Urr
20
05
1987an kaleratu zuen Koldo Izagirrek Mendekuak narrazio liburua, Susa argitaletxearekin. Hiru urte lehenago Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984) argitaratua, Mendekuak ipuin liburuan berriro ere erakutsi zuen narraziorako trebezia. Estiloa eta erritmoak menderatuz, eta bere obran giltzarria den mundu erreferentzial oso aberatsa eraikiz. Osorik dago sarean.
Urr
13
05
Gabriel Arestiren heriotzaren 25 urteurrenean, 2000. urtean, plazaratu zuen Angel Zelaietak Gabriel Aresti (biografia), Susa argitaletxearekin. Arestiren laguna, Angel Zelaietak 1976 eta 1977an argitaratua zuen, bi liburukitan, Gabriel Aresti (Haranburu editorea). Baina 2000.ean ez zuen lehen egindako lana berrargitaratu, Arestiren biografia berriro osatu baizik, lehengo materialak eta berriak, eta distantziak emandako esperientzia baliatuz. 1933ko urriaren 14an jaiotako Gabriel Arestiren biografia daukazu osorik.
Urr
13
05
Oraingo honetan literaturaren esparrua gainditzen duten lanekin aberastera dator Klasikoen Gordailua. Nekazariei zuzendutakoak dira, esaterako, Arnaud Abadiak Eskualduna aldizkarian argitaratutako jakingarriak: Laborarier (1887-1903) eta Jean Baptista Althaberen idazlanak, hots, Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia (1900) eta Hunkailü berrien enthelegia Ziberuko laborarier (1904) .
Era berean, interes etnografiko handia erakusten du Federiko Garraldaren Aurrendako dostatzia (1926) lanak, Zaraitzuko haur-jolasak agertzen baitira bertako euskaran aurkeztuak.
Hainbat alderditan gaurkotasunik galdu ez duten Jose Agerre, Gurbindoren Kazetari lanak (1930-1936) datoz gero, eta, paperon literatur ukitua nabarmenagoa izan dadin, A. Tapia Perurena iruindarrak (1899-1957) azken hogeita hamar urtetan aldizkari zenbaitetan argitaratu zituen Olerki-lan guztiak (1925-1956) eskaintzen ditu Gordailuak ondoren.
Azkenik, euskaldunok ere zerurako bidea argiago izan dezagun, Asteteren katiximaren egokitzapen interesgarria erantsi zaio irakurleari, Damaso Legazek burutua Kristauaren ikasbidea (1880).
Urr
06
05
1992koa da Mariaren mendea narrazio liburua, baina ordurako bide luzea egina zuen Pablo Sastrek euskal literaturan. Mugarria kaleratu zuenetik (Elkar, 1982), narrazio eta eleberrien eremuan jarduna da, bere tokia egina, ordurako beste zortzi liburu plazaratua. Eta segitu du, idazle dela erakutsiz. Bi narraziok osatua, ofizioa ikasitako baten emaitza dugu Mariaren mendea (Susa, 1992), bi istorio indartsuz eta ongi idatzitakoz osatua. Osorik irakur dezakezu.
Ira
29
05
Anemometroa kaleratu zuenean (Susa, 1998) ahots berezi bat erakutsi zuen Igor Estankonak, mundu ikuskera propioa. Poesian jarraitu du lanean, bere burua egiten eta hori ezagun du Tundran, Jaka bekari esker 2002an kaleratutako liburuan. 2004an ere kaleratu du poema-libururik, Kutxa Fundazioarekin argitaratutako Ehiza eta nekea. Tundra liburua eskaintzen dizugu osorik.
Ira
29
05
Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri “Sarakoa”ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.
Ira
22
05
Xabier Izagak 1998an plazaratu zuen Bart irakurtzeko gaur izkiriatuak poema-liburua. Espetxealdian egindako liburua, pareta eta burdina arteko oihua, poesia bizia da berea. Lehen liburua izanagatik, ez zen, hala ere, idazle ezezaguna. Literatur aldizkarietan irakurriak genizkion poemak, eta 1995ean Sun Tzu-ren Gerraren antzea euskaratu zuen, eta Txalaparta argitaletxearekin kaleratu. Hemen dituzu bart irakurtzeko gaur izkiriaturiko bere poemak.
