Azala eta pintura:
erramun mendibelanda
|
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
4. Argiztapena
Norberaren gela argiztatzeko orduan, beste edozein gela argiztatzerakoan aintzatetsiko genukeena izango dugu kontuan. Formula bakarrik ez dagoen arren, argi-iturri guztiek elkar konplementatzea litzateke ideala, harmonia sortzeko moduan, baina ez gehiegi, ez dadin sortu erlaxatzeko girorik. Dena den, bakoitzaren esku dago egokien deritzon argi mota espezifikoa lortzea. Nire diseinuan, bereiziko nituzke:
4.1. Argi naturala edo poesiaren definizio partikularra. Poesia sare antzeko bat da, gugan eragina duten zerak harrapatzen saiatzen dena. Poesiak balio zibiko eta morala dauka, ez iraultzailea, baina bai kontzientziari eragitekoa: ez dugu federik garaipenean, baina bai utopiaren partidan jokalari izatearen konbentzimendua. Poetak ezingo du gizartea aldatu, baina banakakoen belarrira jotzen du, galdez. Utopiaren partida, niretzat, humanismoaren erronka da, giza balioak modu integralean orobiltzen dituen jarrera. Poesiak badu izan transzedentziarik gure misterioen oihartzun joan-etorrikoa delako.
4.2. Sabaiko argia edo poesiagintza. Gela hau lanerako da eta lanak hiru jardunbide ditu: egituratzea, esperimentatzea eta konkretatzea. Poesia, hitzekin eginda egon arren, ez da hitzez bakarrik egina. Idazkuntzaren bitartez, pentsamenduak, sentimenduak, emozioak, oroitzapenak, motibazio ideologikoak eta beste ordenatzen ditugu (hamar minutu lehenago zer esatera goazen ez badakigu ere). “Zerbait” sentitu dugu —bibrazio fisiko, intelektual, afektibo, espiritual edo morala— forma ematera bultzatzen gaituena. Forma ematea da bibrazio hori molde finko bati jarraitu barik adierazteko moduak probatzea. Formak eskakizun ditu kokapena, erliebea, neurria, kolorea eta irudia. Poema bakoitzak behar duen garapen luzeago edo laburragoaren ondoren, zehaztea dator. Motzean esanda: gaia aukeratu, hizkuntzarekin koordinatu eta estilo propioa emanez itxi.
4.3. Flexoa, fokupera etortzen zaizkigun gai errepikariak malgutasunez hartzeko.
4.4. Linterna, tiraderan, itzalaldia suertatzen denean irri-mirrika xuxurlatzen: “Poetak arriskuak hartu behar ditu, estropezu egin, muturrak hautsi edota apustua galdu arren: poetak dadotan jokatu behar du bidegurutzeetan”.
4.5. Kandela, apal gogorarazten didana: “Poetak zabalik eduki behar ditu zaurien ertzak”.
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena |