Piztiarioak
Hiena pikarta
Pertsona askorengan jakin-mina piztu duen animalia izan da hiena. Aspaldiko piztiario zaharretan agertzen da, eta kutsu ezkor eta negatiboa izan du beti: zikina, sarraskijalea, likitsa, faltsua, berekoia eta zekena. Erromatarrek uste zuten (hala dio Pliniok) zakurraren eta otsoaren arteko harremanetatik sortutakoak zirela, eta hori sinesten ez zutenek ere, uste osoa zuten hiena likitsa otsoekin gurutzatzeko prest zegoela edonoiz, halakoa baitzen haien natura lizuna. Antzinakoentzat, inola ere, hiena animalia arraroa eta gutxi fidatzekoa bilakatzen zuena bere sexu-joera ez oso garbia zen. Ovidioren Metamorfosiak liburuan aipatzen da hienek sexuz aldatzeko ahalmena dutela, eta hartatik hartuta edo, halaxe jasotzen du Physiologus kristauak ere: “Orain arra den moduan izan daiteke gero emea, eta likitsa eta zikina da, bere natura nahierara aldatuz”. Horrez gain, hienak “naturaren aurkako” sexua irudikatzen zuen Erdi Aroko iruditerian, genero berberekoekin harremanak izan ohi zituztela sinetsita, hiena jartzen zuten abisurako eta arbuiatzeko adibide. Erdi Aroko fraide eta apaizentzat ez zen nahikoa izango Aristoteles handiak esatea hienen artean ez zela gertatzen horrelako harremanik, susmoak baitzituzten bestela zela. Eta elizgizon haientzat, hienen artean gertatzea bera ere deitoragarria zen, handia baitzen naturaren aurkako bekatu hori eta ezinbestekoa hura saihesteko edonolako prebentzioa. Hiena, bestalde, zeken edo xuhurkeriaren irudi ere izan zen predikuetako etsenpluetan, hiena izan baitzen zikoizkeriaren adibide, zazpi bekatu nagusienetako baten irudi. Apokalipsian aipatzen den zazpi buruko piztiak, zazpi bekatu nagusien irudi denak, buruetako bat hienarena du, eta harekin zikoizkeria irudikatzen omen da. Horra hor Eliza Santuak hienari egotzitako orbanak eta tatxak. Piztia idealizatuak, hiena primigenioak, bazituen, ordea, beste indar ezkutuko batzuk, ilun eta beldurgarriagoak zirenak, izu-iturri, beharbada, baina baikorragoak, bestalde, baliagarriagoak. Hienak gizakion ahotsa imita omen dezake, eta boz ozenean bere izenez deitu engainatu nahi duenari. Gainerako animaliak hipnotizatu omen ditzake, gainera, eta bere borondatearen mende ipini hankarekin edo itzal hutsarekin ukituz. Hiena bat akabatzen duenak, bestalde, haren indar magikoa erabil dezake, eta, horrela, hienaren larruazala erabili kazkabar eta harri erauntsiak urrutiratzeko, uzta alferrik gal ez dezaten. Baita piztiaren lepoko lehenengo ornoaren bidez galdutako ezkontza edo maitasuna berriro eskuratu ere. Azkenik, hienaren harrizko begiradaren indarrez sortzen omen da hyaenia harribitxia, zeinak tigrearen begia deituriko harri nabarraren itxura eta distira duen, eta ezin hobea den iragarpen profetikoak egiteko. Hori da hienak piztiario zaharretan zuen irudikapena. Nolakoa da, ordea, animalia hori, eta non du, benetan, gaur egungo piztiario batean egoteko nortasun adierazgarria? Hienen lau espezieak animalia haragijaleak dira, karniboro handiak; hiena pikartaren kasuan laurogei edo laurogeita hamar kilo pisa ditzakeen animaliaz ari gara, hirurogei eta laurogeita hamar zentimetroko luzerako piztiaz. Hienaren aurreko hankak atzekoak baino zerbait luzeagoak