Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022

 

 

6. Artxibategia

 

      Nahiz eta sistema teknologikoak eskuragarri izan, oraingoz paperean gordetzen dugu gehiena. Gelan kaosa saihestuko bada, beharrezkoa da artxibategia txukun izatea. Kronologikoki jagondako informazioak berebiziko gakoak emango dizkigu nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko.

      Nire artxibategiko karpeta nagusiak etiketa hau luzitzen du: Identitate poetiko bat norabide. Nomenklatura hantustea nire jardunaren nondik norakoak deskribatzeko? Identitate poetiko bat norabide esatea edo Neure gelarantz esatea gauza bera da, gela ditxosozkoak dimentsio espaziala gainditzen baitu beste hau ere izeneztatzeko: ahots bat norberarena.

 

      6.1. Identitatearen bilaketa eta autoerretratuaren esanahia. Kristalezko emakumea. Kaierdun eta kapeladun emakumea. Emakume katuduna.

      Nire idazkera osoan dago presente neure burua definitu, onartu eta gobernatzeko ariketa. Uste dut nitasunaren autoafirmazioa norbera denaren, norberak izan nahi duenaren eta norberarengandik izatea itxaroten denaren arteko tentsioei emandako erantzuna izan dela.

      Aurkezteko era gizendu egin da denborarekin, gaztetako kristalezko emakumea ikuserrazago bihurtzeraino (eta ez nuke ukatuko hasieretako gardentasun-irrika hark zerikusirik ez zeukanik literatur sistemaren barruan toki bat konkistatzeko zailtasunarekin: idazten hasi nintzen garaietan, emakumezkoen literatura subalternoa zen, ezen lehenengo posizioan narratzaileak zeuden eta, ondoren, poeta gizonezkoak). “Kristalezko emakume izan nahi dut” (1) esaten zuen hura, noraezean dabilen fantasma baten antzeko neska etereoa, beste honetara aurkeztuko da urteak geroago: “Emakume kaierduna naiz, / badakizu nor: hondartza gurmatsuan zure inizialak idatzi nahi lituzkeena (...) Emakume kapeladuna naiz, badakizu nor (...)”

      Orain bi ezaugarrik ematen diote ikusgarritasuna: kaierak (emakumea idazlea da jada besterentzat ere) eta kapelak, memoriaren ikurrak, sormenaren motorra den oroimenaren metonimiak. Kaiera eta kapela dira kristala ordezkatu duten identitate-markak. Hauskortasunak eta mesfidantzak tokia utzi diote emakume helduaren patxadari, halako eran non emakume horrek bere errenuntziak eta lorpenak, galerak eta lotsaizunak onartuko dituen ikuskizun batean piezak galdutako txotxongiloak legez.

      Idealismo enigmatikoaren tokian, ironia. Alabaina, burujabetasuna aldarrikatzen jarraitzen du eta ez ditu bazter uzten erronkak: “Ispiluak ditut azalean: / nire trakeak badu izan bere mintzoa. / Ez du balio fedea galtzerik. / Zehatz jo du, tai gabe, urrunago igeri egiteko orduak.”

      Batzuetan, autodefinizioa ukaziotik dator, beti ere esanguraz bizi izan denari helduz eta norberarentzat lehentasuna dena babestuz: “Ez naiz beltzarana, ez naiz liraina, ez naiz argia, ez naiz gaztea, ez naiz ahalduna, ez naiz zangarra, ez naiz, ez naiz, ez naiz aingerua, ez naiz deabrua, ez naiz ezer ez bada bizi izan naizena, oroitzen dudana, eta neure izena, izan nahi dudana.”

      Edo etor daiteke historiaren, politikaren, artearen, zinearen nahiz erlijioaren erreferenteekiko konparaziotik: “Ez dut nahi izan Aurore Dupin, idazten jardun inork niretzat pianoa jo bitartean. Ez dut nahi Mesalinaren antzik, ezpaten andrearen zipitzik. Ez Magaren taxurik, eta Horaciorekin topo egin zubietan, ez dudalako nahi haur beragatik egin negar, haur beragatik egin barre. Ez dut izan nahi Teresa Calcuttakoa, maitatuz gurutze bat non iltzatu esku betihuts hauek bankuko kartillekin batera. Ez dut nahi Kareninaren antzik...” (5)

      Azken aldian, berriz, beti bezala bere bakartasunean agertzen da emakumea baina beste konpainia batean, beste adin baten atarian: “Hemen naukazu, / fereka-txandan hiru katuokin / eta denborari joaten uzten / berriz dantzara atera barik, uger egin barik / irlaraino, trikimailurik asmatu barik / zu Hiperborean kartzelatzeko. // Aspaldi esan nuen beste bat ari nintzela bilakatzen. / Ez al zen egia?” (6)

      Horrelako autoerretratuen arrazoia zein da, nartzisismoa? Ez, beste bat da esanahia: norberaren burua analizatzea, norberaren irudia eguneratzea, eta bai esparru pribatuan eta bai esparru publikoan norbera zelan ikustea nahi den berrestea.

