Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

 

U

 

 

 

Unikornioa edo adarbakoitza

 

      Izaki fantastikoen artean sinesgarritasun handikoa izan da, ia betidanik, unikornio, adarbakoitz edo adarbakar izenekoa, eta ez da harritzekoa, Plinio Zaharrak eta, batez ere, Aristotelesek sinetsi egin baitzuten animalia hori benetakoa zela.

      Aristotelesen autoritateak onetsita, nor harritu Erdi Aroan izan zuen ospearekin? Garai hartako ohizko marrazkietan zaldi zuri orban gabeko baten irudian marraztu ohi zuten unikornioa, eta kopetaren erdian zut zuen adar bakarra zen bere bereizgarri nagusia. Hala eta guztiz, fauna fantastikoan adituek zuzendu egiten dute Erdi Aro berantiarreko eta Errenazimentu garaiko irudi europartu hori. Ikertzaile zehatzenek honela deskribatzen dute unikornioa: zaldiaren irudikoak izan ohi dira, adar luze eta kiribildua dutela kopetaren erdian, ahuntzaren antzeko bizarrak kokotsean, zezenaren apatxak eta lehoiaren isatsa.

      Adarbakoitza bizirik ezin daitekeela harrapa esan izan da. Hala eta guztiz, dontzeila gazte batek bere altzora erakarri eta adarretik helduta mendera dezakeela uste dute zenbaitek.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012