dira eta deskantsuan dagoela hain berea duen itxura hartzen du, lepoa luzaturik eta bizkarra aldapatsu, gainbehera eta ez lurrari paralelo. Ilaje horixka du hienak, arrautza-eiteko orban ilunagoekin, janzkera ezin hobea bizi ohi den zelai eta ordeka zabaletan inguruarekin nahasi eta oharkabean pasatzeko, hiena ez baita bizi ohi ez baso itxietan eta ezta basamortu idorretan ere; beti nahiago ditu lurralde zabal eta irekiak. Lehen begiratu batean txakur handi eta arraro baten itxura badu ere, hienak ahaidetasun handiagoa du katu, katagineta eta katazibetekin (Felidae eta Viverridae familiak) txakur, txakal, otso eta koioteekin baino (Canidae familia). Horixe da lehen bereizgarria. Eboluzioak eragindako konbergentziaz ordokietako txakur ehiztarien antz handia du, baina lotura gehiago du katuekin txakurrekin baino. Bigarren bereizgarria buru-azkartasuna da. Hiena animalia azkarra da, eta otsoa edo hartzaren mailako inteligentzia du, agian simioen mailakoa, zenbaiten iritziz. Hiena pikarta, gainera, ahots ugari egiteko gai da: alarauak, auhenak, oihuak, zaunkak, kalintxak, intziriak, marmarrak eta maltzurkeriazkoak diruditen irri antzekoak. Ez da, beraz, harritzekoa soinu horiek guztiak egiteko gai den animaliari gizakion ahotsa imitatzeko gaitasuna ematea, ezta ere ustea gai dela boz ozenez deitzeko kalte egin nahi dionari. Hiena piztiario honetara ekarri duen hirugarren bereizgarria haren antolaketa soziala da. Hamarretik berrogeita hamar animaliako taldeak osatu ohi dituzte, ondo antolatuak eta talde-ehiza egiteko prestatuak. Egia da hiena pikartak ia edozein jaki jaten dela, hasi zomorro txikietatik eta zebra edo jirafa handi bateraino, edozer jateko baliagarri zaizkion masailezur indartsuak baititu edozer kraskatzeko prestatua dagoen burezur indartsu batean: okela, hezurrak, hortz eta haginak, adar eta apatxak, edozer irentsi dezake masailen arteko errotan kraskatu eta xehatu ondoren. Sarraskia jaten du maiz, baina taldean antolatuta gai da ñuei edo jirafei aurre egiteko, gehienetan gaixo edo hiltzear dauden animaliak ehizatzen baditu ere. Taldearen agintea eme menderatzaile batek izaten du, emeak baitira hiena pikarten artean agintzen dutenak. Agintzen dutenak eta aginte-makila dutenak. Hiena pikart emeak sexu-organo oso bitxia du: alua edo bulba ez da ikusten, eta klitoria oso garatua du, arren zakilaren pareko. Bestalde, azal-hanpadura bat izan ohi du barrabil-zorroaren irudi, eta hiena emeak, menderatzaileak batik bat, ar itxura handiagoa izan ohi du arrak berak baino, are gehiago arren aldean emeak handiagoak eta oldarkorragoak izanik, diren bezala. Araldi garaian bakarrik aldatzen dira gauzak: alua zabaldu egiten zaie eta inguruko azal hanpatuak laxatu; horrek ahalbidetzen ditu sexu-joaldiak eta baita geroko erditzea ere. Araldi aurretik eme menderatzaile bati behatzen jardun duenari lirudike ar zantarra eme abegikor bilakatu dela, sexua aldatzeko gai izan dela, antzinakoek uste zuten eran. Ez dakiguna da zer iradoki zien Erdi Aroko Physiologusaren idazleei hienen arteko balizko generoen bereizketarik gabeko orgia likits, zikin eta lizunak. Irudimena piztuegia zuten ala aitortu ezin zuten beste bekaturen bat zeukaten buruan?
Piztiarioak |