 

      6.2. Eguneroko testuinguruan txertatutako idazkera. Hasi hondartzatik, ezkaratzera; eta ezkaratzetik, bulegora; bulegoa utzi, ortura gero; ezin zerurik espero.

      Hasierako ahotsa, itsasondoan kokatzen zena —eszenatoki biografiko erreal eta horizonte ezezagun—, halako batean aldatu egin zen hirira eta zereginen zamak oztopatu egin zion sormenari hegoak ematea.

      Testuinguru horretan, logikoa gertatu behar sukaldearen bindikazioa. Disparatea dirudi gure garaiotan? Ez, batetik, eguneroko gauza konkretuen balioaz ohartzeko tokia delako; bestetik, ez delako zerbitzu-gune hutsa, sormen-gunea baino: poeta sukaldean jarrita dago makarroiak egosi bitartean eta arbola bat hazten zaio. Arbola hori subjektu lirikoa da: sustraiak ilunpean sartuta ditu —memoria biografikoan eta munduko errealitate bilduezinetan— eta aldi berean gorantz egiten du ideia baten bila; arbola gardena da —mezua zintzoa—, alde guztietara so dagoena eta alde guztietatik ikus daitekeena; baldosan iltzatutako arbola da, toki ezagunean geldirik, leku anonimoetan jitoan ibiltzetik salbu; adar-hostoetan mugagabe birjaiotzen den arbola da, hizkuntza ere bere mezu mugagabeetan birsortzen denez gero; bere formari esker bere espazioari forma ematen dion arbola da; hitzei bularra ematen dien arbola, emakumearen ahotsaren elikagarri: “Erdigunean hazten naiz, arbola gardena baldosa batean. / Baldosapean leize bat hedatzen da, / mintzairaren zeinu zurtzak negu-lore dituen desegitura. / Mataza bat gomutarazten dute, pintore baten kapritxoa. / Haizeak burua eztitzen badit, / sustrairen bat azaleratu eta gora egiten dit altzora, / bularra eman diezaiodan. / Sukaldeko isiltasun goizekoa. / Fertilitatearen geografia.”

      Sukaldearen birkonkista semantikoa da xedea: sukaldea ere izan liteke gela bat norberarena.

      Eta sukaldearen pareko, ortua, ezkutaleku samina bezainbesteko habia gozoa, lurra gobernatu-emankortasuna gobernatu binomioaren erreinua. Eta hantxe beste arbola batzuk, hala nola palmondo beldurgarria, erraldoi autista baten tamainakoa: “Luze hitz egin behar dut nire palmondoarekin. Edonork ez dauka-eta palmondorik. Edonork ez dauka, ez, aurpegi biko paturik, bata lekukotza dena, eta bestea, mehatxu.”

 

      6.3. Emakume subjektuaren gorputzaren kontzientzia. Desinstrumentalizazioa, metamorfosia eta urrutiramendua.

      Emakumearen gorputz erreala deskribatzea kontsumo-gizarteak sustatutako prototipo estetikoen kritika egiteko modua izan dut: “Haragi horretako zeluletara ez da sekula iritsi / konparazio hitzaren oihartzunik. / Haragi horrek onetsi egiten ditu bere pitzadurak, / fetuen bolumenak utzitako labirintoak, / gernuaren erantzun anonimoak / koipe-soberakinak. / Haragi horretan ez dago birus maltzurrik sorgor, / ez baita sentikorra ispiluekiko.

      Deklarazio horrek haurdunaldiaren eta erditzearen osteko seinaleak ere integratzen ditu, amatasunarenak. Hala ere, erditze-minak beti ez dira haurgintzakoak. Badira metamorfosiaren premiak eragindakoak: “Laguna: / elorrioak ikusten ari naiz. / Hegoak dauzkat jaiotzen eta loka jarri didate egitura. / Hortzen kirrinka da erditzearen melodia, aizaroan

      Hegoak jaio aurreko ikastaroa ez da anbulategian egiten, emaginekin; bai baina andra-maestrek seinalatutako morfemak edanda: “Ideiak letraz letra eratzean, egiten zait / meteorito batez erditzear nagoela: / deseraiki, ezjabetu, ezmaitatu, desikasi. / (...) Metamorfosiaren mirariak hizkuntzan du iturria”.

