Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Kapibara

 

      Piztia hau animalia aski ezaguna da gaur egun, baina ez horrela garai batean, eta ezagutze ez horrek sortu zituen, dirudienez, zenbait buruko min Europako jendeengan, Eliza Santu Katolikoa zela barne, ez baitzuten asmatzen piztia horren izaera nola uztartu Europako animalia ezagunekin. Horrek arazoak sortzen zituen.

      Kapibararen latinezko izena Hydrochoerus hidrochaeris da, eta bi aldiz errepikatzen du aspaldiko errore handia, bi aldiz deitzen baitio piztiari uretako txerri.

      Egia da Europan txerriak bezala kapibarak talde koxkor edo handietan ibiltzen direla, eta ura dagoen lekuak maite dituztela, baina horrek ez luke nahikoa izan behar uretako txerri deitzeko piztia horri.

      Kapibara gaur egun bizi den karraskarik handiena da, metrotik gorako luzera izan dezakeena eta 50tik 65 kiloko pisua. Gorputza biribila eta barrika baten irudikoa du, hanka labur samarrak, mintz laburrak hatz artean, buru txiki laukizuzen eitekoa eta bai sudurzuloak bai begi-belarriak goiko aldean kokatuak. Uretan eroso bizi den piztiaren itxura du, esan nahi baita uretan ia erabat ezkuta daitekeela, hala nahi izanez gero, sudurzulo, begi eta belarriak bakarrik dituela uretatik kanpo.

      Ilajea gaztain-gorrizta da gaineko aldean eta argiagoa sabelpean. Ez da ile ugarikoa, leku beroetan bizi den animalia denez, eta eguzkiak kalte egin diezaioke larruazalean, eguerdiko eguzki-galdak batik bat. Horregatik, ohitura du ur-ertzeko lokaztietan itzulipurdika ibiltzeko, lohiz ondo basitu eta azalaren gainean lehortutako lokatza erabili eguzkiari gogor egiteko. Txerrien jokaera da, beraz, haiekin identifikatua izateko arrazoietako bat.

      Kapibarak aintzira, ibai, padura, eta ur-putzu inguruetan bizitzea maite du. Eguneko beroari ihes egiten saiatzen dira, uretan sartuta edota lokaztietan ezkutaturik, eta ilunabarrean joan ohi dira ur-ertzetako landaretzan gogoko dituzte landareak bilatu eta jatera. Zenbaitetan gustuko landare horiek gizakiak landatutako azukre-kanaberak, angurriak edo arto-sailetako artoak izaten dira, eta hortik kapibarek gaur egun gizakiarekin duten etengabeko eztabaida eta konponezina.

      Beste karraskari asko bezala koprofagoa da, kaka-jalea. Izan ere, karraskariek ez dute hausnarrean egiten, ez baitute hausnarkariak bezala urdail-sistema konplexurik. Hausnarkariak jatena ahalik eta azkarren jan eta lehen urdail edo errumenean sartzen du. Gero, leku lasai batera joan ohi da. Bitarte horretan, eta zenbaitetan denbora luzez, jakiak errumenean oxigenorik gabeko zaku batean bezala daude, errumenaren mugimenduek batera eta bestera astintzen dituztela. Zaku horretan milioika mikroorganismo bizi dira (bakterioak gehienak) belarren zelulak hautsi eta zelulosaren osagaiak banatzeko gai direnak. Errumeneko eta erretikuluko (bigarren urdaila) edukiak etengabe nahasten dira, eta erretikuluak janari-zatiak bereizten ditu. Handiak eta txegosi gabekoak errumenera itzultzen ditu berriro; txegositako txikiak, animaliaren ahora itzultzen dira berriro.

      Animaliak jaki erdi txegosi hori berriz txikitzen du: hausnarrean ari da. Hausnartutako jakia ez da berriz errumenera joaten, omasora baizik (hirugarren urdailera) eta handik gatzagi edo abomasora (laugarren urdaila).

      Hausnarrean egiten ez duten animaliek ez dute urdail bakar bat besterik eta zelulosaren digestioa ez da hain eraginkorra eta aprobetxagarria izaten. Horregatik zenbait animaliak, untxiak, kapibarak eta akuriak tartean, koprofagoak dira, beren hondakinen jaleak.

