Piztiarioak
F
Fenix
Egiptoko mitologiak ematen digu hegazti eder horren berri. Arrano beltzaren itxurakoa da eitez eta tamainaz, baina kolore gorrikoa; Eguzkiaren distira argitsuak eta kolore aldakorrak ditu bere lumetan, Ra Eguzki-jainkoaren irudikapena baita. Leku bakartietan eta aurkiezinetan urte luzez bizi ohi den piztia horrek, hiltzeko garaia iristear duela sumatzen duenean, habia handia egiten du espezie-abarrez eta landare lurrintsuz. Hegaztia, habian sartu bezain azkar, hegoei eragiten hasten da, eta habiako egurrei sua irazekitzen zaio. Fenix hegaztia habiarekin batera erretzen da, baina garrak itzali aurretik hegazti berri bat jaiotzen da errautsetatik, aurrekoa baino ederragoa. Fenix gaztearen lehenengo betebeharra fenix zaharraren errautsak Ra-Eguzkiaren tenplura eramatea izaten da, eta hango aldare gainean uztea. Ondoren, bere bizilekua izango den basamortura erretiratzen da betiko (Etiopian, Arabian ala Fenizian, agian), urte luzez han bizi eta, azkenean, habia berria egitera itzuliko da, han sutan erraustu eta berpizteko, amaigabeko gurpilean.
Piztiarioak |