      Nire idazkera gorputzean inskribatuta dago, hainbesteraino non, gorputza sorgor dagoenean, paisaian proiektatzen baita azal, hezur, plasma, hortz nahiz konjuntiba gisara. Urrutiramenduaren bidez, baliokidetasuna sortzen da gorputzaren orografiaren eta erresilientziaren bidaiaren artean: “Betazalaren dardararekin sartu. / Egunen hazia arnastu. / Zimurrei behatu: / maite diren tokiak biltzen ditu urrunak.”

      Nire corpus idatziaren zati handia, nire gorputz idatzia.

 

      6.4. Desioaren esplizitazioa: “Deitu Plaisir, nire perfumea bezala”. Alegoriatik errealismora, onirismoa lagun.

Desioaz idaztea tabuei uko egiteko modu bat izan da, isiltasun ezarriak hausteko transgresioa.

      Erotismoa, haragiaren zoriona, nabarmena da corpusean.

      Poema zaharrenetan alegorizazioa zen nagusi: orgasmoa “gure gorputzen erbestea” zen; eta “kamamila eta esnezko sexu-ahoak”, emearen eta arraren fluidoak adierazteko eufemismoak. Gorputzen topaldiaren aitzakia, maitasun abegikorra.

      Hurrengo urratsak errealismora jo zuen, sexu-eszenek testua bera ere biluzteko eskatu izan balidate bezala, apaingarriz zenbat eta gabetuago, indartsuago: “Euria ari zuen nire klitori gainean. / Zure hatz marroiak nire baginan, / udagoieneko adar zurrunak (...)”.

      Begiratu orokorra emanez gero, sentsualtasuna igortzeko indargarriak, hauexek: fruituak eta landareak, animaliak, koloreak, aipamen fisiologikoak (bagina, ezpainak, klitoria...), jariakinak, sentimenei leku egitea, batik bat ukimenari eta dastamenari, hedonismoaren bidetik. Halaxe, plazeraren euforia kantu pagano gisa emateraino: “Parentesi bat nire gorputza / argibideak onartzen dituena / berrogeita zazpi urteko turmix bat da nire bihotza / kalatxorien moduan miau egiten dut / neure ezpainak haztatzean / part jaurti ditut portura zapata burdinkarak / ez zaitut nahi full time ez nahi nahi full time / soilik you yoy you (...)”.

      Zer ematen dio poesiak bizitzari? Oroimena egonkortzeko aukera. Momentuak erretratatzeak iraunkor bihurtzen du, neurri batean behintzat, berez iheskorra dena.

      Esperientzia erotikoaren planteamenduan eragin nabarmena izan du onirismoak. Zenbanahi amets zorabiagarri: leihotik sartutako basapiztiarena, oheak hartutako uholdearena, fantasma batek erdi lotan egindako bisita.: “Agur esatera etorri zara, badakit. / Besaulkian erdi lotan atzitu nauzu. / Bularrak estutu dizkidazu. / Bekokia laztandu didazu. / Ezin nik begiak ireki. / baina zirimiria begitandu zait, petalo zuriak. / Galdetu dizut, Zeu zara, ezta? / Eta aienatu egin zara. / Beti bezala jadetsezin. / Eta barkabera.” (15)

 

      6.5. Amodioaren balantza akastuna.

      Edo amodio idealizatutik desamodiora, desamodiotik isilpeko amodiora, isilpeko amodiotik amodio grinatsura, amodio grinatsutik amodioaren husminera... Eta beti eskarmentuaren eta zuhurtasunaren eta bihozkaden eta zentzunaren arteko kontraesanak baketu nahian.

      Maitasunari hainbat ikusmiratatik begiratu diot: hausturaren beldurrez, adorazioz, galdutako amodioarekiko nostalgiaz, norbanakoaren defentsari kontrajartzen zaion batasun-irrikaz... Ikuspegiak aldatu arren, bestearekin elkarrizketan aritzeko egarria, errealitate bat partekatzeko gogoa, konstante bat izan da.

      Noiz xaloa: “Gau osoa eman dut / munstroak marraztu eta marraztu. / Goizaldean, kamamila-egoskia prestatu, / dutxa hotza hartu eta langostinoak erosi ditut supermerkatuan, / itzuliko zaren ala ez jakiteke.”

      Noiz zuhurra: “Entzunda neukan zirkulua zela maitasuna: / eraztun burutu egonkor alfa eta omegarik gabea. / Baina nik uste dut maitasuna kubo bat dela, / espazioan zintzilikatua, / higidura helikoidala duela / eta ez duela onartzen inolako mugatze-deskribapenik (...)”.

      Noiz etsia: “Haren lepoak atxiki ditzake zure musu gris guztiak, / nola hareazko zeru horrek hodeiak oro, / argirik gabe, izenik gabe. / Miazkatu, laztandu, dena da urrun. / Negua, 16:00ak, zure burua haren sorbaldan, / uste onik gabe, barrerik gabe (...)”.

