Urr 16 03

Italo Calvinok 80 urte

Orain 80 urte, 1923ko urriaren 15ean jaio zen Italo Calvino, idazle italiarra, Kuban jaio hain zuzen ere. II. Mundu Gerrako bere esperientzia jasoz egin zuen jauzi liburuen plazara, Il sentiere dei nidi di ragno-rekin, eta gerora hainbat eleberri eta narrazio liburu idatzi zituen. Literaturaren baitan eremu oso diferentetan aritutakoa, horren erakusgarri dira euskarara itzuli diren bere bi liburuak: Bizkonde erdibitua eta Marcovaldo edo Urtaroak Hirian, Iñaki Ugarteburuk eta Koldo Bigurik hurrenez hurren euskaratuak. Horiez gain, baina, literatur aldizkarietan Italo Calvinoren beste lan batzuk ere kaleratu dira euskaraz eta hemen eskaini nahi dizkizuegu.

Urr 09 03

W.H. Auden hil zela 30 urte

1973ko irailaren 29an zendu zen, Vienan, Wystan Hugh Auden poeta ingelesa. 1907an jaioa, 1928an bere estreinako poema liburua, Poems, argitaratu zuenez gero, sona handia erdietsi zuen. Hainbat poema-liburu eta prosa eta antzerki lanak kaleratu zituen XX. mendeko poesia ingeleseko ahots inportanteena bilakatu zen Audenek. 1994an kaleratu zuen W.H. Audenen poema antologia Susa argitaletxeak, Juanjo Olasagarrek prestatu eta euskaratua. Osorik irakur dezakezu hemen.

Urr 02 03

Prosper Mériméek 200 urte

Duela bi mende, 1803ko irailaren 28an, jaio zen Parisen Prosper Mérimée idazlea. Erromantizismo garaian molde klasikoez idatzi zuen autore honen lanak ekarri izan dira euskarara: Mateo Falcone, Carmen, Colomba. Korsikan egindako bidaia baten ondoren egindako narrazio indartsua, 1955eko Egan aldizkarian argitaratu zuen Mateo Falcone euskaraz Nemesio Etxanizek; gerora Itxaropenako Kuliska Sortan emana antzerki lanekin batera. Mateo Falcone eta beste zenbait istorio izenburuaz, berriz, narrazio hau eta beste bi (Tamango eta Espainiako lapurrak) euskaratu zituen Koldo Izagirrek eta Elkar argitaletxearekin kaleratu 1995ean. Mateo Falconeren euskarazko bi bertsioak eta jatorrizkoa eskaintzen dizkizugu.

Ira 25 03

Pablo Neruda hil zela 30 urte

Pinochetek estatu-kolpea eman eta hamabi egunera hil zen Txileko Santiagon Pablo Neruda, 1973ko irailaren 23an.1923an kaleratu zuen lehen poemarioa, Crepusculario izenekoa, eta hil zen arte goi mailako poesia obra utzi zuen idazle txiletarrak. Hala poetika nola ideario baten ikur, 1971n Literatura Nobel saria jaso zuen. 20 poemas de amor y una canción desesperada, Canto General, Residencia en la tierra, Odas elementales, Memorial de Isla Negra, Confieso que he vivido… asko ditu liburu gogoangarriak. Gaztelaniazko idazlea, ez dira asko euskarara ekarritako bere poemak, eta libururik bat ere ez. Hemen aurkezten dizkizuegu gure literatur aldizkarietan euskaratutako Pablo Nerudaren bost poema.

Abu 28 03

Gartzelako egunkaria

Ho Chi Minh-en Gartzelako Egunkaria euskaratu zigun Iñaki Aramaiok eta 1985ean argitaratu zuen Susak. Buruzagi vietnamdarra 1942an preso hartu eta kartzelan idatzitako poemak dira gartzelako egunkari hau osatzen dutenak, 101 poema, Iñaki Aramaiok Txinan baizik Espainiako kartzela batean, Herrera de la Manchan, euskaratuak. Euskaratzaileak hitzaurrean dioenez, poesiaz gain testigantza ere aurkituko du irakurleak. Hurrengo astean: Antxon Gomezen narrazio-liburua, Abere madarikatuak.

