Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Fugua

 

      Bizidunak ingurumenera moldatzen dira inguru horretatik ahalik eta etekin handienak ateratzeko eta inguruan bizi diren gainerako bizidunekin orekazko egoera batera iristeko. Moldaketa horretan, zenbait animaliak jokaera bitxiak garatu dituzte inguruan iraun eta aurrera egiteko. Badira, esaterako, halako estrategia bitxiak hautatu (edo eboluzioak hautarazi, hobeto esanda) dituzten arrainak. Pentsa dezagun badela hor nonbait arrain bat, ez oso handia, harraparien ahotan amaitzeko arrisku handia duena. Zer egin dezake? Zer egin arrainak edo zer egin eboluzioak arrainari aukera bat emateko?

      Bada, eboluzioak molda dezake arrain hori berez dena baino arrunt handiagoa agertzeko. Nola?

      Arrainak ura edo airea irensten badu, eta gorputz barnean gorde, arrain hori “puztu” egingo da, handiagoa egin. Horrela, harrapariak izutu egingo dira eta ikaratuta ihes egingo dute, edo, besterik gabe, ez dira ausartuko begien bistan hala handitu den arrainari hozka egiten.

      Puztu egiten diren arrain horien artean daude Tetraodontidae familiakoak, globo-arraina, adibidez, eta Diodontidae familiakoak, triku-arraina, esateko. Azken horrek, gorputza puzteaz gain, azala arantza zorrotzez betea du, eta puztuta puxika arantzatsua bilakatzen denean, harrapariari ahaztu egingo zaio gosea, piztuko zaio zuhurtziaren argia eta draga jarri beharko dio jan-beharrari ez badu ahoa zauritu nahi.

      Ez pentsa, ordea, horretan bakarrik geratu direnik itsasoko piztia horien katramilak etsaiei aurre egiteko apustuan. Puztu eta arantzez beztitzeaz gain, arrain horiek pozoiez beterik dituzte erraiak, eta eskarmentuaren bidez aise erakusten diete inguruko bizidunei zein arriskutsuak diren.

      Dirudienez, arrainek inguruneko beste zenbait izakitatik metatzen dituzte toxinak: inguruko zenbait bakterioek sortutako toxinak dira. Bakterio horien pozoia kaltegarria da inguruko animalia gehienentzat, baina ez triku-arraina eta bere kidekoentzat. Aspaldiko mutazio bat dute, eta mutazio hori dela medio, bakterioen toxinek ez dute inolako eraginik arrainen nerbio-sisteman, ezta sodio ioiaren garraioan ere, gainerako bizidunak kaltetzen dituzten bi gauzak. Mutazio hori ez balute, intoxikatu egingo lirateke gainerako animalia guztiak bezalatsu; mutazioa dutenez, bakterioen toxina gibelean, sexu-organoetan eta azalean metatzen dute, beste inolako kalterik jasan gabe.

      Horra hor gure piztia. Eboluzioak sortutako bitxikeria bat besterik ez, nahi bada, baina oraindik aipatu ez den (eta bitxiagoa den) beste alderdi bat duena. Bitxikeria hori guk geuk, gizakiok, erantsitakoa da: arrain pozoitsu horiek gizakion jaki preziatuak dira!

      Hainbat generotako globo-arrainak (Takifugu, Lagocephalus, Sphoeroides...) eta beste triku-arrain bat edo beste (Diodon...) janari preziatuak dira oso, Japonian eta Korean batik bat, nahiz eta gauza jakina izan jaki horiek heriotza ekar dezaketela sukaldariak ez baditu behar den moduan atondu eta prestatu. Arrain horiek erraietan daramaten tetradotoxinak ez du barkatzen!

