Euskal literaturan izen ezinbestekoa da Tene Mujikarena, idazle, ekintzaile politiko eta kultur eragilea. XX. mende hasierako jardun politiko abertzalean aritutakoa, Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen debarra, eta garaiko aldizkarietan eman zituen argitara narrazio eta artikuluak. Erbestea nozitutakoa, Gogo-oñazeak eta Gabon antzerki-lanen egilea da, eta duela mende bete argitaratu zituen bere idazki eta poemak, Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko Zale, 1923) izenburuko lanean. Grafia eguneratuta, poemak jarri ditugu irakurgai.
Mendea bete da ekainaren 10ean Pierre Loti idazle frantsesa zendu zela Hendaian, berea zuen Bakar Etxean. Obra oparo eta arrakastatsu baten egilea, bere karrera militarrari zor dizkion bidaietan oinarritutako obra gehienean, izan zuen harreman esturik Euskal Herriarekin (Juana Josefa Cruz Gaintzarekin lau seme-alaba izan zituen, ezkontzaz kanpo), eta eskaini zien eleberririk euskal lurrei: Ramuntcho (1897). Gure herri eta jendeen ikuspegi partikularra duen obra honetan oinarrituta, Idauze-Mendiko herriak duela 20 urte pastorala egin zuen, Pier Pol Berzaitzek idatzi eta osatua, Ramuntxo. Hona hemen obraren testua.
40 urte bete dira ekainaren 8an Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria hil zela. Bertso jardunarengatik ezaguna batez ere, plazaz plazako jarduna, bertso jarririk ere eman zuen eta Auspoa sailean batu ziren haren bertsoen bi bilduma, Noizbait (1964) eta Sasoia joan da gero (1974). Baina neurtuan egindako lanaz aparte, Uztapiderengan prosazko lana ere azpimarratzekoa da, bere bizipenen ez ezik garaien erretratua osatu baitzuen Lengo egunak gogoan (Auspoa, 1975) kronika-liburuan. 2001. urtean Antonio Zabalak Berriz plazara liburua ondu zuen, beste bertsolari batzuekin egin bezala, non Uztapideren bertsoaz biltzeaz gain (lehendik argitaratuak zituen bi liburuak eta Osasuna joan da gero), hari buruzko lekukotzak, argazkiak… jaso ziren. Euskaltzaindiaren webgunean daude irakurgai Auspoa bildumako liburuok.
Turkia bere herriaren eta bereziki bere herrikideen XX. mendeko ahots inportanteenetako bat da Nazim Hikmet-ena. Hainbat aldiz kartzelan egona (azken kartzelaldian 12 urte), alderdi komunistako kidea, Gabriel Arestik ekarri zuen euskarara Lau gartzelak eta beste zenbait poema liburua. Gerora, Iñigo Aranbarrik dozena bat poema itzuli zituen, eta badaude euskratutako beste poema solte batzuk ere. Ekainaren 3 batez duela 60 urte Moskun hil zen Hikmeten euskaratutako lanok bildu genituen hemen.
EIZIEren egitasmoa da 31 eskutikbloga, euskararen erabilerari buruzko testuak argitaratzeko 2012an sortua. 2016an etenaldi bat egin eta gero, 2023an atzera abiatu dute eta dagoeneko 900etik gora artikulu argitaratuak ditu. Eta berrienetako bat Gidor Bilbaok idatzitako Latindar literatura euskaratzeko proiektuak: Orixeren 1919ko asmoetatik UPV/EHUren ADDIra izan da. Artikuluan errepasoa zehatza egiten zaio latindar literatura itzultzeko asmoei, eta egitasmoen eta liburu formatuan argitaratu diren testuez gain, gogoratzen du EHUren Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica poriektua, zeinak hiru emiatza izan zituen, hirurak ere sarean osorik irakur daitezkeen liburuak: Salustioren Jugurtaren aurkako gerra; Virgilioren Bukolikak eta Georgikak eta Zesarren Galietako guda. Artikuluaren amaieran, azkenik, Itzulpengintza Graduko ikasleen gradu amaierako lanetan egindako itzulpen testuen berri ere ematen da, horietako asko ere sarean irakur daitezkeenak.
Miriam Lukik idatzitako Argialdiak ipuin liburuari irudi aurkezpena prestatu dio Julen Altubek. Maite Gurrutxagaren ilustrazioak, Verde Pratoren ahotsa eta zenbait irudi eta letra batu dituzte book trailerrean.
Afrikaren Eguna da maiatzaren 25a. Ez dira gehiegi oraindik euskarari ekarritako egile afrikarren liburuak, tamalez, baina poema eta narrazio zenbait baditugu Euskarari Ekarriak atarian. Dataren karietara, testu horietatik bi gogorarazi nahi ditugu. Ngugi wa Thiong’o Kenyako autorearen Aintzazko minutuak, alde batetik. Afrikako idazle handienetako bat, bertako hizkuntzen eta kulturaren aldeko hautu, aldarrikapen eta gogoeta ezinbestekoak eginak dituena. Testu horietako bat da Aintzane Ibarzabalek Bake zibila (Susa, 1989) libururako euskaratu zuena. Belaunaldi berrien erakusgarri, bigarrena: NoViolet Bulawayo zimbawetarraren Jo dugu Budapest ipuina, postkolonialismo ondorena dei dezakegunaren literatur emaitza.