Uzt 03 03

200 urte George Borrow jaio zela

1803ko uztailaren 5ean jaio zen, Ingalaterrako East Derehamen, George Borrow. Elkarte Bibliko protestantearentzat lanean jardun zuen Europan eta Euskal Herrian, eta gure berri eman zuen bere lanik ezagunenetako batean: The Bible in Spain. Euskarak erakarri zuen eta 1838an Evangelioa San Lucasen Guissan eman zuen Borrowk berak argitara, Oteiza medikuak euskaratutakoa. Ijito-munduan aditua, ebanjelioa calo hizkuntzan ere argitaratu zuen. Hizkuntza asko ezagutzen zituena, The Bible in Spain liburuan, pasarte solteez gain, euskarari eta euskaldunei eskainia da 37. kapitulua. Berau irakur dezakezue hemen, jatorrizko ingelesezkoa, eta baita kapitulu horren eta beste pasarte batzuen gaztelaniazko itzulpena, Justo Garatek egina eta Revista Internacional de Estudio Vascos-en 1929an argitara emana.
George Borrowri buruz artikulua kaleratu zen Oh Euzkadi aldizkarian, eta berari buruz Julio Urkixok ere jardun zuen Vascófilos ingleses izeneko artikulu batean, 1934an RIEVen plazaratua.

Eka 26 03

Mendea George Orwellek

1903ko ekainaren 25ean jaio zen, duela 100 urte, George Orwell idazlea. Hala bizitza nola obra ezagutzeko modukoa duena, autore honi buruzko erreportaia argigarria kaleratu du Berria egunkariak, Emilio Lopez Adanen eta Juan Martin Elexpururen iritzi-artikuluez hornitua. Abereen etxaldea eta 1984 ditu obrarik ezagunenak Orwellek, eta lehena dago euskarara ekarria, hain zuzen Juan Martin Elexpuruk itzulia. Elkar argitaletxearekin kaleratua, 1982 ezkeroztik hainbat berargitalpen izan ditu. Nolanahi ere, itzulpen-moldaketa bat estreinako 1981ean argitaratu zuen Hordagok, Tximista sailean, Abereeneko iraultza izenburuaz. Imanol Unzurrunzaga izan zen itzulpen-moldaketaren arduraduna.
Horretaz gain, Jakin aldizkariko 32. zenbakian, 1984koa hain zuzen, Joxe Azurmendiren artikulua irakur daiteke: 1984: Orwell, idazle enpeinatua.

maiatza 15 03

Juan Rulfok 85 eta El llano en llamas-ek 50

Efemeride bikoitza du Juan Rulfo idazle mexikarrak. Orain 85 urte sortu zen, maiatzak 16 zituela, Apulcon. Eta hogeita bost beranduago, 1953an, El llano en llamas ipuin-liburua kaleratu zuen Fondo de Cultura Económicarekin. Hainbat hizkuntzatara itzulitako lana, 1986an ekarri zuen euskarara Koldo Etxabek eta Baroja argitaletxearekin karrikaratu. Testu horixe osorik irakur dezakezu orain. Autore mexikarraren lana euskarara noiz ekarri den (Pedro Paramo 2002an argitaratu zuen Ibaizabalek, Juan Garziak euskaratua) eta bere lanen berri ere eskaintzen dizugu.

Mar 06 03

Manoel Antonioren Lauretatik lauretara

Duela 75 urte, 1928ko martxoan, Manoel Antonio poeta galegoaren De catro a catro. Follas sin data d’un diario d’abordo liburua argitaratu zuen Nós argitaletxeak. Poesia galegoaren baitan modernitateari bidea zabaldu zion liburu hori 1992an euskaratu zuten Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek. Urte hartan bertan argitaratu zen zenbakitutako 60 aleko edizio berezi bat, Trintxerpen, Magosto festarako. Haren berrargitalpena duzue orain aurkezten duguna.

Ots 20 03

Raymond Queneau eta
Zazie metroan

Otsailaren 21ean 100 urte beteko dira Raymond Queneau idazle frantsesa jaio zela. Horren aitzakian, Zazie metroan, haren nobela arrakastatsuena bildu nahi izan dugu orriotara. 1996an Ibaizabalek eman zuen argitara Joxan Elosegik egindako itzulpena, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Liburu hartatik hartuak daude Joxan Elosegik berak idatzitako sarrera argigarria, eta baita eleberriaren 12. atala ere.

