Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022

 

 

8. Berokuntzaz: gela-lagunak

 

      Negu gogorrak kuku egiten duenean, zelan berotu gela? Leihoetan zinta isolatzailea eta gortina alaiak ipinita eguzkiaren argia bil dezaten. Edota behegaina alfonbraren batekin estalita (bidenabar, apaintzeko ere balioko baitu). Estufak ere izan daitezke alternatiba bat. Eta baita hormak liburuz eta koadroz betetzea ere. Aukeran, beheko sua. Eta ahizpek egindako orratz-lanak?

      Berba polita da ahizpa; ederra latinezko soror; berba biak arrimuaren adierazle. Eta arrimuan egotea epeletan egotea da: portamolde praktiko, etiko, estetiko eta politikoa da ahizpatasuna.

      Alaba bakarra naiz, odoleko ahizparik ez daukat. Ordea, esan dezaket baditudala lau ahizpa klase, eta lau kategoria horiek ez direla esklusibistak, ezta eskluienteak ere.

 

      8.1. Ahizpa adiskideak. Neure memoria osatu, eta neure izaera eta oraina interpretatzen eta eramaten laguntzen didatenak.

 

      8.2. Ahizpa lankideak. Langintza honetan konplize ditudan emakume idazle, editore, kritikari, ikerlari, artista, irakasle, pentsalari edota kazetariak.

 

      8.3. Ahizpa sororak. Feminismoaren sinesbideetan aurkitutako emakumeak, historian zehar patriarkatuaren interesek gure artean zabaldutako lubakia lautzeko prest daudenak eta emakumeon adierazpideak fribolizatu edo gutxiesteko asmatu izan diren metodo sofistikatuak bereizten dakitenak: “(...) asko gara batuta gari-azao berean (...)”

 

      8.4. Ahizpa pospoloak. Beroa eman ez ezik, atzamar-puntak erretzen dizkidatenak: Ellen Ripley tenientea, Lucy Westenra (Drakularen amorantea), Wendy (Peter Panen laguna), Xerezade, Forugh Farrokzad, Marguerite Yourcenar, Bronte ahizpak, Mary Shelley, Andre Maria Birjina, Martija de Jauregi emagina, Milia Lasturkoa eta Emily Dickinson, Maria Frantziakoa trovairitza eta Bizenta Mogel, Kasandra iragarlea, Ayla crogmagnona...

      Hainbat mendetako eta hainbat afizio eta ofiziotakoak... Erreginak edo damak: Lady Godiva, Filomela, Hatshepsut, Ofelia, Dido, Victoria erregina, Pandora, Leda; santak eta martiriak: Ageda, Filomela, Rita Casciakoa, Skolastika, Brigida, Margarita Antiokiakoa; Joana Zortzigarrena “aita santua”; jainkosak: Atenea, Nereidak, Draupadi; aktoreak: Doris Day, Maureen O'Hara; dantzariak: Isadora Duncan; sendatzaileak: Henriette Faver; artista plastikoak: Mary Blair, Aleah Chapin, Sophie A. Gengembre, Ende, Timarete, Ana Mendieta, Isabel Baquedano, Clara Peeters, Eva Gonzales, Marie Bracquemond, Julia Margaret Cameron, Eulalia Abaitua; idazleak: Dorothy Parker, Colette, Christina de Pizan; soldaduak: Katalina Erauso, Jeanne d'Arc, Mulan, Anne Bonny; bidaiariak; Isabelle Eberhardt; pentsalariak: Flora Tristan, Concha Arenal; zientzialariak: Rachel Carson; obrerak: Amelia Maggia, Grace, Margaret Atwood; ama, T., A., R...

      Azken batean, emakume erreal eta fikziozkoen katalogo oso bat. Aitzindariak nor bere alorrean, eredugarriak eskubideen defentsan edota funtsezkoak gure imajinarioaren eraketan, celebrity sorta hori (beste bat ere izan zitekeen, posibilitateak infinituak baitira) gure genealogia femeninoaren partaide da, haien alegiazko erretratuetan hainbat bizitzaren lirika, epika eta dramatika kiribiltzen direlako.

      Ahizpa guztiak gela-lagun, kontu-kontari dabiltzanean, kanpoan geratzen da hotza.

      Berandu eta azaletik iritsi naiz feminismora, baina kontzientzia feminista betidanik izan da nire lanetan:

      a) Etxeko emakumeen ikasbideak modu kritikoan juzgatzean.

      b) Protagonistak eraikitzean: ez dute izan nahi heroi tragikoak; eraldaketak jasaten dituzte; ez dira lauak beren patua norabidetzeko orduan.

      c) Mitoak berrikusi eta gaurkotzean, ezin egokiagoak direlako kezka batzuk adierazteko: ahizpatasuna, parasitismo sentimentala, independentzia emozionala, kultura eta bakegintza, sormena bizitzaren justifikazio bezala, erlijioa biktimario gisa, absolutuaren bilaketaren alferra, betebeharren kontzientzia, amodio erromantiko toxikoaren kritika, zaintza, herri-jakituriaren estimazioa, erretiroa gotortzeko estrategia bezala, kultura klasikoaren pedagogia, botere-jokoei buruzko hausnarketa, eta emakumearen eta izadiaren arteko harremana edo matriarkalismoaren ordezkapena.

      d) Emakume idazleen erreferentziak aurkeztean.

      e) Neure gela atontzen ahalegintzean.

Teoria feministak arlo asko ukitu ditu azken mendean: antropologia, soziologia, ekonomia, genero-ikerketak, ingurugiroaren aldeko aktibismoa, artea. Eta kritika literarioa ere hornitu du:

      — emakumeok idatzitako testuei arreta eskainiz eta erdigunera ekarriz (ignoratu gabe).

      — emakumeok idatzitako testuak emakumeon ikuspuntutik aztertuz; eta horretarako, identitatea, belaunaldia, jatorria, generoa, klasea, arraza, sexu-orientazioa edo beste auzi batzuk antzemateko lenteak erabiliz.

      — emakumeok ohituraz landutako generoak (autobiografia, memoriak, haur literatura.) tradizio jakin batean kokatuz.

      — balorazio sexistei erresistentzia agertuz.

      — mundu zabaleko emakumeen lanekin loturak ezarriz.

      Ez dugu atzerapausorik onartuko. Hala ere, erabil ditzagun kontsignak erantzukizunez, saihets ditzagun uniformizazioak, astindu ditzagun inertziak.

      Honezkero baten bat pentsatzen egongo da ea gela-lagunen artean fraterrik ez ote den. Izango ez da, ba, gizonik! Ongi-etorriak dira gelako atea errespetuz jotzen dutenak, gela ulertzen dutenak, gela-lagunon tertuliak estimatzen dituztenak: badakitenak feminismoa mundu zuzenago baten aldeko borroka dela. Hori bai, ez dezatela itxaron gelako giltza eskura ematerik.

 

 

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022