Piztiarioak
Branchiostoma lanceolatum antzinakoa
Branchiostoma lanceolatum du latinezko izena, eta antxoa txiki baten itxura du; zehatzago esanda, abixoi baten antza. Abixoiak itsasertzean eta ibaien bokaletan aldra handietan ibili ohi diren arrain zilarkara txikiak dira, zuriztak eta odolik gabekoak, itxuraz behintzat. Xinxangreak deitzen genituen mutiko garaian, ez dakit odolgabetasun hori zela eta, edota kemenik eta adorerik gabekoak ikusten genituelako. Branchiostoma generoko animaliei anfioxo deitzen zaie beste izen batez, eta animalia harrigarriak dira benetan. Ez dute odolik, edo, hobeto esanda, ez dute guk ezagutzen dugun odol gorririk, ez baitute hemoglobinarik. Marea lasaietako leku hondartsuetan eta ibaien bokaletan bizi dira, itsaso epel eta tropikaletan. Anfioxoak postura bitxia hartzen du gorputzaren erdia baino gehiago hondarretan edo bizileku lohitsuetako hondoetan sarturik, itsasoko zoruan iltzatutako taketen antzera egoten baitira. Gorenean ahoa dute, zilio edo erro txikiz inguratua, eta zilio horiek mugituz nahiz igeri egiteko gora behera higituz erakartzen dute jakia ahoraino. Beraz, aipatutako taket edo zotzaren antzekotasunetik haratago eginez, itsas zolan iltzatutako silikonazko tutu txikiak irudikatu beharko genituzke, ahoaren inguruan duten zilioen laguntzaz planktona irentsiz. Euskaldunon tradizioan animalia edo landare bat ezagutu eta izena izan dezan baldintza nagusia ere betetzen du: jateko ona da. Asian arrantzatu egiten dute animaliak elikatzeko edo pertsonek jateko. Esan genezake, beraz, itsasoak eskaintzen digun arrain arraro bat dugula delako anfioxo hori, hatz erietan jarri ohi dugun kautxuzko titare eiteko arraintxo poxpolina, naturak sortutako bitxikeria, baina hori baino askoz gehiago da anfioxoa: edozein piztiariotan ohorezko lekua izan beharko lukeen altxorra. Joxerra Aihartzak Ornodunak, anatomia, eboluzioa eta aniztasuna bere liburu ederrean esaten digu kordatuen fosil zaharrenak duela 544 milioi urte ingurukoak direla, kanbriar garaikoak, alegia. Kordatuak dira gorputz barneko bizkarrezur antzeko zerbaiten lehen aztarna duten animaliak. Duela bostehun milioi urte eta gehiagoko garai zahar haietan hasi eta gaurko eguneraino, kordatuek beren bidea egin dute, eboluzioaren eraginez forma sinpleenetatik forma konplexuagoetara pasatuz. Aldaketa horien arrastoak fosiletan nabaritzen dira, fosilak aztertuz antzematen zaie; hildako animalien harri bihurtutako zati gogorrek (hezurrak, hortzak...) erakusten digute eboluzioaren bidea. Baina hezurrak eta hortzak garatu zituen kordatuaren aurretik zer zegoen? Kordatuen aitzindariak izaki bigunak ziren, fosilizatzen ez diren edo fosilizatzen oso zailak diren gorputz bigunekoak. Beraz, antzinako kordatuen aurreko aitzindariak ezagutezinak zaizkigu, haien fosilik ez baitago inon. Beraz, kanbriar garaia baino lehenagoko ornodunen aitzindariak ezagutzeko fosilek ez dute balio, beste bide bat beharko genuke. Eta bide hori animalia ezezagun haien antzekoak izan daitezkeen gaurkoak ikertzea da. Eta hor datorkigu anfioxoa gauzak argitzera! Zenbait zizareren edo itsasoko holoturiaren (itsas luzokerra) egitura gehiago du anfioxoak benetako arrain batena baino: anfioxoak ez du buru berezirik (dena da tutua, ez dago buruari dagokion atal berezirik), ez du buru-hezurrik, ez du ahoko barailarik, ez du eskeletorik, ez du zakatzik, ezta ornoz babestutako nerbio-sistemarik ere... Zergatik, orduan, ez dugu anfioxoa zizareekin edo itsasoko holoturiekin sailkatzen, eta kito? Ezin horrelakorik egin, anfioxoak kordatuen hainbat ezaugarri nabarmen baititu, batez ere larba garaian: bizkarraldean nerbio-korda edo hodia du (ornodunen nerbio-sistemaren lehen arrastoa), arraildura faringeoak ditu (gero zakatzak bilakatuko zirenak), uzkia baino atzerago dagoen isats antzekoa, eta gorputza zurruntzea eta zut jartzea ahalbidetzen duen hagaxka pneumatikoa (notokorda, geroko bizkarrezurra). Ezaugarri horiek guztiek erakusten dute anfioxoa ornodunen bidean abiatutako animalia dela, edo, ausardia handiagoz mintzatuz, anfioxoaren oso antzekoa izan zitekeela kordatu guztien aurrekoa. Eta kordatuak esaten dugunean arrain guztiak esaten ari gara, eta anfibio guztiak, narrasti eta hegazti guztiak, ugaztun guzti-guztiak, geu barne. eboluzioak hainbat bidetatik eramandako adibideak besterik ez baikara ornodun guztiak. Orain 544 milioi urte bizi zen animalia hura, animalia hezurdun guztien arbaso zaharra izandakoa, anfioxoaren antzekoa izango zen, inola ere; esan nahi baita, gu guztion arbaso komuna silikonazko hodi luxanga baten antzeko zela.
Piztiarioak |