Abu 12 08

Termitosti, Joxe Austin Arrietaren lehen liburua

Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobela (1979) da Joxe Austin Arrietaren liburu ezagunena, 1965eko egun sargori hartan Donostiako 31 de agosto kaleko etxean aita-semeen arteko solasa, hamasei urteko mutilaren oroitzapenak… Baina Arrietaren lehendabiziko liburua Termitosti izan zen (1978), orain dela 30 urte Ustela Sailak argitaratua, bi kontakizun biltzen dituena. Termitosti narrazioko pertsonaiek Igeldora ihes egin dute eta beren testigantzen bitartez Donostiaren inbasioaren eta hondamendiaren kronika jasoko dute magnetofoi batean. Bidaia narrazioko pertsonaia soldaduskatik itzulian doa Donostiara, gogoan duela uztail batez Saturraranera egindako txango bat.

Abu 05 08

Juan Luis Zabalaren koadernoa

Juan Luis Zabalak aurreneko liburua, Zigarrokin ziztrin baten azken keak nobela (1985) argitaratu baino lehenago, eguneroko baten antzera ohar-koadernoa abiatu zuen 1984an, esaldi honekin: “Ene literatura ez da munduaren kontrako kolpean isurtzen zaidan odola baino”. Apunteak, gogoetak, poemak, ipuinak, artikuluak… era askotako testuak idazten aritu zen koadernoan hogei urtez, eta haietako batzuk erauzi eta bildu zituen Inon izatekotan liburuan (2006, Susa), orain sarean osorik eskaintzen dizugun honetan. Koadernoari blog moldean eman zion jarraipena 2006ko maiatzaren 11tik aitzina, eta osatzen segitzen duen blog horrexetan dituzu Zabalaren ohar-testu guztiak ere, urtez urte sailkaturik.

Uzt 30 08

Larruzko botaren ikerketa, txinatar anonimoa

Song dinastiako Huizang Bidearen jauna enperadorearen garaiko istorioa kontatzen du Larruzko botaren ikerketa kontakizunak, narrazio txinatar anonimoak, k.o. X. mendeko istorio baten berri dakarguna. Elezahar txinatarren tradiziotik edaten duena, poemaz apainduriko narrazioa, Maider Etxaidek euskaratu zuen eta Baroja argitaletxeak publikatu 1986. urtean. Testuko pertsonaia historikoen, zenbait ohitura eta hitzen esanahiari buruz testu amaieran badira itzultzaileak emandako hainbat ohar. Osorik eskaintzen dizugu elezahar txinatar hau.

Uzt 24 08

Edorta Jimenezen
USAko kontakizunak

Paiute indiar batek Edorta Jimenezi diotso: “norena da lurra, norena airea, norena ura?; horiek ez dira gureak, beraz ezin dira saldu, ezta ere erosi”. Esan gabe doa, Amerikako Estatu Batuetako errealitatea oso bestelakoa da aspaldian, inperioak bertakoen tradizioa jainko berriez ordezkatu zuenetik. Edorta Jimenezek 2002an eta 2005ean egindako bidaietako kontakizunak eskaini zizkigun Koioteren arrastoa liburuan (2006, Susa), eta aste honetan osorik emana duzu sarean. Ia mila froga atomiko egin izan diren Pyramid Lake aintziran igeri eginez murgiltzen da Edorta Nevadako mortuan, eta hortik aurrera kontraste handiko bizimoduak erretratatzen dizkigu: Renoko unibertsitatea, Idahoko indioen ipuinak, mormoiak, euskaldun amerikanoak, Koreako gerran hegazkin pilotu izandako Hemingwayren ezaguna…

Uzt 16 08

Alarconen Heriotzaren laguna

1833an Espainiako Granadako Guadixen jaioa, XIX. mendeko korronte errealistaren barruan kokatu ohi da Pedro Antonio de Alarcon. Ideia liberal eta are iraultzaile samarrekoa, bere pertsonaietan ere islatu zuen ideologia hori. Hainbat aldizkariren sortzaile, Madrilen lan egin zuen eta hainbat eleberri, antzerki lan eta kronika idatzi (Afrikako gerrari buruzkoa nabarmentzekoa). Heriotzaren laguna bere narrazioa antzezlana euskaraz irakur daiteke, Anjel Valdesek euskaratua. Gil Gil pertsonaiaren istorioa kontatzen digu, XIX: mendeko Espainian izandako ibilerak, Elenarekiko amodioa eta Heriorekin egindako tratua. Baroja argitaletxeak 1987an argitaratua, orain osorik eskaintzen dizugu. (gehiago…)

