Piztiarioak
Uretako otsoa edo iparreko zakurra
Uretako otsoa, iparreko zakurra, itsas otsoa, arrain otsoa, aingira otsoa. eta beste hainbat izenez ezagutzen da Ozeano Atlantikoaren iparraldean eta itsas Artikoan bizi den arrain bat, Anarhichas lupus deitzen dena zientzia-izenez. Uretako otsoak gorputza zilindro baten eitekoa du gorputzaren lehen zatian, aingirak, itsas aingirak edo aingira moreak duen gisan, eta txapalagoa bigarren zatian. Alde batera eta bestera bihurritzen du gorputza igeri egiten duenean, eta suge baten itxura hartzen, bai irudiz bai igerian egiteko eran. Kolorez urdinxka da, eta kasu gehienetan arbelaren koloreraino iluntzen da handiagoa egiten den heinean. Metro bateraino edo metro eta erdiraino irits daiteke zenbaitetan, eta 18 kiloko pisua hartu. Ezkatak azal barruan sartuta izaten ditu, eta azala leuna eta labainkorra du. Suge edo aingira sendo eta trinko baten itxuratik bereizten duena burua da, eta buruan, aho aldea. Ahoa da piztiari munstro itxura ematen diona. Begi handiek buruaren bi aldetan goiko aldean bata bestetik hurbil, katu, otso edo zakur baten kera ematen diote, harrapari arretatsu baten itxura. Ezpainak sendoak, mamitsuak eta ondo markatuak ditu, eta ezpainen atzean izua eta ikara eragiteko moduko hortzadura. Letagin luze, koniko, indartsu eta handiak ditu. Goiko masailezurrekoak, zorrotzak eta aurrerantz luzatuak. Beheko baraila luzean, letagin zorrotzak eta sendoak, ez goikoak bezain handiak, baina aurrerantz luzatuak, behetik gora zauri dezaketen ezten edo ziri indartsuak. Bi masailetako alboko ertzetan ere hortz zorrotzak ditu, aurrekoak baino txikiagoak, baina ez horregatik beldur gutxiago eragiten dutenak. Aho-sabaia eta ahoaren zorua hagin gogorrez betea du. Munstro-aho horrek iradokita deitzen dio, beharbada, arrantzale jendeak botajale. Arrantzatutako arrain-zakurra edozeri hozka egiteko prest egoten da ontziratzen dutenean. Eta gaitz erdi botari egiten badio hozka, ez bada norbaiten esku edo besoari. Harrapari gogorra da uretako otsoa, harrapari izateko jaioa, eta hortzeria osoa erabili ohi du erasorako eta elikatzeko. Aurreko letagin zorrotzak krustazeoak harrapatu, hozkatu eta zauritzeko; beheko eta ertzetako hortz zorrotzak moluskuen oskolak euskarrietatik erauzteko, eta barneko hagin eta plakak, oskolak hautsi eta birrintzeko. Nahikoa ohikoa da Eskandinavian, Islandian, Groenlandian eta zirkulu Polar Artikoko uharteetan, Svalbard uhartedian, esaterako. Azalak usain sarkorra du, ez oso atsegina, baina haragi zurikoa da, egostean eta labean erretzean trinko irauten duena, eta, garrantzitsuagoa dena, zapore onekoa. Agian, horixe izango du galbide, berezko harrapari gogorrak harrapari gogorrago eta basatiago bat aurkitzeko arriskuan baitago. Uretako otsoaren ahaide batzuk babespean jarri behar izan dituzte gehiegizko arrantzaren eraginez asko urritu direlako. Uretako otsoaren burezurra, giharrak kendu eta eskeleto itxuran jarria, izu-eragilea da, benetan. Goian begi —zuloak begirik gabe ere behaka daudela dirudite, eta hortzadurak amesgaiztoetako izakien maskara beldurgarrien itxura du; gizotsoaren irudia dakar irudimenera. Arrain-otsoaren hozkada beldurgarria omen da, eta ondo helduz gero helikopteroari dei egin behar zoritxarrekoa hurbileneko ospitalera eraman dezaten, behin helduz gero ez baitu hozkada askatzen. Sineskeria zahar batek dio zazpi elizatako kanpaiek jo behar dutela muskerrak hozka egin dionari. Jakin nahiko nuke zer hots entzun behar dituen uretako otsoak mokadua askatzeko.
Piztiarioak |