Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

 

L

 

 

 

Laminak

 

      Laminak emakumearen antzeko izakiak dira. Sexu bakarreko espezie izan daiteke lamiena, edo, agian, espezie horretako arrak oso izutiak direlako, piztia emeei buruzko datuak besterik ez dira bildu ahal izan, eta haiek ez dira hain ezagunak. Ikertzaile zehatzenek, hala eta guztiz, maide izeneko izakiak laminen arrak direla baieztatu izan dute, eta, era horretan, kriptozoologo gehienen usteak (maideak beste espezie batekoak direla, alegia) arbuiatu.

      Jakitunen eztabaidak alde batera utzita, eta jasotako datuen arabera, laminaren ohizko itxura emakume batena da, eta bere azalaren kolorea burdinoriarena. Emakume baten eta lamina baten arteko ezberdintasun nabari bakarra —azalaren kolorearen ñabardura horrez gain— gorputzaren beheko ataletan nabarmentzen da. Laminen oinak hegazti baten antzekoak direla adierazi dute, behin baino gehiagotan, laminen ezagutza egin dutenek. Mendialdeko eskualdeetan, hala eta guztiz, ahuntz edo ardiaren oinak dituzten laminak ikusi izan dira, eta kostaldean, edo ibai nagusien ertzetako herrietan, laminek gorputzaren beheko atala arrainaren isatsaren antzekoa dutela uste dute.

      Ilaje dotoreko izakiak dira laminak, eta ilea ondo zaindu eta apaintzea biziki maite dute. Ispilua eta urrezko orrazirik ez zaio inoiz faltako lamina bati.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012