Duela 20 urte aurkeztu zen Literatur Aldizkarien Gordailua eta Armiarma
2001eko martxoaren 24an Zarauzko liburutegian aurkeztu genuen Literatur Aldizkarien Gordailua. Ibinagabeitia proiektua izena hartu zuen literatur aldizkariak digitalizatu eta sarean eskaintzeko egitasmoak, Andima Ibinagabeitia idazle, erbesteratu eta euskal aldizkarietako sustatzailearen omenez.
Euskal literatura modernoko lehen aldizkaria Ustela dela esan liteke: Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek sortu eta osorik idatzia aurreneko zenbakia, 1975eko urtarrilean: Panpina Ustela. Beste bi zenbaki argitaratu ziren 1976an: Zorion Ustela eta Mermelada Ustela.
Ondorengoak dira: Pott (1978-80), Oh! Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Xaguxarra (1980-81), Txistu y Tamboliñ (1983-93), Kandela (1983-84), Korrok (1984-89), Ttu-Ttuá (1984-85), Txortan (1984-85), Porrot (1984-90), Literatur Gazeta (1985-89), Mazantini (1991-93), Garziarena (1992-94), Zantzoa (1996-98). Aldizkari hauek izan ziren digitalizatu eta sareratutako lehendabizikoak. Bigarren urrats batez, Gernika (1945-53), Olerti (1959-95), Idatz & Mintz (1981-…), Maiatz (1982-…), Stultifera Navis (1982-83), Pamiela (1983-93), Plazara (1985-92), Zintzhilik (1986-94), Enseiucarrean (1986-99), Garziarena Berria (1997-98) eta Vladimir (1997-2000) aldizkariak gehitu genituen 2002ko urtarril-otsailean. Hurrengo urteetan sarean jarri genituen Euzko-Gogoa, Olerti edota Egan-en 1987 bitarteko zenbaki guztiak. Horrela sortu zen egun armiarma.eus bezala ezagutzen dugun literatur edukien sarea.
Duela 20 urte aurkeztu zen Literatur Aldizkarien Gordailua: https://t.co/JyxZtVptNPhttps://t.co/1FcyRpzKJj pic.twitter.com/Ki8mTfgbRC
— Susa literatura (@armiarma) March 24, 2021