Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Antzeko eskaera egin zioten Hea kultur elkartekoek Miren Agur Meaberi. Eta aurreko larunbatean, eta idazleakNola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia prestatu zuen, beren beregi. Zaldiarri bilduman argitaratu dute antolatzaileek, eta gaur Virginia Woolf idazlea omentzeko xedez, osorik dakargu sarera.
Aurten bete dira 200 urte Charles Baudelaire jaio zela (1821eko apirilaren 9an). Lirika modernoaren abiatzaileetako bat, hala bizitza nola obra erreferente ezinbestekoak dira literatura unibertsalean eta euskarara ere hainbat aldiz ekarri izan da, liburu osoak eta poema solteak; eta gurean Lauaxeta izan zen fusilatu aurretik Baudelaire poetaren lanak euskarara ekarri zituztenen artean aitzindaria. Euzkadi egunkarian argitaratu zen 1930eko urriaren 12anOdol iturrijapoema euskaraturik.
Orain, IbonRG musikariak, pianoaz lagundurik eta Enrike Hurtado musikari eta programatzailea ondoan duela kantua osatu du Baudelairek idatzi eta Lauaxetak euskaratutako testuarekin.
Aurten, berriz ere Durangoko azokan batuko gara irakurle eta idazleekin. Iazko azoka birtualaren ostean, abenduaren 4tik 8ra bitartean, Durangoko Azokako Barrenkale-ko 36-37-38 standetan aurkituko dituzue gure liburuak. Gurdia bete libururekin goaz aurten be Durangora, eta aurtengo nobedadeez gain, aurreko urteotako liburu andana izango ditu irakurleak parez pare.
Aurkezpenak
Ahotseneako egitarauaren barruan, Susa argitaletxeko liburu eta idazleekin hamar aurkezpen izango dira larunbatetik asteazkenera Landakoko eta Musika eskolako areto berezietan. Aurkezpen gehienek gainera, gonbidatu bana izango dute. Agendan dituzue saio guztiak banan banan.
Duela urtebete doi, 2020eko urriaren 16an, etxeratze agindua indarrean jartzekoa zen arrats berean, Virginie Despentesek irakurraldia egin zuen Parisen, Gorputz iraultzaile baten sorkuntza izenekoa. Pandemiaren erdian, covidaren irakaspenez ari da, iraultzaren aldeko aldarri tinkoan. “Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean“. Mikel Antzak euskarari ekarri dio hitzaldi hori, eta itzultzaileak berak bere ahotsez grabatua entzun ere egin daiteke testua.
Ikastetxe, euskaltegi, irakurle talde… bide oparoa egin du azken urte biotan Miñan nobelak, 2019an Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallus Antiak eskuz idatzia. Oraingoan, audioliburu formatuan ere gozatzen ahal da liburu hori, Arzallus Antiak berak grabatua.
Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.
Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen, Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.
2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Abuztuaren 29a bitarte, Kepa AkixoZigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.
Antzerkiaren harra barruan darama Gaizka Sarasolak, eta ez lo. Mairu antzerki tailerra eta urteotan egin duen lana da horren erakusgarri. Berriki Susa argitaletxearekin Ganbila bildumanZerrakuretan liburua publikatua, 2016an hiru testu bildu zituen Erleak, satorrak, beleak liburuan, edo! argitaletxearekin argitara emandakoa. Osorik eskaintzen dizkizuegun hiru teatro-testuotan —Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka—, inguruan duen errealitatea gordin hartu zuen egileak, eta bufoiaren arimari fidel, itsusia edertu, antzerki bilakatuz. Gozatu.
Arantxa Moñuxen ideia batetik abiatuta, Higa Antzerki Taldeak 2010ean sortu zuen Espazio hutsak ikuskizuna (hastapenean izena “Ene poltsa handia eta biok” izan bazuen ere), Amaia Lasaren testuetan oinarrituta. Moñuxekin batera Kristina Ropero eta Maria Alonso aritu ziren antzezle lanetan, Mercedes Castañoren zuzendaritzapean eta Iñaki Santosen musikak lagundurik. Haiek jarri zieten ahotsa Lasaren testuei, gorputzak ere mintzo diren antzerki lanean. “Aurrez aurre, emakumeak protagonistak” jardunaldien barruan Tolosan egindako estreinaldi hartako bideoa eskaintzen dizuegu oraingoan.
Armiarma.eus berritu dugu, berritzen ari gara. Euskal idazleen aipuak irakurriko dituzu atariaren goikaldean, sartzen zaren aldiro bat. Modu ikusgarriagoan. Eta bilatzailea ere badu atari berrituak. Literaturaren Zubitegian, Euskarari ekarriak gunean, Kritiken hemerotekan eta Literatur Emailuetan egiten ditu bilaketak eta emaitza plazaratzen du ordenatuta. Izan idazle, izan kontzeptu; bilaketaren emaitzak literaturaren sarean murgiltzeko gonbidapena luzatuko dizu.