Ira
22
05
Orain ehun urte, 1905eko irailaren 23an jaio zen, Deban, Felix Markiegi idazlea: Markiegi’tar Peli. Ez dira asko 1946an Bahia Blancan (Argentina) zendutako autoreari ezagutzen zaizkion lanak. Dozena erdi poema aipatzen ditu Santi Onaindiak, moralistak lau eta bi Lizardiren heriotzan idazlearen omenez idatzitakoak; hemen aurkezten dizkizuegu denak. Eta bi antzerki lan. Eukaristiaren martiri lana Euzkadi egunkarian kaleratu zuen, 5 ataletan, 1935eko maiatzaren 1etik 7ra bitartean. 1936an, berriz, Lopez Mendizabalenean kaleratu zuen Seme hondatzailea izeneko antzerki-lana, irakaspen moralekoa berau ere, hitz neurtuz emana. Hau osorik irakur dezakezue.
Ira
15
05
2002an plazaratu zuen Susa argitaletxeak Deserriko karrikak, Mikel Ibargurenen bigarren poemarioa. Hemen gauak lau ertz ditu (hau ere osorik dago Interneten) lehen liburua (Susa, 1999) bezala, bigarren honetan ere autorearen bizi-esperientziak zedarritutako esparruan osatua da liburua. Deserrian, herrian bizi arren. Osorik irakur dezakezu.
Ira
08
05
Euskaraz.net atariak bi antzezlan jarri ditu sarean, Martzelino Soroa antzerkigile donostiarraren Gorgonioren estuasunak eta Jose Elizondok 1912an argitara emandako Alkate ona, ondoren Ebaristo Bustintza Kirikiñok, bizkaieraz Txomin arrayo izenarekin argitaratu zuena.
Ira
08
05
Bileterik gabe (Susa, 1985) izan zen Jon Aranok argitara emandako lehen poema liburua, eta bost urte geroago Malezia sorta kaleratu zuen, Susa argitaletxearekin. Tartean idatzi asko, poema anitz literatur aldizkarietan, eta ahots partikular bat. Zuzena, gordina, lirikoa ere bai, ozen bezala isil ere mintzo dena, idazle bat osatzen duena. Hona hemen Malezia sorta.
Ira
01
05
Euskaraz.netek beste lau testu gehitu dizkio Liburu digitalak bildumari: Gregorio Mujikak 1919an idatzitako Utzi beharko atal bateko barre antzerkia; Antonio Amundarainen Lore bat lohitan, Iztundek 1929an Donostian antzeztua, eta Zirt edo zart antzerki lanak; eta Dionisio Azkue Dunixik 1929an eman zuen Atzoko Donostia hitzaldia.
Ira
01
05
Jonas Poisson (Susa, 1986) liburuarekin jotako kolpeak segida izan zuen Dordokak eta Elurrak (Susa, 1989) poemarioarekin. Harrien lauhazka bikainarekin 1998an biribildua. Mundu sinboliko oso bat eta ahots indartsua erakutsi zigun Iñigo Aranbarrik, hitzez hitz eraikita dauden poemen bitartez. Aranbarri gaur egungo euskal literaturako ezinbesteko erreferentzia da. Hemen duzue osorik Dordokak eta Elurrak.
Abu
25
05
Hemezortzi urte zeuzkan eta esateko gauzak eta haiek esateko grina eta modua. Hartara, indarrez kaleratu zuen Xabier Aldaik Bala zeru urdina poemarioa, 1993an, Susa argitaletxearekin. Lubaki Bandako kide zen, eta hain zuzen bera izan zen talde hartan liburua argitaratzen lehena. Zazpi urteko isilune baten ondotik, 2000. urtean narrazio liburua kaleratu zuen, Bazterrekoak. Osorik daukazue Bala zeru urdina.
Abu
18
05
1955eko abuztuaren 12an zendu zen Thomas Mann, Alemaniako literaturak XX. mendean ezagututako idazle handienetako bat. II. Mundu Gerrara bitarteko gizarte alemaniarra erretratatu zuen bere eleberrietan, estilo aldetik ere ekarpenak eginez eleberrigintzari. 1929an Nobel saria jaso zuen. Buddenbroktarrak, Mendi magikoa eta Fausto doktorea dira bere lanik esanguratsuenak, euskaraz dagoen bakarrarekin batera: Herioa Venezian. Literatura Unibertsala bildumaren baitan kaleratu zen, Ibaizabal etxearekin, 1992an, Xabier Mendigurenek euskaratua. Osorik eskaintzen dizuegu.