Uzt 15 08

Erkiagaren lehen nobela argitaratu zela 50 urte

Itxaropena inprimategiak sortutako Kuliska Sortan argitaratu zen duela 50 urte Zarautzen Eusebio Erkiagaren lehendabiziko nobela: Arranegi (1958). Zortzi urte lehenago, 1950eko uztailean ipini zion hitzaurre laburra idazleak: “Ene jaioterri kutuna, inoiz neurtitzez goretsi izan arren, noizbait hitz lauz ere ederresteko zorra neban gogotan hartua. Ipuin edo elebarri honen gertaleku, Lekeitio eta bere mugak dira; toki-izenak bai egiazkoak dira, baina jazokunak eta lagunak asmaturikoak”. Arranegi herria bera da beraz protagonista, Lekeitioko gertaerak, eguneroko zorion eta ekaitzekin: arrantzaleen bizitza, jaiak, ohiturak eta herriko seme-alabak… horien artean aipatuena, Zuriñe. Klixez osatutako eleberria duzu Erkiagarena, beti morala (Jainkoa eta ohitura zaharrak). Balio literario nagusia tokien deskripzioen ederrean datza.

Uzt 10 08

Bernardo Atxagaren
XX. mendeko poesia kaiera

Duela 30 urte, 1978ko ekainean argitaratu zuen Bernardo Atxagak bere kasa Etiopia poema liburua, Pott Liburutegiko lehen ale moduan (baina azkena eta bakarra ere izango zena). Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko eginez eta sentimentalismoari adina baikortasunari bizkar emanez, jardun poetikoari berari buruzko jarrera berri bat ekarri zuen: abanguardia, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna. Poeta gazteagoen aldarri eta eredu bihurtu zen, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Bernardo Atxagaren XX. mendeko poesia kaiera apailatu zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, eta orain osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin.

Uzt 07 08

Eako Poesia Egunak

Bosgarren urtez egingo dira poesia egunak Ean, uztailaren 19 eta 20an. Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa hitzaldiarekin hasiko dira ekitaldiak larunbat goizean; bazkalosteko tertulian parte hartuko dute Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarezek; arratsaldean Asier Serranoren musika eta poesia saioa; eta gauean errezitaldia: Jon Arano, Aintzane Galardi, Oier Guillan, Karmele Igartua, Fertxu Izquierdo, Ibai Iztueta, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Castillo Suarez, Ainhoa Unanue. Igande goizean mahai-inguruan izango dira Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez; eguerdian Itxaro Bordaren errezitaldia; eta arratsaldean Katamalo ikuskizuna bihotz bakartien klubarekin.

Uzt 03 08

Woody Allenen
Jo ezak berriro, Sam

Dudarik gabe zinemagile gisa ezaguna, autore lan oparoa ere idatzia du Woody Allenek. Bere monologoez gain, zenbait antzerki lanek oihartzun handia lortu dute eta mundu zabalean jokatu dira. Jo ezak berriro, Sam, Allenen bigarrena, da horietako bat, autore eta aktorea lanean zuela Broadwayn arrakasta itzela izan zuena. Allan Fix protagonista duen istorioa, Zintzilik taldeak jokatu zuen Donostiako Victoria Eugenian, 1986ko irailean, Joakin Cuetok zuzenduta. Anjel Valdesek euskaraz jarria, urte berean plazaratu zuen Baroja argitaletxeak, eta orain hemen eskaintzen dizugu.

Eka 30 08

Pamiela aldizkaria
sortu zela 25 urte

Orain 25 urte argitaratu zen lehen aldiz Pamiela aldizkaria, 1983ko ekainean. Iruñeko Auzolan liburu-dendan elkartzen ziren literatur zale batzuek sortu zuten, eta Pello Lizarraldek ekarri zuen izena, Azkoitiko bere aitonari aditua: Pamiela, sorginek baserrietan utzi ohi zuten kaxa, baina ireki behar ez dena, begizkoa eta ezbeharra ekarriko baitizkizu. Lehendabiziko ale haren gai nagusia bidaiak eta literatura izan zen. Eta oso gutxi barru azaldu zen bigarren zenbakia ere, 1983ko uztailean, Franz Kafkari omenaldia egiten ziona. Gaztelerazko testuak ziren nagusi beti Pamiela aldizkarian, baina hantxe irakurri genituen estreinakoz Ana Iribar, Mikel Taberna edo Jon Alonsoren lanak, eta haiexek sortuko zuten 1984an Korrok literatur aldizkaria.

