Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

 

B

 

 

 

Basiliskoa

 

      Irudimenak asmatu duen piztia beldurgarrienetakoa da basiliskoa. Suge batek txitatutako oiloaren arrautzatik jaiotzen omen da, edo oilar baten arrautzatik, agian.

      Piztiari oilarraren eta sugearen antza nabaritzen zaio gorputzean; hegaztiaren hankak ditu, hego zorrotzak eta arantzadunak, eta isatsa sugearenaren gisakoa, azkon baten antzekoa amaieran. Gandorrak koroa gorri txikia dirudi (hortik basilisko izena, erregetxo, alegia).

      Begirada hutsez hiltzeko gai delako da beldurgarria animalia hori. Basiliskoaren begiradak zuhaitzak eta gainerako landareak ihartzen ditu. Lurreko animaliak ez dira gai basiliskoaren begien adur gaiztoa jasateko eta akabatu egiten dira. Zeruko txoriak berak ere lurrera erortzen dira, bizirik gabe, animalia horren begi hiltzaileen eraginez. Basiliskoaren begirada jasaten duen landare bakarra erruda da.

      Basiliskoen kasta gaiztoaren menpean egongo litzateke mundu guztia bi etsai gogor izango ez balitu: oilarra eta erbinudea. Oilarraren kantuak akabatu egiten du basiliskoa, eta erbinudeak aurre egin diezaioke basiliskoaren begiradari.

      Ikusgarriak izan ohi dira basiliskoaren eta erbinudearen arteko borrokak. Basiliskoak, behin eta berriro, gogor zauritzen du erbinudea bere mokoko hortz-hagin zorrotzekin, baina erbinudeak badaki errudak sendatzen dituela basiliskoaren zauriak eta landare haren bila joaten da. Zauriak osatuta eta indarberriturik itzultzen da basiliskoari aurre egitera. Ditugun albisteen arabera, erbinudeak irabazten du beti borroka.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012