Ogiaren usaina eta izuarena. Hitzen pisua eta iraganarena. Nola eraman guztiak gorputz bakarrean? Zer esan merezi izan ote duen jakin nahi duenari eta zer prestatu azkena izango den afari handirako? Noraino garen ahizpa eta zenbat gehiago iraun dezakeen ihartzen utzitako laguntasunak; zenbat trago izango ziren denera, zenbat airean kiskalitako hegazkinak. Gisa horretako galderak dabiltza Miriam Lukiren estreinako ipuin liburuko protagonisten buruetan. Maitale, lagun, senide zein klase arteko harremanen ertzak behatu ditu idazleak bederatzi kontakizun hauetan, nola, isiltzearen isiltzez, zerbait pitzatzen den azkenean eta tartetik argi-zirrinta bat sartu, joan edo geratu, ezinbestean erabaki behar ez dela ohartuz. Osorik irakur dezakezue sarean gaurtik aurrera.
Joan Mari Irigoien hil da. 74 urte zituela, itzali da Altzako idazlearen irribarrea, eraman du heriotzak bizitzara engaiatuta bizi eta jardun izan duen laguna. XX. mendeko euskal literaturako erreferente ezinbesteko bat, narratibaren alorrean eman zituen lanik ezagunenak, 47 urteko ibilbidean obra bikain eta aberatsa osatuz. Eleberrigintza bereziki landuagatik ere, 1975ean, frankismopean artean, poesia liburua izan zen argitara eman zuen lehen lana, Hutsetik esperantzara, eta geroztik beste zazpi poemario ere argitaratu zituen. Susa argitaletxeak XX. mendeko Poesia Kaieren bilduman kaleratu zuen antologiaIrigoienenen jardun lirikoaren erakusgarri aparta da. Hona bi liburuak, idazle handiari omenaldi.
Jon Benitoren Etenari buruzko manifestu bat sei erretenetan testuak zabaldu zuen 2023ko Literaturia, 2023ko maiatzaren 5ean. Erretenetik erretenera, tarteka etenka baina et, et, et, eten barik, mintzaldi eder eta iradokitzaile batek abiatu zuen 2023ko udaberriko letren azoka, Zarautzen. Osorik edo zatika, zuk aukeratu erritmoa, eta gozatu manifestua.
Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du Libe Goitia Artetxek Fast fatum poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean. Osorik irakur dezakezue sarean.
Musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak Su festak saiakeran, mende erdian, eremu globalean zein lokalean jazotakoak harilkatuz: Mairuelegorretako kobetatik hasi, Woodstocken errepliketatik igaro, eta Kobetamendiko zein Irisarriko zelaietara heldu. Gerraosteko kontsumo gizartearen garapena, transgresioaren lilura, gaztetasunaren asmakizuna, folklorizazioa, gentrifikazioa, urbanoa irentsi nahi duen urbanismoa, eta beste arakatu ditu Urzelai Urbietak. Walden, Martxa eta Borroka, Guggenheim. Be basque eta normaltasun simulakroak. “Marka bat eraiki nahi da, ez herri bat”, ohartarazi du. Harekin, baina, gogo kolektibo garaikidea taupaka non den ere bistaratu du, non ari den tradizioa berritzen, non komunitatea bere burua berrimajinatzen. Oro ez baita erre usaina oraino. Osorik irakur dezakezue sarean.
Ez daukatenen, zapalduen, jazarrien aldeko ahotsen artean Mario Benedettirenak toki nabarmena irabazia du, eta argiro azaltzen da Inma Errea Cleixek prestatu duen itzulpenean. Baina, era berean, pertsonez betetako poemak dira uruguiarrarenak, zu, zuek eta gu-z beterikoak, xamurrak eta gogorrak, publikoa eta pribatua bateratzen dutenak, lerro motz, egitura ia narratiboa dutenak askotan, baina ez horregatik sinpleak; izan ere, Benedettik irisgarritasunaren eta sakontasunaren, hunkiduraren eta neurritasunaren arteko orekari eusten dio gutxik bezala. Munduko Poesia Kaierak bildumako antologia honetan gozatzekoak.
Beharbada teatrogile gisa errekonozimendu handiagoa izan badu ere, gaur egun inor gutxik ezetsiko du XX. mendeko poemagile aleman eta europar nabarmenetako bat ere izan zela Bertolt Brecht (Augsburg, 1898 – Ekialdeko Berlin, 1956). Baditu Brechtek ale oso narratiboak, baditu elegiak, baditu kantuak, odak, ereserkiak, baladak, neurtitz errimadunak, bertso libre ia prosazkoak… Formaz gain, edukiak ere aparteko garrantzia izan du egile alemaniarraren kasuan. Konpromiso sozial handikoa, boterearen aurkako eta justizia sozialaren aldeko aldarria dago Bertolt Brechten obra osoaren muinean, zeinaren lagin bikaina ekarri baitu Irati Majuelo Itoizek Munduko Poesia Kaieren bildumako 45. antologian.
Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin. Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.