Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Scincus scincus, hareetako korrikalaria

 

      Eskinko arrunta muskerren familiako animalia harrigarri bat da. Ia harra beteko luzera du, kafesnezko karameluaren kolorea, marra ilunagoekin, eta mutur luzeko buru zorrotza. Gorputza estilizatua du, ziraun edo aingira baten gisakoa, distiratsua eta ezkataz estalia, lau hanka ondo garaturekin, sendoak eta ez oso luzeak. Isatsa nahikoa laburra da bere tamainako beste hainbat muskerren isatsarekin alderatuz, txapala eta zorrotza.

      Afrikako ipar-ekialdean, Saudi Arabian, Iranen eta Iraken bizi da, lurralde lehor eta mortuetan. Basamortuko bizitzara moldatua dago, jakina, eta horren adierazgarri dira animalia horren sudur-zuloak eta begiak. Hondar-aleak ez begietan eta ez sudur-zuloetan ez sartzeko, zulo txikiak eta hermetikoki ixten direnak ditu. Hobiratuta ere, beraz, ez da hondarraren beldur.

      Basamortuko beroei ihes egiteko, eskinkoaren estrategia nagusia harearen barrenean sartzea da, behar adina bidean, hezetasun apur bat eta, batez ere, kanpokoak baino tenperatura jasangarriagoak bilatzera. Odol hotzeko animalia izanik, azalerago edo barrurago sartuz kontrola dezake komeni zaion tenperatura, harea eroale txarra izanik, ez baita goiko geruza mehe batean besterik berotzen.

      Hondarraren azpian sartzeko abilidade horrek eskaintzen dio, bestalde, bere etsairik handiena den feneko azeriaren letagin edo atzaparretatik ihes egiteko bide egokia.

      Eskinkoa intsektujalea da, tamaina horretako hainbat musker bezala. Intsektuek mugitzean, hegan egitean edo harea gainean ibiltzean sortutako soinu eta bibrazioak sumatuz ehizatzen ditu. Ehiztari abila izan ohi da.

      Eskinkoaren ezaugarri bitxiena, haren ahalmen harrigarria, harean igeri egitea da, eta hortik datorkio bere izen arrunta: harea-muinoetako arraina.

      Eskinkoa sugandila eta muskerra ez bezala higitzen da hareatan, ez baititu hankak haiek bezala erabiltzen. Eskinkoak, harea artean igerian doanean, ez du korrika egiten hondar artean, ez ditu hankan edo oinak arraun gisara erabiltzen, eskinkoak benetan egiten du igeri, hankak gorputzari itsatsi eta arrain baten mugimenduak eraginez bizkarrezurrari. Ikertzaileek X izpiak erabiliz aztertu dutenean, halaxe ikusi dute eskinkoa, harean igerian.

      Piztiario zaharrek ekarri digute animalia arraroen berri, sinesten zailak diren kerako animalien albisteak. Haien artean egon beharko luke, beharbada, harea-muinoetan igeri egiten duen arrain hori ere.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012