Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

 

P

 

 

 

Pazko uharteko gizatxoria

 

      Pazko uhartean argibiderik gabe gordetzen diren hainbat misterioren artean, bertako gizatxoriarena da bat.

      Uharteko harri batean zizelkaturik ageri da piztia horren irudia, erdi gizon eta erdi hegazti. Gizakiaren antzeko bi oinen gainean dagoela, hegazti ala gizon konkortu baten gorputza du, eta erabat hegaztiarena den buruak moko luzea eta zorrotza, hegazti harrapari bati dagokion antzekoa.

      Ez da oso erraza piztia horren goiko gorputz-adarrak hegoak ala besoak diren bereiztea, bien eitez osaturik daudela baitirudite. Esan genezakeen bakarra hauxe da: horiexen artean gordetzen eta zaintzen duela, amoroski, bere etorkizuna izan daitekeen arrautza.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012