Mar 16 06

Leire Bilbaoren Ezkatak

“Soiltasunaren indarra dute Leireren poemek” adierazi zuen Iñigo Aranbarrik joan den astean Leire Bilbaoren Ezkatak liburuaren aurkezpen ekitaldian: “soiltasuna, ez errazkeria; zintzotasuna, ez inozokeria”. Konposizio laburrez ondurik dator Leire Bilbaoren lehen argitalpena. Hamabi poema dituzu irakurgai Susa literatura webgunean.

Aza 17 05

Koldo Izagirreren narrazio berriak

Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? liburu berria argitaratuko du Susak Durangoko Azokaren bezperan. Hamazazpi ipuin, errealismo poetikoan kontatuak. Portua dute geografia, eta protagonistak: garabilariak, argizainak, estekariak, zamaketariak, pilotuak, arrantzaleak. Sua nahi, Mr. Churchill? inprimatzen hasi aurretik, liburuko lehen bi ipuinak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa 200. Literatur Emailu honetan. Hemen ontziratu zen Lafayette du izenburua lehenak, eta Idazlea bigarrenak.

Aza 03 05

Lutxo Egiaren bigarren nobela

Lutxo Egiak datorren astean aurkeztuko du bere bigarren nobela: Ezker hanka falta zuen. Aurrerapen gisa eskaintzen dizugu liburuaren hastapena. Hiru neska-mutilek Iñaki Gerenaren bitartez ezagutu zituzten taberna, portu eta ontziolak: Bizkaiko Ezkerraldeko industriaren arrakalatze sasoia. Gerenak Sestaoko River futbol taldearen kronikak idazten zituen, eta ezker hanka falta zuen.

Urr 20 05

Hasier Etxeberriaren nobela berria

Mutuaren hitzak izena du Hasier Etxeberriaren liburu berriak, eta Eulien bazka nobelan ezagutu genuen Damian Arruti hura bera du protagonista. Bizi izan zituen gartakarien katramiletatik ihesi joan da orain Baztanera, Leon Karrika adiskide pintorearen etxera, bake bila, naturaren baretasunean zoriona aurkituko duelakoan. Hamabi ataleko nobela da Mutuaren hitzak, eta lehendabizikoa osorik eskaintzen dizugu aurrerapen gisa, datorren astean liburua aurkeztu baino lehen.

Ira 29 05

Neguko zirkua

“Liburu garrantzizko baten aurkezpena egitea egokitu zaidala kontziente naiz” esan zuen atzo Jon Alonso idazleak Harkaitz Canoren ipuin liburu berriaz jardutean. “Neguko zirkua erreferentziazkoa izango den liburua da, orain 22 urte Sarrionandiaren Narrazioak izan zen bezainbeste, literaturtasunaren eta euskal prosa literarioaren bilakabidea markatzen duelako”. Neguko zirkua 19 kontakizunez osatua dago, eta hemen eskaintzen dizkizugu horietatik sei.

Ira 22 05

Harkaitz Canoren ipuin-liburu berri bat

Asteburu honetan liburu-dendetan izango da Harkaitz Canoren liburu berria: Neguko zirkua. Hemeretzi kontakizunez sareztatua, datorren astean Donostian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Aurrerapen gisa Ez zaie errazegi jarri behar ipuina eskaintzen dizugu, urtegi baten karietara, etxea urpean geratu baino lehen alde egin behar izan zuen batek kontatua: “Bere etxea urpean duenak, bere zati bat ere urpean du betirako, eta edonon dagoela ere, ur ilunei begira geratzen denean, behean zer altxor klase dagoen asmatzen saiatzen da“.

maiatza 26 05

Alberto Barandiaranen Mundu txikia

Hamalau ipuinez osatuta dator Alberto Barandiaranen Mundu txikia, idazlearen fikziozko lehen liburua, Susak argitaratua eta Iñigo Aranbarriren hitzaldiz aurkeztu berria izan dena; liburuko lau ipuin eskaintzen dizkizugu hemen. Lehendik bi kronika hunkigarri ezagutzen dizkiogu Alberto Barandiarani: Gaizkileen faktoria (2000) eta Ez zaigu ahaztu (1998).

maiatza 05 05

Urtzi Urrutikoetxearen Auzoak

Urtzi Urrutikoetxearen lehen narrazio liburua duzu Auzoak. Kontakizunak gaurko Bilboren kronika egiten du 24 ordutan, goizaldetik goizalderako bidaia batez, hiritarren bizibideetan erreparatuz beti. Auzoak Bilboko Erronda kaleko Likiniano kulturunean aurkeztuko du maiatzaren 11n (datoren asteazkenean) 11:30etan. Urrutikoetxearen liburu berriko bost atal eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Api 21 05

