Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012

 

 

Lytta vesicatoria, haragia pizten duen piztia

 

      Espainiako eulia deitzen diote, spanish fly, ingelesek hegan egiten duen orori fly deitzeko duten ohitura zaharraren arabera, baina ez da eulia, ezta nahitaez Espainiakoa ere. Lytta vesicatoria piztiatxoari kantarida ere deitu izan zaio, grekozko (kav0aQiSeç) (kakalardo) hitzetik, eta deitura horrekin Espainiako euli izenarekin baino zehatzago gabiltza, kakalardo txikia, berdea eta luxea baita intsektu hori.

      Hamabostetik hogei bat milimetrora arteko luzera eta bost-zortzi bat milimetroko zabalerako kakalardoa da Lytta vesicatoria. Hainbat zuhaitz motatan bizi ohi da klima epel edo beroko baso edo zelaietan, tenperatura goxoen eta hezetasun ugariaren maitalea baita, eta, batik bat, negu hotzen eta izotzaren etsaia. Berde bizia kolorez, eguzkiaren argiak, argi-izpien norabidearen arabera, metalen distira nibirri-nabarrak ateratzen dizkio hegal gaineko elitroetan, beste kakalardo ugariri atera ohi dizkion antzera.

      Nork erreparatu zuen, ordea, horrelako xomorro txiki eta arrunt batean?

      Norbaitek ezagutu zituen, antza denez, intsektu horren ezaugarriak eta aspalditik kantaridak erruz erabili izan dira sendakuntzan eta botiketan, gizonezkoaren urguiluak halaxe eskatuta, gehienetan. Greziako eta Erromako medikuntzan (agian lehenagotik), kantaridek lekua izan zuten botika eta sendagaien artean.

      Intsektua lehortu, sikatu eta xehatuta lortzen da botika hori, kantarida-hautsa deitua, eta kantaridina gai aktiboa duena. Gai aktibo hori proportzio nahiko altuan izan ohi du zomorroak (%1etik %5a bitarte, diotenez).

      Tarteka intsektuaren distira berde metalikoa duen hauts nabar-gorrixka da kantarida-hautsa, eta larruazala narritatzen du, azala erresumindu eta erredurek sortu ohi dituzten antzeko pusloak eragin.

      Hautsa bere horretan erabil daiteke, edo enplastoen osagai, baina betiere izugarrizko arretarekin, azalean sortutako narritadurak oso mingarriak izan ohi baitira. Enplastoetan hautsaren indarra leundu egiten da ziapetan edo arrautza zuringoetan diluituz. Gaur erabilera arriskutsua eta baztertzekoa iruditzen bazaigu ere, denbora luzez uste izan zen kantarida-hautsen enplastoek sortzen zituzten pusloetan pilatzen zirela gorputzak kanporatu behar zituen gai edo umore kaltegarriak, pozoiak zein bestelako gaixo-eragileak.

      Zer esanik ez erabilera topiko hori (azaleko enplastoak) arriskutsua bada, are gehiago dela hauts hori irenstea. Hori dela eta, hautsa erabili ordez, tintura ere erabili zen dosiak errazago neur baitzitezkeen horrela. Kantarida-hautsa alkoholetan edo oliotan disolbatuz lortzen zen kantarida-tintura.

      Irensten denean, sendagai jasan-zaila da kantarida-hautsa: oso mikatza da hartzeko, eta sumindura sortzen du urdailean eta hesteetan. Botagura, mina, gonbitoak eta beherakoa eragiten du; giltzurrunetan eta gernu-bideetan narritadura, txiza egiteko zailtasunak eta, zenbaitetan, odola gernuan.

      Horiek denak ezagutu ondoren, nork har dezake, askotan bere gustuz, botika sumingarri hori? Ezkutuko bat bada, jakina: hauts pozoitsu horrek, kantitate txikietan, pixa egitean minzorria sortzeaz gain, gizonezkoaren aldaba jotzeko trenpuan jartzen du. Hortxe koxka! Horrek esplikatzen ditu gauza asko, XVII. mendera arte kantarida-hautsa erruz erabili izana, esaterako.

      Beti izan ziren eztabaidak botika horren erabilerari buruz. Behin eta berriz debekatu behar izan zuten hainbat leku eta garaitan, oso erraza baitzen kantitateak gehitu eta atseginerako zena mundu hau uzteko bide bilakatzea. Istripuak, gehiegikeriak eta pozoitzeak izan ziren; norberak egindakoak edo norbaiti eragindakoak. Kontu hartu XIX. mendera arte kantarida-hautsa ezagutzen ziren pozoien artean pozoitsuenetakoa zela, eta norbait pozoitu nahi bazen askoz errazago bidera zitekeela horrelako zerbait erabiltzera beste edozein pozoira lerratzea baino.