      Tetradotoxina pozoi neurotoxiko indartsua da, eta nerbio-sistemako kinada elektrikoak eragozten ditu (pozoia sodio ioiekin elkartzen baita). Bestalde, pozoitutako mahaikideak ez du zentzua galduko, eta gorputza perlesiak jota mugimendurik gabe nola geratzen zaion ikusi eta sumatuko du, bere aldetik ezer egiterik ez duela. Halako batean, oraindik zentzua galdu gabe, nerbio-sistema sinpatikoaren paralisiak arnasketa eragotziko dio eta ito egingo da, arnasa hartu ezinik. Pozoi-dosi hilgarria jan denean, sintomak metatzen joaten dira: mareoaren sentsazioa, nekea, buruko mina, botagura, arnasa hartzeko zailtasuna.

      Pozoitutako jende gehiena jan eta handik lau edo hogeitalau ordu bitartean hil ohi da, zentzurik galdu gabe, beti ere, nahiz eta denbora aurrera doan neurrian hitz egiteko ahalmena galdu. Behin hogeita lau ordu horietan hiltzen ez bada pozoitutakoa, sendatu egiten da, erabat, eta ez du ondorio txarrik izaten.

      Orain arte ez dute antidotorik asmatu pozoiari aurre egiteko, eta norbait pozoitzen denean egin daitekeen bakarra izaten da urdaila hustu, urdailean edo hesteetan dagoen pozoia xurgatzeko gaiak eman, eta pozoitutakoaren bizitza-konstanteak mantentzen saiatu (arnasketa artifizialki mantendu, batez ere).

      Fugu edo takifugu deitzen diete Japonian arrain hauei, eta baita arrain horiekin egindako jakiari ere, eta, gutxienez, azkeneko 4.000 urtetan jan izan den kutixia da. Jateko, jakina, zati pozoitsuenak kendu behar zaizkio: azala, gibela, sexu-organoak.

      Gaur egun lege zorrotzak daude fugua prestatzeko, eta fugua saltzen, eta, batez ere, prestatzen dutenek baimen berezi-berezia behar dute. Sukaldari-ikasleek bi edo hiru urtetako praktika behar dute, maisu egoki batekin, eta baimena lortzeko azterketa bat egin, non aurkezten direnetatik heren batek besterik ez baitu eskuratzen.

      Jakiaren prestaketa errito baten antzekoa da, eta akatsik gabekoa eta zorrozki antolatutakoa izan behar du oso (ez baitago bezeroaren bizitzarekin jolasean ibiltzerik). Hala ere, arraina modu askotara prestatu eta aurkez daiteke; maiz, carpaccio tankeran moztu eta krisantemo lorearen itxuran jartzen da. Krisantemoa da Ekialdeko lurraldeetan heriotzaren lorea, eta gurean ere aski erabilia izaten da Domu Santuan hilerrietara apaingarri eramaten direnen artean.

      Benetan galdetu beharko genuke zein den piztiario batean joan beharko lukeen animalia, bizitzari aurre egiteko ingurura moldatu den, eta hainbat berezitasun jaso dituen arrain puzgarri pozoitsua, ala heriotzarekin jolas eginez harekin elikatzen dena.

 

      Oharrak:

      1) Badirudi gaur egun badirela Japonian jugu arrainen haztegiak. Haztegi horietan arrainak bakteria toxikorik gabeko inguruan hazten dira; horrela, arrainek ez dute pozoi-gairik erraietan metatzeko eta ez dira arriskutsuak, ez behintzat itsasoan harrapatutakoak adina.

      2) Fuguaren gibela (zatirik pozoitsuena dena) debekaturik dago Japonian, bai saltzea, bai prestatzea. Debekuak debeku, oraindik ere jaten omen da (zenbaitetan ondorio ezin gogorragoekin). Jakia atontzeko, hiru urte irauten duen prestaketa sekretu eta ezkutu bat egin behar izaten da.

      3) Pozoia kantitate txikietan (aski neurtuan eta kantitate ez-hilgarrietan) hartzen bada, sentsazio bitxia eragiten omen du mihian (kilimak eta sumindura txikia), beste ezein janarik ematen ez duena munduan.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012