Mai 09 23

Libe Goitia Artetxeren estreinako poema liburua

Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du Libe Goitia Artetxek Fast fatum poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean. Osorik irakur dezakezue sarean.

Fast fatum - Libe Goitia Artetxe - azala

Mai 03 23

Su festak, Euskal Herriko musika jaialdiak XXI. mendean

Musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak Su festak saiakeran, mende erdian, eremu globalean zein lokalean jazotakoak harilkatuz: Mairuelegorretako kobetatik hasi, Woodstocken errepliketatik igaro, eta Kobetamendiko zein Irisarriko zelaietara heldu. Gerraosteko kontsumo gizartearen garapena, transgresioaren lilura, gaztetasunaren asmakizuna, folklorizazioa, gentrifikazioa, urbanoa irentsi nahi duen urbanismoa, eta beste arakatu ditu Urzelai Urbietak. Walden, Martxa eta Borroka, Guggenheim. Be basque eta normaltasun simulakroak. “Marka bat eraiki nahi da, ez herri bat”, ohartarazi du. Harekin, baina, gogo kolektibo garaikidea taupaka non den ere bistaratu du, non ari den tradizioa berritzen, non komunitatea bere burua berrimajinatzen. Oro ez baita erre usaina oraino.
Osorik irakur dezakezue sarean.
Su festak - Jon Urzelai Urbieta - azala

Su festak saiakeran aurkezpenean Jon Urzelai Urbietak irakurritakoa sarean jarri dugu denon eskura.

Api 27 23

Mario Benedettiren ahotsa

Ez daukatenen, zapalduen, jazarrien aldeko ahotsen artean Mario Benedettirenak toki nabarmena irabazia du, eta argiro azaltzen da Inma Errea Cleixek prestatu duen itzulpenean. Baina, era berean, pertsonez betetako poemak dira uruguiarrarenak,  zu, zuek eta gu-z beterikoak, xamurrak eta gogorrak, publikoa eta pribatua bateratzen dutenak, lerro motz, egitura ia narratiboa dutenak askotan, baina ez horregatik sinpleak;  izan ere, Benedettik irisgarritasunaren eta sakontasunaren, hunkiduraren eta neurritasunaren arteko orekari eusten dio gutxik bezala. Munduko Poesia Kaierak bildumako antologia honetan gozatzekoak.

Benedetti - Azala-1

Api 27 23

Bertolt Brechten poesia

Beharbada teatrogile gisa errekonozimendu handiagoa izan badu ere, gaur egun inor gutxik ezetsiko du XX. mendeko poemagile aleman eta europar nabarmenetako bat ere izan zela Bertolt Brecht (Augsburg, 1898 – Ekialdeko Berlin, 1956). Baditu Brechtek ale oso narratiboak, baditu elegiak, baditu kantuak, odak, ereserkiak, baladak, neurtitz errimadunak, bertso libre ia prosazkoak… Formaz gain, edukiak ere aparteko garrantzia izan du egile alemaniarraren kasuan. Konpromiso sozial handikoa, boterearen aurkako eta justizia sozialaren aldeko aldarria dago Bertolt Brechten obra osoaren muinean, zeinaren lagin bikaina ekarri baitu Irati Majuelo Itoizek Munduko Poesia Kaieren bildumako 45. antologian.

Brecht - Azala-1

Api 19 23

Txikiaren Hitz etena

Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal  Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin.  Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak  Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.

Api 18 23

Bollerak erresistentziarako gorputz gisa, Eva Perez-Ponsen ahotsetik

Lisipe bildumak 13. alea kaleratu berri du, Eva Perez-Ponsek idatzia, Erresistentziarako gorputzak: bollerak izenburupean. “Heterosexual” eta “homosexual” kategorietan oinarritutako sistema normatiboak dakarren domestikazioaz harago, praktika indibidual zein kolektiboen bitartez egituratuko gorputz bezala aurkezten zaizkigu bollerak liburu honetan, erresistentziarako eta eraldaketarako gorputz bezala. Bestetasunaren ertz bollera ez-bitarretik idatzita, kontzeptu filosofikoen eta gertaera historikoen errepasoa egiteaz gain, ekintza zuzen ez-biolentoaren proposamena ere jartzen du mahai gainean. Osorik irakur dezakezu liburua online ere.