      Pentsa daiteke gizonezkoak tentatzeko egokiagoa zatekeela emakumezkoak baino, baina badirudi haragi-pizteko lanak ez zituela bakarrik arren gehigarrian egiten, baita emeen lotsarietan ere. Gernu-bideetako minzorriaren eraginez lizunkeriarako irrika sortzen omen zuen hauts magikoak.

      Kontua da, beste zeregin ezaren faltan asperdura ofizio zutenen artean ospe oneko sendagaia zela gure piztia txikien gorputz birrinduekin egindakoa. Ludus amoenus edo ludus amoris kitzikagarria, inola ere. Jakina da inor gutxik probatuko zuela gustuz estrikninaren paretsuko pozoi bat, ez balitz alboko efektuak gozatzeko tenorean jartzeko asmoz.

      Ezin harritu, beraz, debeku eta arriskuak ahaztuz, XVIII. mendean kantariden hautsa berriro modan jarri izana. Hala ere, argien eta arrazoiaren mendeari zegokion bezala, zientziaren babespean prestatzen zen, oraingoan, espainiar euliaren hautsa: arreta handiarekin eta dosiak ondo neurtuta. Botika hobeto irensteko, azukrez egin eta esentziaz lurrindutako konfiteak prestatzen ziren. Pastilles Richelieu omen zuten bere izen propioa Frantzian, eta Iraultzaren aurreko urteetan ospe zabala izateaz gain, barra-barra ibili omen ziren handikien geletako tiradera ezkutuetan eta ohe ondoko mesanotxeetan.

      Sade markesak berak ere izan zuen gorabeheraren bat horrelako pastilla batzuk zirela bitarteko oraindik gaztetxoa zenean, gero bereganatu zuen ospe larderiatsua jaso aurretik. 1772. urtean zen, eta, dirudienez, berak nahi gabe, anis lurrineko kantarida-hautsezko pastillak eta neskatxa buruarinak nahasi zitzaizkion oraindik aristokrata dilettantea besterik ez zen markesari.

      Buru arineko neskatxek pozoiaren susmoa pastilletan jarri zuten, eta salaketa bitarteko, epaia egin zioten Sade gizajoari. Epaian pozoitzea eta sodomian aritzea egotzi zioten, bekatu larriak biak ere, sodomiarena batik bat, bizia gal baitzezakeen horregatik. Egia esate aldera, heriotza-zigorra ere aipatu zen, baina apelazioaren ondoren bertan behera geratu zen oraindik ere divino markes jainkotiarrak aristokraziaren itzala eta, batez ere, bere emaztearen eta osaba abadearen diruarena baitzituen babesgarri.

      Eskandalu handi samarra izan zen, ordea, markesak eskainitako pastillak irentsitako señoritak urdail-hesteetako minak sentitu zituztenean pozoitu egin zituztela salatu baitzuten, nahiz eta ez eman agerpenik horiez gain beste eraginen bat izan ote zuten beren libido berez arin eta kilikagarrian. Sodomia ez zen apenas aipatu arriskua baitzen, eta zigorrak alde batera, señorita kaskarinengana, zein bestera, markesa eta haren morroiarengana, iritsi zitezkeen berdin-berdin.

      Markesaren kontu horiek haren beste istorio askoren arteko batzuk besterik ez dira, baina markesak bezalaxe beste hainbestek ere Espainiako euliaren zerbitzuak erabili zituzten beren abenturetan. Beste zeregin handirik ez, nahikoa diru eta sexua astintzeko gogoa zuten hainbat printze eta agintarik piztia haragi-berpiztailearen hautsarekin egindako kutixiak erabiltzen zituzten beren gizatasunak ez zezan buru-makurtze edo galerarik izan. Eta halaxe izan omen da orain dela gutxi arte.

      Jaki afrodisiakoetan osagai izan omen da hauts berdea; halaxe, dawamesk gantzetan (hashisharekin eta arbendol xehatuarekin egindako ore edo gurin antzekoa ) edota ras al hanout espezie-nahasi berezietan.

      Marokon duela gutxi (1990 inguruan) debekatu dute piztia haragi-piztailearen salmenta.

      Horrela dira “bihotzeko” kontuak.

 

 

Piztiarioak
J.M. Olaizola "Txiliku"

Elkar, 2012