Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

 

S

 

 

 

Salamandra sp.

 

      Salamandra izeneko generoan sailkatzen dira sugandilen eta muskerren eiteko urlehortar zenbait. Denetan ezagunena Salamandra salamandra delakoa da, gure arrubio edo arrabioa, beltza eta horia kolorez, eta baso hezeetako goroldioen maitale sutsua.

      Baina Salamandra generoko anfibioen artean bada, dirudienez, espezie bat aski ezezaguna, eta ezaugarri bereziz eta kezkagarriz betea. Sumendi-magalak maite ditu, haietatik beherantz krater zuloetako laba-errekak isurtzen direnean, batik bat.

      Salamandra espezie horretako animaliak aski preziatuak dira alkimia-lanetan aritzen direnentzat, oso termosentiberak baitira piztia horiek, tenperatura-neurgailu zehatzena baino zehatzagoak, eta beste edozein tresnak baino hobeki adierazten baitute noiz den beruna urre bilakatzeko egin beharrekoak egiteko tenperaturarik egokiena. Salamandra suzale batek arragoara jauzi egiten duenean, orduantxe du arragoak tenperaturarik egokiena transmutazioa egin ahal izateko.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012