Api 13 23

Fantasia eta errealitatea

Oso bi idazle desberdin batzen ditu apirilaren 13ak. Duela 200 urte Eugene Mouton jaio zen. Legelari gisa ibilbidea egindakoa, literatur aldizkarietan eman zituen argitara istorio eta narrazioak, mundu fantastiko, menturazkoa jasotzen dutenak. Zientzia fikzioaren aitzindarietakoa, halakoxea da Pamiela aldizkarian 1985ean Kapok euskaratu zuen Zurezko burua zuen elbarrituaren istorioa. Gaur 40 urte hila, fantasiatik baino errealitatetik gehiago dakar bere literaturan Merçe Rodoredak (nahiz eta baduen ukitu sinbolista zenbait narraziotan). Espainiako Errepublika, gerra, erbestea… heriotza, amodioa, denbora dira idazle katalan handi honen gaiak. Maite Gonzalez Esnal-ek euskaratu zituen haren Ipuin hautatuak (Elkar, 1984) eta eleberririk ezagunena, Diamantearen plaza (Elkar, 1994). Berrikiago (2013), Antton Olanok Ispilu hautsia ekarri du argitara Literatura Unibertsala bilduman.

Api 04 23

Karibetik Kantaurira Joakin Arregi Txeren bertso jarriak

Zizurkilen jaio zen 1953an Joakin Arregi Txe, eta 25 urtez Venezuelan erbesteratuta bizi ondoren, Hendaian bizi izan da azken urteetan. 2023ko martxoaren 28an hil zen. Eta berak urte luzeetan idatzitako bertsoek, Paper hotsak argitaletxearen lehen liburua osatu zuten: Karibetik Kantaurira.
Koldo Izagirreren hitzaurrea eta Arregik berak bizitzan zehar landutako bertso sortak eskaintzen dizkizugu Joakin Arregi Txe iheslari eta bertsolaria omentzeko.

Api 03 23

Oholtzako abangoardia

1898ko apirilaren 3an jaio zen Michel de Ghelderode idazlea, Belgikan. XX. mende hasierako  dramaturgo handietako bat, obra oparo baten egilea da, zeina asko eta toki askotan errepresentatua izan zen. Pertsonaia grotesko eta beldurgarrien sortzailea, abangoardiako idazle kontsideratzen da. Baina abangoardian ikurrik badu antzerkiaren munduak XX. mendean, hori Antonin Artaud da, apirilaren 3 batez hil zena Ghelderode jaio eta 50 urtera. Teorialari, idazle, aktore, poeta… oholtzari astindua ekarri zion marseillatarraren ekarpenak. Obra bana daude euskaratuta, Ghelderoderen Zaldun bitxia, Juan San Martinek Egan aldizkarian 1965ean; eta Jainkoaren judizioari akabera emateko, Asier Sarasolak Tabakalerarendako, 2017an. Biak dituzu irakurgai.

Mar 24 23

Chantal Maillarden Idaztea

Idazle oparoa dugu Chantal Maillard. Prosazko lanak baditu, baina poesia eta saiakera landu ditu bereziki, maiz bi hauen arteko mugak elkar gurutzatuz, prozesu mentalei buruzko bere gogoetak poemetara ere ekarriz. Matar a Platón (2004) poemarioko Idaztea poema luzearekin ere halatsu egiten du, idazteari buruzko hein berean da bizitzari buruzko poema bat. Pieza osoa izanagatik, luzea, bost ataletan eskaintzen dugu, Itziar Ugarte Irizarren itzulpenean.

Mar 23 23

Armiarma.eus eta Wikipedia literaturaren sarean

Duela bost urte Literaturaren Zubitegiko datu basea Wikidatarekin bateratu genuen. Bost urteotan euskal literaturako datuak eguneratzen jarraitu dugu, eta euskarazko wikipediak -eta hizkuntza guztietan aukeran-  bere datutegia egunean jarri eta grafiko ezberdinak sortu ditu.

