Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Yamamayaa mendi-katua

 

      Japoniarrek Iriomote yamaneko deitzen diote Iriomoteko mendi-katuari, eta Iriomoteko hizkuntzan ere horixe da yamamayaa, mendi-katua.

      Harrigarria dirudi 1965. urtera arte zientziak ezagutzen ez zuen katu mota bat bizi izatea gero eta txikiagoa egiten ari zaigun mundu honetan, baina Ryukyu uharteak (ofizialki eta japonieraz Nansei-shoto uharteak) nahikoa urrun egon dira edozein lekutik, orain arte behintzat.

      Iriomote Yaeyama uharteetako bat da, Ryukyuko uhartedian. Mendebaldera Txinako lurraldeak ditu (Taiwanekoak, zehazkiago esanda), eta ipar-ekialdera Japoniakoak. Uhartedian aski ezaguna den uharte bakarra Okinawa izenekoa da, II. Mundu Gerran Estatu Batuetako eta Japoniako armaden artean izandako borroka latza bitarteko (milioi laurden bat pertsona hil omen ziren, zibil eta militarren artean). Gainerako uharteak itsasoan barreiatutako lurralde txikitxoak dira, Ryukyuko itsas fosaren ertzean kulunkan (7.500 metroko sakonera).

      Kontua da Iriomote uhartean, eta 1965. urtean katu bitxi bat aurkitu zutela, biologo batzuen ustez ia fosil bizitzat jo daitekeen felido txiki bat. Felido horrek katu baten antza du, grisa edo arre iluna kolorez, eta isats trinko eta sendokoa. Tarteka kolore ilunagoko orbanak ditu larruan, marra edo banda luzeetan lerrokatzen direnak. Bereizgarriak ditu begi bakoitzetik masailetara doazen bi marra zuri, eta belarri-atze beltzen erdietan kokatutako orban zuriak. Bestalde, gainerako felido gehienek ez bezala, ez da gai atzaparretako azkazalak gordetzeko dabilenean edo erasorako ez dagoenean; gainerako katuek oinetako kuxinen barnean gordetzen dituzte erpeak ibilian eta atseden garaian.

      Katu bitxi bat, esan genezake axolagabekerian, baina bere izaera antigoalekoan dago, agidanean, kakoa: aurreko garaietako felidoen itxura du, eta eboluzioaren bidean hain gutxitan agertu ohi diren katebegi galdu horietakoa da. Zoritxarrez, ez daude dozenaka gutxi batzuek besterik, ez uhartean, ezta munduko beste inon ere.

      Japoniarrek asko maite omen dute; egin diote, nola ez!, marrazki bizi horietako bat, itxura atsegin eta antropo-irudizkoa, eta hor dabil telebistako pantailetan. Iriomoteko biztanleek ere asko maite omen. Katua eta beste hainbat bitxikeria bitarteko, uhartearen barnealde guztia Parke Nazional izendatu dute. Hala eta guztiz, gure mendi-katuek nahiago dute, itxuraz, itsasertzeko lurralde urbanizatuetara hurbildu elikatzera, han hiltzeko arrisku handiagoa badute ere.

      Baso barruan gera zitezen (intentzio onenarekin), hainbat oilo-txita eta oilanda-oilasko askatu zituzten basoetan, haiek ehizatzera ohitu eta basozaleago egingo zirelakoan, baina gauza ez zen uste bezala bideratu. Mendi-katuak oilozaleago egin ziren, baina basozaleago ez: orain kostaldera hurbiltzen dira, lehen baino sarriago, agian, etxeetako oilategietan zer jan aurkitzera. Hori ez zaie batere gustatu iriomotearrei, eta gure katu ausartek han edo hemen errepidea zeharkatzean bizia galtzeko aukera lehen adinako izateaz gain, oiloak galtzeaz aspertuta dagoen herritarren baten haserreak ekar dakiokeen arriskua du lehengoez gain.

      Iriomotek hartu duen uharte zerutar ospeak turismoa ugaritu du leku galdu hartan, eta Iriomoteko mendi-katua betiko desagertzeko zorian dago, arrisku larrian, gure mundu txiki eta globalizatu honetako biodibertsitateari beste zulotxo bat eginez. Dena den, katuak adina pena ematen dit niri uharteko hizkuntzak ere. Japoniaren erro berekoa omen, haren kidea (protojaponieraren kidea omen da, mendi-katua protokatuarena den antzera), eta gaitz larriak jota dago. Dagoeneko oso gutxi dira hogei urtez beherakoen artean ezagutzen dutenak edota erabiltzeko gai direnak.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012