Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Sarrera

 

      Erdi Aroan piztiarioak (Bestiarium vocabulum, latinez) izen eta ospe handiko liburuak izan ziren Europa guztian —Frantzian eta Ingalaterran, bereziki—. Geroztik ere, izan dute entzutea, eta piztiarioek eta piztiario-egileek tradizio luzeko katean jarraitu dute gaurdaino.

      Liburu mota horrek, izan ere, beti izan du distira berezia; antzinako garai ilunetatik erantsita dakarren xarma, agidanean. Piztiarioek, ez dago zer esanik, animalien izaeraz eta haien ohiturez jarduten dute, oinarrian, horixe esan nahi baitu, azken batean, Bestiarium vocabulum horrek: animalien liburua, edota animaliei deitzekoa, piztiak izendatzeko manera, zehatzagoak izan nahi badugu.

      Animalien izaera kontatzen duten liburuen iturburuak aztertzeko asmoz haien sorreretaraino jo nahiko bagenu, Erdi Aroko piztiarioak baino askoz zaharragoetara jo beharko genuke: Greziako, Erromako eta Pertsiako hainbat liburutara, hain zuzen. Physiologus aipatu ohi da liburu aitzindaritzat, eta grekoek idatzia omen da (agian II. mendean, agian beranduago), orduan Greziako kulturaren itsasargi zen Egiptoko Alexandria hirian, ia segurki. Hiri horretako liburutegi handian, antigoaleko beste hainbat libururen artean, aurkitu zuten, behintzat.

      Physiologus zaharrak (http://physiologus.proab.info/) hainbat argitaratze eta moldaketa izan zituen XII. mendera arte, eta, lehengoez gain, testu berriak eta irudi ederrak gehitu zizkioten argitaratze bakoitzean.

      Aitzindari horren ondoren, beste hainbat liburu etorri ziren, taxuera berekoak. Liburu horietan hainbat animalia, landare eta arrokaren deskripzioak ageri ziren (animalienak, batik bat): batzuk aski ezagunak; beste batzuk benetakoak, baina irudimenak kutsatutakoak; eta beste zenbait (ez gutxi, gainera), zeharo fantastikoak.

      Onar dezakegu, beraz, izakien deskripzioa (animaliena, bereziki) dela piztiarioen berezko izaera; baina ez deskripzio hutsa eta hotza, gaur egungo taxonomiak egingo lukeen moduan. Piztiarioetan, izaki bakoitzaren deskripzioaz gain, haren gainean ezagutzen ziren sineskeriak zetozen idatzita... eta, izakiaren portaera oinarri hartuta, egin zitezkeen adierazpen moralak.

      Piztiarioetako animaliak etsenplu-iturri izan ziren nola sermoietan hala bestelako oratoriazko ekitaldietan, piztiarioetatik hartzen baitziren adibideak hitzaldiak loratu eta dotoretzeko. Esaterako, katazuri edo erbinude zuriaren gainean esaten zen animalia horrek (Mustela erminea), erbinude arruntaren (Mustela nivalis) antzeko animalia izanik ere, bazuela berezitasun aipagarria, zeina loturik baitzegoen piztiaren neguko janzkerarekin. Izan ere, katazuriak bi jantzi edo ilaje ditu urtean zehar, gorrixka udan eta erabat zuria (muturra eta isatsaren amaiera beltza izan ezik) neguan. Kontatzen zen piztiarioetan erbinude zuria ihesi doala lokazti batekin topatzean, nahiago izaten duela ehiztarien eskuetan erori bere jantzi orbaingabea, inmakulatua, zikindu baino. Hortik, gero, ikaskizuna. Alegia, hobe dela bizia galtzea, likiskeriaren bekatuan erori eta garbitasuna galtzea baino.

      Piztiarioak edo brebiarioak garraiobide, istorio hori, ehunka urteko bidea eginda, gure egunetara iritsi da, eta hala jarraituko du, seguru asko, eskoletan nerabeei erlijioko ikasketak ematen zaizkien bitartean.

      Era berean, pelikanoarengatik esaten zen beste janaririk ez zuenean bere bularraldea urratu eta handik isuritako odola eskaintzen ziela umeei, seme-alabengatik dena emateko prest dagoen guraso onaren eredu; edota bazirela sugearen begiradarekin liluratuta betiko galtzen ziren txorikumeak, non ikas baitzitekeen ez dela inoiz bekatuaren eta bekatarien deiak liluratuta bide zuzena galdu behar. Etsenplu zaharrak predikarien ahotan.

      Predikarien ahotan bezalatsu, idazleen lumetan eta artisten pintzeletan ere luze bizi izan dira piztiarioak, eta Jorge Luis Borgesen 1957. urteko El libro de los seres imaginarios (Manual de zoología fantástica ere deitua), dugu adibiderik garbiena, baina ez bakarra. J. R. R. Tolkienen mundu fantastikotik abiatuta David Dayek Tolkienen Piztiarioa (The Tolkien Bestiary, 1978) idatzi zuen eta hainbat marrazkilarik apaindu, eta 1987.ean Michael Pagek idatzi eta Robert R. Ingpenek apaindu zuen Encyclopedia of Things That Never Were, inoiz izan ez diren gauzen entziklopedia ezin ederragoa.

      Alferrik ari naiz, ordea, luzamenduetan, egindako hautua zuritu beharrean. Beti interesatu zaizkit piztiarioak, eta sortu didaten lilura bereziak bultzatu nau liburu hau idaztera. Piztiarioetan naturaren arauak eta irudimenaren sormen eroak elkartzen dira, eta horrek txunditzen nau.

      Liburuaren erdi batek historia luzea du: aspaldi batean, Juan Luis Baroja Colletek piztiario bat egitera tentatu ninduen, eta grabatu-liburu batean amaitu zuen kontuak. Liburu honetako irudimenezko animalia guztiak (lehenengo alfabeto-zerrendakoak, aurretik doazenak) grabatu-liburu hartatik etorriak dira.

      Gainerakoa, bigarren erdia, bigarren alfabeto-zerrendako animaliekin osatutakoa, inkietazio batetik sortu da, galdera kezkagarri bati erantzuna ematetik: Ez al daude benetako animalien artean piztiarioetan ageri diren irudimenezko piztiek adinako espantua edo lilura sortarazten duten beste hainbeste?

      Hortxe, bada, liburua bi partetan partitua eta berezia. Alfabetoko letra bakoitzean, aurrena doan animalia irudimenak sortua da; bigarrena, beti egiazkoa. Lehenengo zerrendako piztiek harridura sortzen badute gizakiok sortutako irudiak diren aldetik, bigarren zerrendakoak, berriz, irudikatzen ere zailak egiten zaizkigulako dira bitxi.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012