Abe 12 02

Oscar Wilderen Ipuñak duela 75 urte

1927ko abenduaren 15ean Oscar Wilderen Ipuñak liburua argitaratu zuen Verdes-Atxirika etxeak Bilbon, Joseba Altunak euskaratua eta Ander Jauregibeitiaren irudiez apaindua. Liburuko hitzaurreak argitzen digu itzulpena 1927ko martxoan amaitu zuela Altunak. Duela 75 urte plazaratutako bilduman sei ipuin dituzu irakurgai, orain sarean berrargitaraturik eskaintzen dizkizugunak. Joseba Altuna Aldasorok (Bilbo, 1888-1971) Oscar Wilderen ipuinak ez ezik, Esoporenak, Grimm anaienak, Juan Iturralde Suitenak eta Afanasievenak euskaratu zituen, eta baita ere Manu Sotaren zenbait antzezlan.

Aza 28 02

Hamlet duela 50 urte

1952ko azaroaren 25ean argitaratu zuen Ekin argitaletxeak Buenos Airesen William Shakespeareren “Hamlet”, Bingen Ametzagak euskaratua. Hitzaurreak salatzen digu Montevideon 1951ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean itzulpena amaitutzat eman zuela. Hamleten argitalpenaren 50. urteurrenaren karietara, Bingen Ametzagaren itzulpen harekin batera eskaintzen dizkizugu Shakespeareren Macbeth, Lear Errege eta Ekatxa antzezlanak ere, Bedita Larrakoetxeak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkariak plazaratuak. Eta bide batez, zenbait soneto ere bai: Gabriel Arestik, Santi Onaindiak eta Juan San Martinek itzuliak. Bestalde, “Hamlet”eko pasarteak irakurriko dituzu Puerto de Santa Maria kartzelan idatzitako Intxaur azal baten barruan testuan (1983an argitaratua). William Shakespeare gurera noiz eta nola ekarri izan den argituko dizu Mikel Elorzaren artikuluak.

Aza 14 02

Paul Eluard hil zela 50 urte

1952ko azaroaren 18an hil zen Paul Éluard. Idazle frantsesaren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara Koldok Izagirrek euskaraturik, Éluarden hamar poema eskaintzen dizkizugu. Eta Susa aldizkariaren 20. zenbakitik hona aldatu dugu baita ere “Gernikaren garaitza” poema (Mikel Antzak 1987an itzulia).

Aza 07 02

Victor Hugo Euskal Herrian gaindi

Koldo Izagirrek, Victor Hugoren bidaietako oharretan eta idazkietan zein amoranteari igorritako gutunetan arakatu ondoren, Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) liburua apailatu eta euskaraz eman du estilo kriket batez. Victor Hugoren jaiotzaren mendeurrena 2002ko otsailean izan zela estakuru, Elkar argitaletxeak aurkeztu berri du liburua, Joxe Azurmendiren hitzaurre batekin. Hemen eskaintzen dizkizugu liburuko kroniketatik sei.

Urr 17 02

Duela 50 urte Godoten esperoan

Éditions de Minuit argitaletxeko Jerôme Lindon-ek 1952ko urriaren 17an argitaratu zuen Samuel Becketten “En attendant Godot” (bi mila eta bostehun ale), eta 1953ko urtarrilaren 5ean jokatu zen estreinakoz Montparnasseko Babylone antzokian (Roger Blin-ek zuzendua). Becketten eskuizkribuko daten arabera, 1948ko urriaren 9an hasi zuen idazketa eta 1949ko urtarrilaren 29an amaitu. Juan Garziak euskaraturik 2001eko apirilean agertu zuen Alberdania argitaletxeak; Godoten esperoan antzezlanaren bi ekitaldietatik lehena hemen duzu irakurgai.
Beckettek idatzitako azken lana elebitan agertu zuen Susa aldizkariaren 25. zenbakiak: Stirrings Still / Azkenburuko bulkadak (1990an Edorta Mataukok eta Kristin Addisek euskaratua).

Agenda

Efemerideak

Kritikak