Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022

 

 

1. Gela bilatzeaz

 

      Ez da erraza aipatzea bakoitzaren poetikan eragina izan duten gertaera, bizipen, irakurketa eta abar guztiak. Denak dira airera jaurtitako bengalen gisakoak, toki zuzenera iristeko gidari, beti ere toki zuzena norberaren tokia dela ulertuta.

      Eta zein toki da hori, nire kasuan?

      Oinarrian, niaren tokia. Niretzat ezinezkoa da “ni” esan barik berba egitea. Batzuetan, izenordain unitarioa da, trinkoa; bestetzuetan, plurala, beste norbanako batzuen partaidetzak ere osatua. Ni hegemoniko bat da, bere balizko proiekzioei arreta egiten diena baina inoren proiekzioen eleduna ere badena.

      Bestalde, memoriaren tokia da, jakinik subjektibitateak eraikitzen duen errelatoa inexaktoa, iruzurtia eta zatikatua dela, eta bertan materializatutakoa apailatu egingo dugula lortu nahi dugun efektuaren arabera.

      Horrenbestez, nia eta memoria aipatze hutsarekin, eremu atzemanezin eta amaibako batez ari garela aitortu beharra dago, bi kontzeptu horietan baden eta ez den guztia sar daitekeelako.

 

 

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022