Azala eta pintura:
erramun mendibelanda
|
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Gezurrak isuriko dira nire ezpainetatik, eta tarteka sortuko da noski egiaren bat, haiekin nahastuta; zuei dagokizue egia horiek aurkitzea eta gordetzekorik ezer ba ote duten erabakitzea. Hala ez bada, nire hitzak hartu, zakarrontzira bota, eta ahaztu itzazue betiko. Virginia Woolf
Atarikoa
1928an, emakumeari eta literaturari buruzko pare bat hitzaldi emateko eskatu zioten Virginiari. Galdetu ziotelarik “Zer behar dute emakumeek nobela onak idazteko?”, seguru jokatu zuen. Ezaguna dugu erantzuna. Hurrengo urtean argitaratu zuen A Room of One's Own — Gela bat norberarena liburua, Hogarth Press-en, senarrarekin batera sortutako argitaletxean. Bide luzea zegoen artean egiteko. Ordutik hona 93 urte joan dira eta aldaketa ugari ezagutu dugu kondizio femeninoari dagokionez. Hasteko, hemen eta orain ezingo genuke esan urtean 500 liberarik ez dugunik eta, bestalde, edozein burdindegitan geurengandu ahal genuke gura beste kisket. Areago, muzinetan ibilita, aurpegiratu ahal izango genioke Woolfi bere atazak klase ertaineko intelektual batenak zirela, bere gogoetei unibertsaltasuna eta sakontasuna falta zitzaizkiela, mundu zabalean emakume idazle asko geratzen delako berak diseinatutako espaziotik kanpo. Guztiarekin ere, galderak —nolakoa behar lukeen norberaren sorkuntza-eremuak— indarrean dirau idaztearen ofizioa aukeratzen duen edozeinentzat. Jarraian datorrena da afera horren gainean egin dudan teorizazio-jolasa.
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena |