Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Darwinius masillae, ezkututik argitara

 

      Zientziak badu azken urteotan barne-barnetik hozka ari zaion harra: egindako ikerketa, aurkitze edo berrikuntzei ahalik eta azkarren etekina atera beharra.

      Ikerketan diru asko inbertitzen duten enpresak (genetika ikertzen dutenak, botika berriak sortzeko laborategiak.) patenteak ezartzen hasi dira egindako aurkikuntzei, aurrez jarritako diruari zuku gehitua ateratzeko. Zientziak errentagarria izan behar omen du.

      Batez ere diru publikotik bizi diren zientzia-elkarte eta unibertsitate askok mila katramila asmatu behar izaten du diru hori jasotzeko: horrelako edo halako ikerketan dihardutela, horrelako edo halako lana egiten ari direla, eta ikerketa edo lan horrek onurak ekarriko dituela.

      Batzuetan egoera bitxiak izaten dira, Darwinius masillae ugaztun txikiarekin gertatu den bezala.

      Ugaztun horrek lotura estua izan du Charles Darwin jaunarekin (izenetik beretik hasita). Baita hark argitaratu eta berehala sekulako hautsak harrotu zituen eboluzioaren teoriarekin ere.

      Darwinek eboluzioaren oinarriak jarri zituen une beretik, nahikoa garbi zegoen teoria hark eragin handiak zituela sinesmenetan eta, batik bat, ordura arte erlijioaren eremua izan zen arloan: bizitzaren sorreran. Azken batean, ez da gauza bera sinestea izaki bizidun guztiak Jainko batek sortuak direla, edo arbaso zahar eta primitibo baten eboluziotik eratorriak direla. Teoriak erabat aldatzen du munduaren eta natura osoaren ikuspegia.

      Garai hartan ohiko galderak hauek ziren: bizidun guztiak Jainkoak une batean sortuak izan ordez aurreragoko arbaso zaharrago batetik sortuak badira, non daude arbaso horiek? Eta, batez ere, zein dira gizakion arbasoak?, eta non daude haien arrastoak?

      Kate hori, zaharretik berrira doana, mailaz maila eta begiz begi, izaki primitiboenetik gizakira (inoiz ez baitzen pentsatu gizakia ez zela izakirik garatuena), horixe bilakatu zen kreazionisten helduleku nagusia: non dago eboluzioaren zaleek predikatzen duten kate hori?

      Teoria argitaratu bezain azkar hasi ziren eboluzioa onartzeko prest ez zeudenak eskatzen erakusteko non zegoen eboluzioaren katea osoa. Erakusteko bizidunen edo fosilen zerrenda luzea, kate-mailaz kate-maila, aldaketak argi erakutsiko zituena.

      Zerrenda hori osatzeko zailtasunak eta kakoak ugariak ziren eta zerrendetan ikusten ziren jauziak nabarmenak; esaterako, nondik sortu ziren hegaztiak? non zegoen lehenengo hegaztiaren arbasoa?

      Horretan hasteko gogo gutxiena zuenak ere katebegi galdu horien ehizan hasi behar izan zuen.

      Darwinek Espezieen jatorria idatzi eta handik hiru urtera Alemanian aurkitu zuten Archaeopterix generoko bizidun baten fosila, dinosauroaren eta hegaztiaren arteko katebegia izan zitekeena. Kreazionistek ukatu egin zuten fosil horren balioa denbora luzez: fosil bakarra zela, bi animaliak osatutako fosila izan zitekeela, norbaitek antolatutako faltsukeria, agian.

      Gaur egun, hamar bat Archaeopterix fosil ezagutzen dira, eta onartua dago hegaztiak dinosauroen ondorengoak direla. Hala ere, Galdutako katebegiaren kontua behin eta berriro aipatzen da komunikabideetan, arazoak erro luzeak baititu, eta, erlijioaren ikuspegitik, beste edozer baino kezkagarriagoa da Zein izan ziren gizakiaren arbasoak? galdera. Beharbada, horregatik hartu zuen beste bide bat kreazionisten galderak: Gizakiaren arbasoak tximinoak izan zirela esan nahi duzu?

      Darwinen liburuan ez da horrelakorik esaten, nahiz eta haren teoriaren aurkakoek aurpegiratutako postulatu horrek, gizakiok tximuetatik gatoz, argi adierazi eztabaidaren muina. Erlijioaren ikuspegitik garbi zegoen zer zen zalantzan jartzen zena, eta baita erantzuna ere: “Liburu santuak dio Jainkoak sortuak direla izaki guztiak eta ez etorri bazterrak nahastera izaki guztiak aurreko arbasoetatik sortuak direla esanez, are gutxiago gizakiaren kasuan, gizakia Jainkoaren irudira egindakoa baita”.

      Ospetsua da Oxfordeko Zientzien Aurrerapenerako Elkarte Britaniarrean Darwinen teoriaren inguruan izandako eztabaida. John Draperrek aurkeztu zuen Darwinen liburua, teoriaren alde eginez, baina Oxfordeko gotzainak (Samuel Wilberforce) gogor egin zion aurka. Hurrengo txandan, sutsu hasi zen J. D. Hooker Darwinen alde, baina benetan Thomas H. Huxley izan zen teoriaren alde gogor borrokatu zena (Darwinen bulldoga deitu zioten, gero).

      Samuel Wilberforce gotzainak esan omen zion Thomas Henry Huxleyri:

      —Eta zu zein aldetatik zatoz tximutik, aitonaren aldetik ala amonaren aldetik?

      Eta Huxleyk:

      —Nahiago dut tximino bat izan arbaso, zu bezalako gizon jantzia izanik bere kultura eta hitz egiteko erraztasuna gezurraren eta aurreiritzien mendean jartzea baino.

      Garai hartako ideia hori (tximinoetatik gatoz) eta gizakion arbaso zaharrekiko lotura zehaztu beharra gure artean dabiltza, oraindik hezurretaraino sartuta. Tarteka-tarteka, komunikabideek berpiztu behar dute gure ahaide zahar galduaren kontu hori.

      Beraz, ulergarria da Darwinius masillae espeziearen une bateko ospea eta komunikabideetan izan zuen informazio-zarata. Aipatutako bi elementu nagusik sortu zuten zurrunbiloa: gaur egungo zientziaren diru beharra eta hedabideek (gizarteak) katebegi galduarekin duten tema. Bi hari-mutur horiek lotzen dute Darwinius piztiaren opari-kaxa distiratsua.

      Darwinius masillae desagertutako ugaztun espezie bat da, duela 47 milioi urte Europan bizi izan zena, eta 1983. urtean Messel ibaiaren inguruan (Frankfurtetik hurbil) aurkitutako fosil baten bidez ezagutzen dena. Fosileko animalia horrek hirurogei bat zentimetro ditu eta isats luzea; emea da eta heldugabea, ume koskortua. Badirudi eskumuturra hautsia zuela, eta, agian, hori izan zela arrazoia Messel ibaian edatera joan zenean, uretara erori eta han itotzeko. Bi begi handi aurpegiaren aurreko aldean dituela, gaur egungo lemurren antz handiagoa du tximino batena baino. Baina, bestalde, zientzialariek ikusi dutenez, primateen (tximinoen) taxuketa gehiago du lemuridoena baino, hau da, tximinoak eta lemurrak baino antzinagokoa izan daiteke, haien aurrekoa.

      Fosil hori zientzialarientzat ezkutuan egon zen 1983tik 2006 urteraino. Itxura denez, geologo amateur batek aurkitu eta zientzialarien zirkuitutik aparte saldu zuen. 2006. urtean, Hanburgoko mineralen eta fosilen ferian saltzaile batek Jorn Hurum paleontologoari eskaini zion (milioi bat dolar eskatu omen zizkion). Osloko Unibertsitatekoek erosi eta, bi urtez aztertu ondoren, prentsan istilu eta arrandia handiz aurkeztu zuten, galdutako katebegi ospetsu horietako baten gisa: primateen, gainerako tximinoen eta tarsidoen (prosimioak, lemurraren klasekoak) arbasoa.

      Honaino historia, bere gatz-piper urriarekin eta xarata mediatiko handiarekin. Hemendik aurrera, fosilaren kontu hori dela eta zabaldu diren kritika-hotsak.

      Zenbait zientzialariren ustetan, zientzia-dibulgazio aldizkarietan eta, orokorrean, komunikabideetan neurriz kanpoko garrantzia eman zaio aurkikuntza horri, eta zientzian eta ikerketan gero eta gehiago zabaltzen ari den joera txar baten adierazgarri dela diote: hainbat aurkikuntza puztu egiten dira etekinak azkar eta ugari ateratze alde. Fosila jaso zuen museoak “Mona Lisa” antzeko bitxia balitz bezala iragarri zuen, Ida izena jarri zioten fosilari (Jorn Hurumen alabaren izenarengatik) eta pop abeslari baten azken emaitzaren gisara aurkeztu zuten, marketing kanpaina eta guzti.

      Zenbait zientzialarik gogor ekin diote beren ustez iragarpen zaratatsua eta hutsala izan den horri. Haien ustez, fosil hori kate luzean tarteko pauso bat besterik ez da, eman zaion garrantzirik ez duena, eta benetako arbaso komunak Paleozenokoa beharko luke (65-56 milioi urte) eta ez Eozenoaren erdialdean (47 milioi urte).

      Kontuak kontu, Darwinius txikiak, gure Ida gaixo ibaian itoak, izan ditu loriazko bere minutuak, eta loriak eman dio piztiarioan sartzeko eskubidea.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012