Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022

 

 

2. Kontratua: sei klausula

 

      Behin tokia bilatuta, hantxe geratzeko kontratua prestatzea dator. Kontratu bat akordio bat da, hainbat betebehar eta eskubide transferitzeko sinatzen dena.

      Norberaren gelarekiko ituna sei klausula hauetan laburbiltzen delakoan nago:

 

      2.1. Idaztea izatea da. Era batera edo bestera bizi izanak poetika oso bat justifika dezake. Geure bizitza irakurri eta berrirakurtzean, geure burua idatzi eta berridazten dugu. Neure idazkeran bizi naiz, izan ni gardenaren bitartez, dobleen, mitoen edo mozorroen bitartez.

 

      2.2. Idaztea eraldatzea da. Idazteak neure nortasuna garatzen laguntzen dit. Niretzat, bizitza eta idazkuntza eskutik doaz, batak bestearengan hartzen du indarra, edota galtzen: bata bestearen mendeko dira. Halaber, batasun hori beti da eratzear; alegia, etengabea eta mudakorra da.

 

      2.3. Idaztea eustea da. Esperientzia desberdinek markatutako ahotsak gara eta geure ahotsak dira desberdin egiten gaituztenak. Idaztean gai bihurtzen bagara gaitzei aurre egiteko, gai bihurtzen bagara komeni ez zaigunaren eta gure artean distantzia jartzeko, ahalduntzen ari gara.

 

      2.4. Idaztea eraikitzea da. Izatasunaren hariak txirikordatu egiten dira tapiz alegoriko bat ehuntzeko. Korapiloz korapilo, harkaitza, zuhaitza, txoria, etxea eta abar zirriborratzen ditugu bakoitzaren existentzia bezainbeste zabal daitekeen paisaia bat islatu arte.

 

      2.5. Idaztea gehitzea da. Aldi berean, bakoitzak kordondutako tapiza txatal bat da poesiagintzaren tapiz orokorrean: poeta orok bere ikuskera eransten die munduari buruzko ikuskerei.

 

      2.6. Idaztea sustatzea da. Anekdota poemak, parabola poemak, berrion poemak, edonolako poemak lantzean, geure bizipenak besteren bizipenekin uztartzeko esperantzak kinatuta jarduten dugu, hitza badelakoan besterekin katarsia eta komunikazioa gauzatzeko bitarteko bat.

 

 

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022