      Kapibarek lehenengo digestioa egiten dutenean, hondakin zekalak egiten dituzte (azkar esateko, gorotzen ordez zirina egiten dute, hesteetako bakterioek osatutako ahiaren antzeko zerbait, jandako belar erdi txegosia). Masa bigun itsaskor hori bota eta berehala, kapibarak jan egiten du berriz ere, horrela bigarren digestioa egiteko, eta bigarren aldi honetan jakien ahalik eta mantenugai gehien baliatzeko. Hesteetan zehar bigarren bidaia egin ondoren, gorozkiak zeharo lehorrak eta obalatuak izan ohi dira, ardi-konfite bezalatsukoak.

      Kapibarak ezin du, beraz, hausnarkariek bezala, arriskurik ez dagoenean raka-raka belarra jan, zakua bete eta lasaialdia denean hausnarrean egin. Kapibarak arriskuari erreparatzeko arreta bizian egon behar du, ikusi etsairik baden hurbilean edo hurbiltzeko bidean, eta hala bada, abisu eman ingurukoei. Eta halaxe egiten du! Kapibara batek arriskua sumatzen badu, zaunka labur bat egiten du, eta bera eta gainerako guztiak ihesi joaten dira aztaparka (zaldien abiadura har omen dezakete).

      Kapibararen etsai naturalak felido handiak dira, jaguarra eta ozelotea, esaterako, baita uretako anakonda eta kaimanak ere, aireetako arrano-harpiak, eta, batez ere, eta gero eta gehiago, gizakia. Gizakiak murriztu dio bizilekua, ehizatu egin du eta piztia ahulagoekin errukirik ez duten hainbat txakur deslai utzi aske kapibaren lurraldeetan.

      Zakur-eztularen antzeko zaunkaz gain, kapibarak badaki marmar, intziri eta txistu egiten, betiere hainbat gauza aditzera emateko. Soinu horien artean badu klaskada antzeko bat zoriona adierazteko eta katu mainatiaren urruma antzekoa mendekotasuna erakusteko.

      Kapibarak, txakurraren gisa, hierarkiak ditu taldean, eta badaki nagusiagoenganako mendekotasuna erakusten. Horrela, kapibara hezi daiteke, hezitzailea hierarkian bere gainetik dagoela erakutsiz, txakurrekin egiten den gisara, eta etxekotu. Baita zenbait gauzatxo erakutsi ere: atzeko hanken gainean esertzen, janaria eskatzen.

      Etxekotutako kapibarak hainbat gauza behar du: babesteko txoko bat, janari egokia, belarra eta lastoa, eta ura; ur asko, igerileku handi samarra bada, hobe. Kapibara uraren beharra duen piztia baita. Ura eta belardi zabalak. Guaraniarrek kapi’yva deitzen diote, belarretako jauna.

      Itxuraz, Hego Amerikako hainbat tribu indigenak askoz hobeto ezagutzen zuten animalia uretako txerria deitu zieten zientzialaria zalantzatiek baino. Ehizatu egiten zuten jateko, azala hainbat gauzatan erabiltzeko, ebakortz luze okerrak apaingarritarako.

      Yanomamiek beren mitologian sartu dute kapibara. Haien usteetan jaioberri bakoitzak badu animalia ordezko bat, doble bat, kapibara edo tapirra, bizitzeko kemena eta arima ematen diona. Animalia ordezko hori hiltzen denean hilko da, baita ere, haren doblea den gizakia.

      Kapibararen okela oso usaintsua da, eta lehortu ondoren garizumako bijilia-egunetan jan ohi da. Hego Amerikako leku askotan uste dute kapibara jateak ez duela hausten okelaren debekua eta arraina balitz bezala jan daitekeela.

      Kontatzen da Ameriketara joandako eta bertakotutako kolonoek aspaldi samar galdetu zutela Erroman ea kapibararik jan zitekeen bijilia-egunetan. Erromatik erantzuna, beste galdera bat, elizgizonek maiz egin ohi duten eran: ea animalia uretakoa zen ala lurrekoa. Hurrengo bidaian, erantzuna, uretakoa zela, eta usain gogorrekoa, arraina izan ohi den moduan. Agian isilik pasatu zuten ile urri gorrizta batzuk bazituela.

      Baimena etorri omen zen, delako arrain hura bijilia-egunetan jateko.

      Se non e vero, e ben trovato.

      Uretako txerria, belarretako jauna edo arrain ileduna, urte askoz kapibara piztia sailkagaitza izan zen Europatik oihan hezeetara joandako gizakientzat. Hainbat istorio sortzeko adinakoa.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012