Eka 25 08

Gerard de Nerval-en
bigarren mendeurrena

Parisen sortua 1808ko maiatzaren 22an, bi mende dira Gerard de Nerval idazlea jaio zela. Idazle erromantiko esanguratsua, Hugo, Gautier eta Dumasen garaikide eta laguna, poesia, narrazioa eta antzerkia idatzi zituen. Nozitzen zituen dementzia krisiek erasana, Les Filles du feu eta Aurélia ou le rêve et la vie nabarmendu daitezke bere lanetan, 1853-54 urteetan idatziak. Hurrengoan, 1855eko urtarrilaren 26an, Parisen kalean urkatuta topatu zuten. Les Filles du feu-ko Sylvie, Valois-eko oroitzapenak euskaratu zuen Joseba Urteagak eta Igela argitaletxeak 2000. urtean plazaratu, Lehen amodioa liburuan. Osorik eskaintzen dizugu. (gehiago…)

Eka 19 08

Bernat Etxepareren dardoak

Oinazetan den presoa eta borrero bat, bien arteko elkarrizketak abiatzen du Joxan Oizen lehendabiziko nobela. Mutikotan Beñat Dardo esaten zioten Bernat Etxepare apeza duzu kontakizun hauetako protagonista, euskarazko lehen liburua idatzi zuen huraxe. Beñat Dardo (2006, Susa) nobela osorik eskaintzen dizugu orain sarean. Etxepareren gaztaroko pasadizoak, unibertsitate garaia, eta Donibane Garazin preso egon zenetik Linguae Vasconum Primitiae Bordeleko Morpainen inprimategira eraman arteko bizikizunak argitzen dira, Martin Bereau borreroa zerbitzari hartua duela.

Eka 12 08

Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelako zatiak italieraz

Duela hamar urte argitaratu zuen Koldo Izagirrek Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobela (1998, Susa). Katalanez argitaratu zen 2006an, Jo també haguera volgut cridar Germinal! izenburuarekin. Nobelako lau kapitulu italieraz bidali dizkigu orain Roberta Gozzi itzultzaileak. Hementxe dituzu: Anch’io avrei voluto gridare: Germinale!

Eka 11 08

Pio Barojaren
Ihauterietako erokeria

Altzateko Jaunaren elezaharra publikatua, Pio Barojaren Ihauterietako erokeria ere kaleratu zuen Baroja argitaletxeak, Mikel Azurmendik euskaratua hau. Idazle beratarraren eleberri laburra, bere ohiko eszenarioetatik diferentea den kontakizuna, egileak berak bere burua aurkezten digun hitzaurrean, fikzioaren barruan, eta gainera planteatzen digu kontakizunei eta kontatzeko estiloari buruzko halako gogoeta, zeina gauzatzen den Ihauterietako erokeria eleberrian. Madrilen gertatzen diren narrazioetarik bat dugu Barojaren hau. Osorik irakur dezakezu.

Eka 04 08

Euskal errefrauak
Grandville-n iruditan

Jean Ignace Isidore Gérard ponte izenez, 1803an Nancyn jaioa, karikaturgile eta ilustratzaile handia izan zen Grandville. Parisera aldatua, hainbat aldizkaritarako eta operarako lanak egin zituen, eta 1829an Métamorphoses du jour kaleratu zuelarik, sona hartu zuten bere ilustrazioek. Oso ezagunak egin ziren animalia burua duten pertsonaiak. Litografia serieekin batera, eta batik bat karikaturekiko zentsura ezarri zelarik 1835ean, liburuak ilustratzen hasi zen: Swiften Gulliver, Defoeren Robinson Crusoe, Cervantesen El Quijote, La Fontaineren Fables. Psikiatriko batean zendu zen 1847an. Surrealisten eskutik berritu zen bere ezagutza XX. mendean, eta gurean bere hainbat ilustrazio Baroja etxeak kaleratu zituen 1986an, Mikel Azurmendik apailatutako lanean, euskal errefrauak marrazkiokin batera argitaratzean. Euskal errefrauak Grandville-n iruditan liburua osorik eskaintzen dizugu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak