Piztiarioak
Paleodictyon nodosum, maitale ezkutua
Zumaiako San Telmo baselizatik labarretarako goiko bide-zidorretik joan den agure gordina Algorri aldera jaisten ikusten da bideoan. Ahotsak dio: “Orain dela berrogeita hamar urte etorri nintzen hona lehenengo aldiz, gure ezkontza-bidaian, hain zuzen. Ez zen, inola ere, nire asmoa emazteari desleiala izatea, baina hemen, labar hauetan, maitale baten sorginkeriak bere besoetan erorarazi ninduen, eta urte horietan guztietan ez nau askatu; maitale horren mendean egon naiz hainbat urtez, berrogeita hamar, dagoeneko!”. “Geologo gazte bat besterik ez nintzen, eta duela milioika urte itsaso sakonaren hondotik altxatutako eta hostore erraldoi bateko geruzetan hedatutako harribitxi haietan aurkitutako fosil batek liluratu ninduen. Animalia baten gordeleku fosildua zen, oso animalia arraro baten arrastoa, duela ehunka milioi urte bizi izan zen izaki batena, dinosauro guztiak baino lehenagokoa.” “Bakarrik orain, berrogeita hamar urte igaro ondoren, aurkitu dugu aztarnaren bat edo beste fosil horren misterioa argitzeko, eta, agian, mundu osoan inoiz izan den fosil bizirik zaharrenaren aurrean gaude, Paleodictyon nodosum bitxiaren aurrean”. Dolf Seilacher geologoak Zumaiako labarretatik kontatzen duen istorio horrekin abenturazko eta zientziazko kontakizun bat hasten da, hiru bat ordu laurdeneko dokumentala: Volcanoes of the Deep Sea, Stephen Lowek egina. https://vimeo.com/24316537 Han kontatzen dena da 1950 urte inguruan animalia arraro baten fosila ikusteak berrogeita hamar urteko pelegrinajea ekarri ziola geologoari mendeetako loan desagerturik egon behar zuen piztia baten atzetik. Izan ere, Paleodyctium nodosum horren arrasto fosila bitxia da benetan: garai bateko oilategietako sare hexagonal txiki batek harea busti gainean utziko lukeen hatz-arrasto baten antzekoa. Bitxitasunak bitxitasun, ordea, ikertzaileek ez dute inoiz zalantzarik izan bizidun batek utzitakoa denik. Fosila ikusita berehala datorkigu galdera burura: Eta nolako bizidunak utzi dezake horrelako lorratza? Ez da batere harritzekoa geologoa Zumaiako harri zahar horien liluramendupean egotea berrogeita hamar urtez. Duela ehunka milioi urte bizitako izakia hango labarretan harri eginda dago, antzinako Medusa boteretsu baten buruak begiratu balio bezala. Ehunka milioi urte! Eta bitarte horretan, etengabeko zurrunbilo batean Lurraren azala. Sua darien mendiak, talka egiten duten plakak, higatzen diren mendilerroak, lurrazaleko bazter urratuak, lohia eta harea garraiatzen duten erreka eta ibaiak, haserretzen diren itsasoak, izozten edo kiskaltzen diren lur-eremuak, agertzen eta desagertzen diren aintzira eta zingirak, trumoiz eta tximistez dardaraka esnatzen diren zeruak... Eta, pentsatu milioika urteko bitarte luze horretan isiltasuna eta bake eternala bizi dela txoko batean, 2.000 metro sakon itsaspean, munduan eta Lurraren azalean gertatzen ari denari bizkar emanda, aldaketa guztietatik at, isiltasunaren erresuma ilunean. Ez da irudimenak asmatutako txokoa, benetakoa baizik. Gaur egun Euskal Herria den lurraldea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zauri sakon batek zeharkatzen zuen, antigoaleko ozeano-fosa batek, eta denbora izoztuta mantentzen zuen hozkailua zen txoko hura. Zulo sakon hartan denborak ez zuen ez aurrera ez atzera egiten, han ez zegoen ez atzorik eta ez biharrik. Oso urrun ez zegoen kontinentetik urek higatutako hondakinak iristen ziren eta haiexek ziren kanpoko lurralde nahasietatik jasotzen zituen mezu bakarrak. Lohitsu eta buztintsuak, zenbaitetan, hareatsuak edo goiko bizidunen oskol karetsuekin, beste zenbaitetan. Ozeano sakonaren altzora iritsitakoa inguruetako lurren hasperen lokaztua zen, han kanpoan, nonbait, lurrazala etengabeko borrokan zebilela zioen adierazgarri bakarra. Lurrazalak lohi, harea, kare-oskol eta buztin horiekin idazten zuen, bestalde, Lurraren kronika zulo isil hartan, geruza txandakatuak bat bestearen gainean pilatuz, eta Lurraren bihotz takikardikoaren elektrokardiograma marraztuz txandakatze horiekin. Kronika horren aztarnak ez dira sumatzen errazak. Lurraren gainera meteorito bat erori zenean Chicxuluben, Yucatanen, sekulako txikizioa eragin zuen: bizidunen artean espezie guztien erdiak baino gehiago betiko desagertu ziren, baina, hala ere, ez zen aldaketa nabarmenik sumatu ozeano azpian. Apenas geruza bigun beltz-arre bat gainerako geruzaren artean, K-T muga deitzen dena, geologoek Kretazeotik Tertziariorako jauzia adierazteko erabiltzen dutena, eta iridioz besteak baino pittin bat aberatsagoa dena Yucatanen eroritako