Piztiarioak
K
Kraken
Kraken izeneko piztia itsasoko izaki beldurgarrienetako bat da. Itsaso hotzak maite ditu, Atlantikoko iparraldekoak batik bat. Norvegiatik etorri izan dira krakenari buruzko albiste gehienak, eta, berri horien arabera, piztia horren itxura olagarro erraldoi baten antzekoa dateke. Olagarroak eta gainerako zefalopodo askok bezala, tinta ilun eta nahasgarria jaurtitzeko ahalmena du, etsaiak itsutzeko, ihes egiterakoan babesa bilatzeko, edo, piztia beldurgarri hori erasorako prest dagoenean, harrapakinek ikus ez dezaten. Krakena ikusi eta bizirik jarraitzeko aukera izan duten gizaki bakanek beti aipatzen dituzte bi fenomeno: piztia agertu aurretik itsasoan sortzen den burbuila-zurrunbiloa eta itsasoaren kolore ilun erabatekoa (krakenaren tintaz, agidanean). Krakenaren begi handi eta ikertzaileek marinelak arakatzen dituzte itsasontzietan; bere garro beldurgarri, itsaskor eta likitsen bitartez harrapatzen ditu gero, eta moko zorrotz eta gogor batekin txikitu eta irentsi, azkenik.
Piztiarioak |