Ira
25
02
Émile Zola 1902ko irailaren 28-29ko gauean hil zen, lo zegoelarik monoxido karbonikoz itota; askoren iritziz, idazlearen arerioek etxeko tximinia blokatu zuten pozoitu zedin. Urriaren 5ean ehortzi zuten Montmartre-ko hilerrian. Hiletan Anatole France idazleak esan zuen: “Giza kontzientziaren momentu bat izan zen Zola“. Idazlearen heriotzaren 100. urteurrenean, Iñigo Aranbarrik euskaraturik eskaintzen dizugu Émile Zolak 1898an L’Aurore aldizkarian argitaratutako Salatzen dut…! (“J’Accuse…!”) gutuna, Dreyfus aferako epai-akatsen eta gehiegikeria politikoen kontra.
XIX. mendeko Frantziako gizarte eta literatur giroa ilustratzeko, Joseba Sarrionandiaren Idazlegoa eta iraultza artikulua duzu irakurketaren lagungarri (“Marginalia”, 1988, Elkar).
Ira
19
02
Jean Genet Beiruten zegoen 1982ko irailaren 15ean (duela 20 urte) armada israeldarra sartu zelarik: “Au petit matin, les chars israéliens étaient dans Beyrouth-ouest. Les regardant venir, je vis donc le premier char et les autres, quand ils passèrent près de l’ambassade de France“. Biharamunean hasita, hiru egunez, irailaren 16-17-18an gertatu ziren Libanoko Sabra eta Xatilako sarraskiak: 3.000 gorpu palestinar. Jean Genet Xatilara joan zen irailaren 19an, eta lau orduz egon zen izugarrikeria ikusten. Haren kronika idatzi zuen Revue d’études palestiniennes-en: “Quatre heures à Chatila”, Mikel Antzak euskaratua: Lau orduz Xatilan (Susa, 1991); osorik irakur dezakezu hemen. Ondoren, palestinarrek liburu handi bat egin zezan eskatu zioten Jean Geneti; 1983ko abuztuan idazten hasi zen “Le Captif amoureux”, 1986an argitaratu zena (Genet hil eta bost astera).
Irakurketa lagungarriak: Xatilatik Juanma Sarasola kazetariak sakailatze haren inguruko erreportaia eta testigantzak eman berri ditu Euskaldunon Egunkarian; Bestalde, osorik duzu sarean Imanol Murua Uriaren Palestina zauritua kronika liburua (Susa, 1998).
maiatza
16
02
Alfonso Daniel Rodriguez Castelao dugu literatura galegoko maisuetako bat. Nahikoa da horretaz ohartzeko bere izena daraman Castelao museoan bisita egin edota bere biografia eta bibliografia irakurtzea. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an:: Zirtzilak – Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelenako kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailaturiko edizioaz.
maiatza
16
02
Literatura galegoak zaletu asko ditu gurean, eta Literatur Aldizkarien Gordailuan zenbait testu irakur ditzakezu. Pott aldizkarian Mendez Ferrinen Roi Sordo poema (1978ko azaroan). Susan Militantearean amets urdinak ipuina (Mendez Ferrin / Bego Montorio). Ttu ttua aldizkarian Historia do rock and roll (Anton Reixa / Joanes Urkixo). Anton Reixa berari elkarrizketa luzea egin zion Susak 1990eko uztailean. Celso Emilio Ferreiroren poemak Korrok eta Kandelan; Korrok aldizkarian Harrizko gau luzea eta Kandelan Neno orfo con cabalos ao fondo eta Credo Jon Iñaki Lasak euskaratuak.