1.051 idazleren fitxak ageri dira Wikipedia elikatzen den Wikidatan. Eta horrela 1958. urtetik gaur arte euskaraz argitaratu diren liburuei buruzko informazioa jaso daiteke sareko entziklopedian; literatur generoak aztertu, emakume idazleen gorakadaren datuak urtez urte begiratu, idazleak herrialdeka sailkatu, literatur argitaletxe ezberdinen bolumena neurtu, eta orohar helduen euskal literaturaren inguruko datuak ezagutu eta kontrastatu.

wikipedia

Armiarma.eus atariaren funtzioa sarean gure literatura hedatzea da, eta Wikipediarekin kolaboratzeko prestutasuna izan du beti, eta aurrerantzean ere gure datuak, fitxak eta ezagutza hedatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

Mar 16 23

Jose Gorostizaren Amaibako heriotza

Mexikoko XX. mendeko poetarik handienen zerrendan tokia dauka Jose Gorostizak. Obra poetiko kopuruz laburrekoa, mamiz handikoa, haren Amaibako heriotza (Muerte sin fin, 1939) lirika mexikarraren gailurtzat jotzen da, hurrengo belaunaldietako egileengan eragin handia izan duena. Halaxe azaltzen du Josu Landa Goioganak, autorea bera ere aurkeztuz, euskarari ekarri ziolarik poema eta Idatz&Mintz aldizkariaren separata batean argitaratu. Gorostizaren heriotzaren 50. urteurrenean irakurgai daukazue, Luigi Anselmik itzuli zizkion bertze bi poemarekin batera.

Mar 09 23

Hamabi ipuin gehiago eta sei ipuinlari berri ipuina.eus atarian

Campion, Azkue, Aresti eta Nemesio Etxanizen ipuin gehiago igo ditugu, egileen estilo eta gai desberdinak dastatzeko.
P. Eri, Mikel Azurmendi, Joxean Agirre, Bordari eta Juan Martin Elexpuruk lehen agerpena dute Ipuina.eus-en. Nork bere estiloan, kontaera finkoz osatutako lanekin datoz, ausart eta umoreko. Gozamen hutsa.
Xalbador Garmendiak aipamen berezia behar du. Sortzaile gisa apatzen den aldiro eta edonon, Historia triste bat antzerkiaren egiletzat hartzen da. Besterik ez. Mingarria da oso, Garmendia kemen handiko narratzailea genuelako. Hona hemen Juan San Martinek eta Serafin Basaurik antolatu zuten Hegatsez liburuan (1971):”Ipuin askoren egilea dugu, beretariko batzuk aldizkarietan zabaldurik daude, baina beste batzuk argitara gabeak. Guziak bildurik, merezi luke liburu berezi bat osatzea“.
Kemen handiko narratzailea izan genuen, kritika soziala literatura bihurtzen zekiena protagonista maitagarriren bitartez. Hiru ipuin igo dizkiogu, garratzak.

Mar 08 23

Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat egungo literaturaren ikur

kristalezko begi bat

Amodiozko haustura batek eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara joango da, adiskide batzuek utzitako etxera; eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarriz.

2013ko martxoan horrela aurkezten genuen Literatur Emailuetan Miren Agur Meabe idazlearen Kristalezko begi bat nobela.

Bilbo Zaharra forum

10 urte geroago, Bilbo Zaharra Forumean solasgai hartu dute lana, eta hiru egunez nobelaren gainean arituko dira.

Mar 02 23

Roberto Juarrozen poesia bertikala

Poesia bertikala izenburuaren pean, 1etik 14ra zenbakituta hamalau poesia liburu argitaratu zituen Roberto Juarroz poeta argentinarrak 1958an hasi eta 1997ra bitarte. Beste poema solte batzuekin batera, horixe du obra. Kreazionista eta sinbolisten eraginpean idazten hasia, poesía kontzeptuala da berea, hitzen baitan absolutuaren bila murgiltzen dena. Liburuetan ere poemak izenbururik gabe, zenbakiz  ordenatuak ditu. Horien lagin ederra dakarkigu Iñigo Astizek, 17 poema euskaratuta.

juarroz

Agenda

Efemerideak

Kritikak