meteoritoari esker. Gauza nabarmenik ez denbora izoztuta dagoen itsas hondo sakonean. Ozeano-fosa horrek, ordea, ustekabeko etorkizuna zuen. Sakonetik gorantz etorri zen Europako plaka eta Iberiar penintsulakoa guraizeen antzera ixten hasi zirenean. Denborarekin, sakonekoa lurrazal bilakatu zen, eta, zabaldutako liburu baten orrien antzera itsaspetik lurreratu geruzak, Mutrikutik Getaria bitartean zabaldutako liburu erraldoi baten itxuran. Harrizko liburu horretan, milioika urtetan gertatua dago idatzita. Istorio asko daude liburuan, eta horien artean Paleodictyon zaharrarena, duela 500 milioi urte bizirik baitzen munduan eta orain bertan ozeanoetako beste fosa sakon batzuetan. Duela urte batzuk, itsas sakoneraino hondoratu eta hango eremuak aztertzen hasitakoan, inor gutxik espero zituenak aurkitu zituzten. Elkarrengandik urrutiratzen ari diren lurrazaleko bi plaka, esaterako. Eta bereizten ari diren bi plaken artean ozeano-zoru berria sortzen da, lurraren azal azpitik magma goria eta gas berotuak isuriz. Gas beroek metalez aberatsak diren tximinietan gora joaten dira, eta haien inguruetan bizitza oparoaren zantzuak aurki daitezke. Eguzki-argirik ez, gas pozoitsuak (ohiko bizitza-moduentzat, behintzat), sekulako presioa (atmosfera bat 10 metro bakoitzeko) eta inguru hotz (hotzegi) baten erdian edozein bizitza mota ezagun kiskaliko zukeen isuri beroa. Eta bizia, hortxe! Uste zen (urte askotan halaxe esan zen) Eguzkia zela Lurreko bizitzarentzat energia-iturri bakarra. Uste zen izaki bizidun batek fotosintesia egiten ikasi zuen unetik, argiaren energia finkatu eta bizi-katearen lehen maila bilakatu zela, biziaren oinarria. Beraz, zer zen argirik gabeko mundu bateko ezinezko bizitza eromen hura dena? Zer hodi barruetan bizi ziren haitz-harrak, zer kolore biziko hamarrak, izkirak, arrainak? Non zegoen argirik gabe bizitzea posible egiten zuen bizi-katearen lehenengo maila? Bizi ahal izateko ura, energia-iturri bat eta ugaltzeko ahalmena omen dira ezinbesteko baldintzak. Energiaiturria Eguzkiaren argia ez zenez, beste nonbait bilatu behar. Eta hantxe zegoen, jakina: ke beltzeko tximinia bero haietan. Baziren han bakterio bitxi batzuk, termofiloak deituak, berozaleak, gai zirenak tximinietako gasetatik behar zuten energia lortzeko. Kimiosintesia deitu zaio prozedura horri, eta, funtsean, tximinietako gaseko azido sulfhidriko pozoitsuan egindako erreakzio kimiko exotermiko bat da bakterioak erabiltzen duena energia lortzeko. Kimiosintesia eginez bizi diren bakterio arraro horien gainean antolatzen da itsas hondoan osatzen den bizidunen katea, eta kate horretan badira tximinia beroetara gorputzeko atalen bat kiskaltzeraino hurbilduko duenik termobakterio berozaleak harrapatu eta jateagatik. Itsas hondoko komunitate bitxi eta arraro horietan bizi da, oraindik!, gure Paleodictyon antigoalekoa. Are gehiago, tximiniak itzaltzen direnean, kimiosintesian oinarritutako ekosistema osoa bertan behera geratzen denean, lehen bizileku aberatsa zen lekuan mamu-egitura hilak besterik geratzen ez direnean, gure Paleodictyon nodusum betibiziak iraun egiten du. Nor da edozeri aurre egiteko gai den bizizale iraunkor hori? Azken azterketek erakusten omen dute gure piztia organismo konplexua dela, baina oraindik ez dute erabaki bizidunen sailkapenean zein txokotan jarri: zizare edo har primitiboen, propoktisto erraldoien edo belaki arraroen artean. Fosilean agertzen den oilategi-sare hori ere ez dakite oso ondo zer izan daitekeen: bizidunaren gordeleku edo ezkuta-zuloa, bakterioak gorde, babestu eta zaintzeko haztegia, harrapakinentzat artea. Ikusi, ikusi baitute ozeanoren sakonean piztiaren “etxe” hori, baita aztertu eta tutu baten bidez lohietatik etxeratu ere, baina animalia ez dute inoiz harrapatu, beti lortu du ihes egitea. Laburtuz, duela 500.000.000 urte bizi zen bizidun bat, aztarna bitxiak uzten zituena, duela 50.000.000 urte Euskal Herria zeharkatzen zuen ozeano-fosan bizi zena, flyshean harri bihurturik ikus dezakeguna, gaur egungo itsas sakoneko lohietan bizi da, oraindik. Badakite han bizi dela, sumatu egin dute, baina ez dute inoiz ikusi, ez ehizatu! Piztiario zaharretan ageri ohi den animalia irudizko horietako bat lirudike: badakigu badela, halaxe sentitzeaz gain haren arrastoak ikusten ditugulako, baina begiratzera joaten garen bakoitzean ez dago guk uste genuen lekuan. Xuxurlariaren (X letra) edo wendigoaren (W letra) antzera, piztiaren urrats edo arrastoak sumatuko ditugu, baina ez dugu hura ikusi eta harrapatzerik izango. Errealitateak sortzen ditu irudimenak asmatu dituen adinakoak!
Piztiarioak |