      Noiz tragikoa: “Algak eta lastoa jan zure bularretik, / hatz bat nire zilborrean duzula / galga txiki bat lez, itsu-makila bat lez, arkatz bat lez. / Ahal banu lo egin eta zu gorde, abestu eta igeri egin aldi berean (...)”.

      Noiz herratsua: “Zergatik begitantzen zitzaidan / beti etortzen zinela esku hutsik? / Hustasun hori zabaldu egiten zen / bere dekoratuan atxikitzen ninduen / hormako paper bat bezala (...)”.

      Noiz obsesiboa: “Betazalak busti ditut WCan, zu ezabatzeko: itsatsita zauzkat zeluloide errea bezala (...)”.

      Noiz errenditua: “Ez zaude jada. / Supermerkatuko otarrainxka-paketean / Cocidos etiketaren ordez Covid-2 irakurri dudanean (...)”.

      Balantzaren plateretan, maite-garra eta maite-negarra. A zer tabarra!

 

      6.6. Giza sufrimenduaren epika isila: “Ni ez naiz inor zuek nik ahotan hartzeko”. Hala ere, “Esna zaitez, itzar zaitez, Debora”.

      Israelgo epailea izan zen Debora biblikoa, Efraimen lurraldean sententziak ematen zituena palmondo baten azpian... Capisci la parodia? Harengana jotzen zuen herriak auziak ebazteko. Izenak “erlea, langilea” esan nahi du.

      Nire poesian ez da memoria kolektiboaren edo herri-memoriaren defentsarik; ez da status quo-aren ajeak salatzeko zaratarik; ez da identitate nazionalaren gaineko buruhausterik.

      Justiziaren alde eskuak gehiago lohitu ez izanaz lotsatzen denak elkartasun isila du arindura albistegiak ikustean: “Gerrako haurtxo beltz bat / ama hilaren titia miazkatzen ari zen. Ilezko korapiloa egin zitzaidan eztarrian. // Ez zait ahaztuko, esneak sujetadorea umeldun zidan eta.”

      Hobe isilik demagogiari etekina atera baino.

      Dena den, problematizatzen ditu munduaren disfuntzioak: migrazioak, mugen itxiera, gatazka belikoak, desarrollismoa, indarkeria matxista, krimen ekologikoak...

      Horregatik galdetzen du noraino iristen den norberaren kontzientzia. Ba al dago itxaropen-papurrik Pandoraren kutxan?: “Ganbaran zentauro zauritu bat / besterik ez zaigu geratzen, ezein balentria gauzatzeko ezgauza. (...) Carpe diem gasezko batean disolbatzen ditugu pinpilinpauxa-diseinuak eta suge-azalen mudak ideal usatuen herabez (...) Hautsa gara eta hauts bihurtuko gara (. ) zabor digitalezko zorroak, / bizkarra makur aurpegia ikus ez diezagun / behatxulotik so dugun kartzelazainak.”

 

      6.7. Heriotzaren itzala: requiemak. Gorputza gorpu eta gorpua errauts.

      Poeta gazteak bazekien heriotza hor nonbait bazebilela eta bere hats mehatxukorrari izkin egiteko, oraina gurtzea zela irtenbiderik logikoena.

      Baina heriotzak ama jo zuenean, ezinezkoa izan zen ertzetik begira geratzea.

      Requiem bat amaren alde.

      Alabak gaixoaldiaren, heriotzaren eta doluaren kontaketan kordatu zituen mina, errua, damua eta umezurztasun-sentikera: “Larunbatero joaten naiz kanposantura. / “Egun on”, esaten diot, “neu naiz, inurria”. / Lixaz karrakatzen dut euriak erdituriko liken horizta. / Etzan, eta marmolezko izenak musukatzen (...)”.

      Alabak amaren autobiografia imajinatu zuen, gorpu hiztun bat, hilobitik lekukotza ematen. Eta biografia ere bai, pixeletan. Eta bi-bietan —hileta-kantan eta omenaldian— umore-zipriztinak, pena goxatzeko isipua.

      Alabak momifikazio-prozedura bat ere saiatu zuen, inmortalizazio-taktika bat betiereko agurrari aurre egiteko.

      Requiem bat maite-lagun ohiaren alde.

      Hara hor ba beste arrakala bat munduarena: “(...) Hainbeste ibili beharra / hezurren labirintoan barrena. / Hainbeste alfer-erretura / zure hausterrea haizetan dela (...)”.

      Nire artxibategian kuxkuxeatzen duenak topatuko ditu denborak sekula irentsiko ez dituen hildakoak.

 

 

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022