ere egin daitezke, idazlearen ahotsetik.
Mar
17
05
Joxe Azurmendik 1971n eman zuen argitara Hitz berdeak liburua, ordura arte idatzi zituen poemen bilduma. Urte berean argitaratu zuen Hizkuntza, etnia eta marxismoa saioa, eta bi horiekin hasi zuen segida luzea izan duen argitaratze bidea. Pentsamenduaren munduan ibili bada ere, literatura ez du sekula utzi, literatura pentsa-mendu/mundu horretan elementu oso inportantea izan baita. Baina poeta gisa ere lekua irabazi zuen Joxe Azurmendik Hitz berdeak lanarekin. 2000. urtean Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susak Joxe Azurmendiren poemen antologia bat, orain osorik aurkezten dizuguna.
Mar
10
05
1933ko martxoaren 12an hil zen Xabier Lizardi. Euskal literaturan, batez ere poesian, nahitaezko erreferente bihurtu zen Lizardi, eta bera da XX. mendearen lehen zatiaren ikur nagusienetakoa. Antzerki-lanik ere ondu zuen, eta bere artikulugintza ere nabarmentzekoa da, hitz lauz egindako lanak, Madrilgo Gorteetatik edo euskarazko egunkariaren alde egindako artikuluak, kasu. Bere poesiaren antologia kaleratu zuen Susak 2000.urtean, XX. mendeko Poesia Kaierak bildumaren baitan. Hementxe duzue.
Mar
03
05
Aurten beteko da Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena eta izango da ospakizun bat baino gehiago —Sabino Arana Elkargoak berriki aurkeztu du idazlearen liburutegiaren katalogoa—. Egokiera ona da, beraz, laukiztarraren literatur-lanak irakurtzeko (edo berrirakurtzeko). Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bada, noski, Lauaxetaren poemen antologia.