Itxaro Bordaren nobela berria

Itxaro Bordaren zazpigarren nobelak XX. mendean barrena Otsabideko jendeen zoritxar eta bozkarioak aletzen ditu. Zeruetako erresuma eleberriak amodioa eta heriotza ditu ardatz nagusi, sasoi zailetan: gerlak, emigrazioa, bizibide makurrak… eta hala ere Itxaroren estilo zirtolari eta jostakinarekin kontaturik beti. Liburua apirilaren 22an (ostirala) 11:30etan aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eta aurrerapen gisa dituzu hemen lehen bost atalak.

Aza 25 04

Elektrika, Montoiaren triologiaren amaiera

Azaro honetan 50 urte dira Aljeriaren askapenerako matxinada hasi zela. Frantziako Armadak koloniari indarrez eusteko milaka soldadu mobilizatu zituen, haien artean batzuk euskal herritarrak. Gudaldi hura da Xabier Montoiaren  Elektrika nobela berriaren eszenatokia, eta Jean Etxegoien protagonista. Irakurtzen hasi orduko ohartuko zara ez dela historia-lezio bat, baizik eta infernuan barrena bidaia bat, hilkintzez eta triskantzez gidatua. Xabier Montoiak Elektrika honekin amaitu du zikloa, Hezur gabeko hilak eta Blackout nobelekin batera Hilen bizimoldea izeneko hirukoa osatuta: Etxegoien Lehen Mundu Gerran, ondoren Bigarren Mundu Gerran, eta Aljeriako Gerran orain.

Aza 18 04

Gotzon Barandiaran: Arrakalak

Gotzon Barandiaranen lehen liburuaren aurrerapena dituzu sei poema hauek.  Arrakalak poemarioa datorren astean aurkeztuko du Bilboko Likiniano liburudendan,  azaroak 25 (osteguna) goizeko 11:00etan; eta biharamunean gauean Bergarako Gaztetxean errezitaldia egingo du Bihotz Bakartien Klubarekin. Poemetan oinarritutako animaziozko laburmetraiak egin dituzte hemezortzi artistek errezitaldirako, Bego Vicarioren lankidetzaz.

Urr 28 04

Pablo Sastreren Elurretan hotsak

Elur egunak gurean ez-ohikoak eta bereziak izaten diren gisan, Pablo Sastreren Elurretan hotsak nobela besteak ez bezalakoa da. Andoaingo ehun lagun inguru ekarri ditu, eta elur egun bitan herri oso bat da protagonista: andoaindarrak. Nobela mintzatua deitu dio Pablo Sastrek, jendeen solas hariei jarraiki jositakoa baita: antzerki edo dokumental moduko bat, baina aldez aurretik inork entsegurik egin gabe jokatua. Sei ekitaldietatik bi irakurriko dituzu Susaren gunean.

Urr 14 04

Andolin Eguzkitzaren liburu amaitu gabea

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburuarekin 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatu zuen azken liburua Andolin Eguzkitzak, oraintxe sei urte. Astiro, oso astiro idazten zuen poesia, eta 29 poemaz baina liburua amaitu gabe hil zen 2004ko martxoaren 24an. Liburua urriaren 19an (asteartea) 11:30etan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Hitzaurrea Juan Ramon Madariagak idatzi du.

Urr 07 04

Jon Alonsoren Hodei berdeak

Jon Alonsoren Hodei berdeak nobela 2003ko maiatzean argitaratu zen. Orain osorik emana dator Susaren webgunean. Aurtengo Euskadi Sariko epaimahaikideek finalistatzat aukeratutako bost liburuetarik bat da, nahiz eta saria hutsik lagatzeko aukera ere baztertu ez duten.

Ira 30 04

Xabi Bordaren Birika zatiak

Literatuzta aldizkariaren hiru aleetan irakurriko zenizkion poemak Xabi Bordari (1981, Azpeitia). Birika zatiak izenburuarekin plazaratu du bere lehendabiziko liburua, datorren astean (urriak 8) aurkeztuko duena Jon Benitoren laguntzaz. Aurrerapen gisa dakartzagu liburuko sei poema. Argitaldaria: Susa.

Agenda

Efemerideak

Kritikak